Aita Barandiaran: euskal antropologo eta etnologo ospetsua

Aita Barandiaran:    euskal antropologo eta etnologo ospetsua

2010-12-31

Sinesmen medikuntza eta ohiturak

Luzaroan iraun du Euskal Herriko bazter eta zokoetan ohituretan oinarritutako sinesmen medikuntzak. Antzinako usadioetan du jatorria eta duela hainbat urtetatik hona erabili izan ditugu euskaldunok sinesmen medikuntzaren barne dauden sendatze-metodoak. Gizarte honetako belaunaldi helduena osatzen duten gure etxe eta familietako zaharrenek ohitura hauetako gehienetan tinko segitzen dute eta ez dute gure historiaren parte den iragana ahantzi nahi, horregatik usantza hauen praktikan jarraitzen dute eta sinesmen medikuntzak etorkizunean luzaro iraun dezan ahalegintzen ari dira.
Ohituretako batzuk naturaren printzipioetan errotuta daude, beste batzuk erlijioaren oinarrietan sustraituta dauden bitartean. Aztura horietako batzuk noizean behin jarraitzen dira, beste batzuk sarriago eta gutxi batzuk urtean behin baino ez. Etxean dute usadioek indarrik handiena, betidanik bertan transmititu eta mantendu baitira. Erlijio guneetan ere nabarmendu izan dira ohiturak, erlijio sinesmenak gaixotasunak senda ditzakeela uste izan delako urteen joanean.
                  
Erramua baserri atarian
           
Etxean ohitura ugari erabili izan dira zorte txarrik ez izateko, gaixotasunak uxatzeko edo besterik gabe, gelako usaina hobetzeko. Esate baterako, menda belarra ohe azpian jartzen dute hainbatek, logeletako usaina garbitzeko asmoz. 
Tximistak direnean ere bada oraindik zenbait euskal etxe eta baserrietan mantendu den ohitura bat. Erramua baserrietako atean jartzen zen behinola ekaitza zenean eta espiritu gaiztoen kontra. Gaur egun, Erramu Egunean bedeinkatuta egonik, atean, leihoan edota balkoian jartzen da zintzilik erramua.
Beste ohitura bat gaixo bat egondako gelan azukrea erretzea da, honen funtzioa gela garbitzea edo aireztatzea izanik. Garai batean azukrea erabiltzen zen, ez baitzegoen koloniarik edota garestiegia baitzen.
   
-------------------------------     
                                    
Beste usadio ugari ere zeuden etxetik kanpo, gehienak leku erlijiosoetan egiten ziren eta beren funtzioa erlijioarekin erlazionaturiko sinesmenak betetzea zen.
aaaaaaaaa
“San Juan Zar”-eko ohitura
Igantzin (Bortziriak, Nafarroa iparraldea) dagoen kaperatxo txiki bat da San Juan Zar Arantzara bidean. Bertan iturri bat dago eta leize txiki bat ere. Bidasoaldeko eta Bortzirietako hainbat euskaldun bertara hurreratu izan da urtean behin gutxi gorabehera, zenbait hamarkadetan zehar. Jantzitako arropa berria bertan uztea zen usantza eta etxetik eramandako zaharragoa janzten zen itzulerarako. Bidai honen helburua azaleko gaixotasunak sendatzea edo behinik behin arintzea zen, izan ere, bertako urarekin garbitzen zen azala. Buruko min gogorrak zituztenetako asko ere hurbiltzen zen bertara.
            
San Juan Zar
              
“Santo Cristo de Lezo”-ko ohitura
Lezoko (Oarsoaldea, Gipuzkoa) Santo Cristo elizan egiten zen usadioa da. Urtero irailaren 1ean joateko ohitura du hainbatek eta hainbatek. Honen helburua “haizeak” desagertzea da. Bertan, Santo Cristo elizan, banaka-banaka apaizarengana joaten da jendea bedeinkatzera. Beste edozein min senda daitezkeen ustea dago ere. Irailaren 1ean joatearen arrazoirik ez dago.
aaaaa
Urnieta-ko San Migel ohitura
Urnieta (Buruntzaldea, Gipuzkoa) herrira joan ohi ziren aspaldian inguruko herrietako biztanleak San Migelgo jaietan, irailean. Bertan koloretako zintak bedeinkatu eta gerrian edo lepoan ipintzen dira. Kokalekuaren arabera aireetako eta eztarrirako balio dute.
 
-------------------------------
              
Erlijio eta paganismoari loturiko beste ohitura batzuk ere baditugu Euskal Herrian. Gaixotasunei aurre egiteko sinesmenez baliatzen gara egun hauetan. 
            
Otsailaren 3an, Kandelario egunaren ondoren, San Blas eguna ospatzen da. Euskal Herriko herri gehienetan mantentzen da bedeinkazio bereziak egiteko ohitura hau, Eibarren, Elgoibarren eta Abadiñon esaterako.
Ohitura hauxe da: eliza inguruetan kokatzen diren saltokietan gozokiak, opilak, erroskilak eta kolore desberdinetako hari berezi batzuk erosten dira, “sanblasari” izenez ezagutzen direnak. Apaizak bedeinkatu eta gero hariak eta jateko gauzek aparteko indarra omen dute eztarriko minak eta gaixotasunak aldentzeko. San Blas hariak bederatzi egun pasa eta gero erre egin behar dira gaitzarekin amaitzeko. Kandelario egunean hasi eta inauteriak
arte etxe askotan tostadak egiten dira.
                                                     
San Blas opilak eta sanblasariak
                 
San Juan bezperan, ekainaren 23an, Euskal Herrian, munduko beste txoko askotan moduan, udako solstizioa ospatzen da. Urteko egunik luzeena eta gaurik laburrena da eta San Juan Sua egiteko usantza dago, espiritu gaiztoen aurka. Ohiturari jarraituz, jendea suaren inguruan batzen da  gaizkia eta gaixotasunak aldendu nahian eta horretarako suaren gainetik salto egiten dute. San Juan gauaren protagonista sua da. Mendez mende, magia pixka batekin, belaunaldiz belaunaldi hedatu den ohitura da.
Euskal txoko askotan honakoa abesten da gainera:
“San Juan, San Juan, heldu da,
sorgin begia galdu da,
bada galdu bedi,
sekulan agertu ez baledi!”

-------------------------------
                          
Gaurko eguna, Gabon Zahar eguna, oso egun berezia izan da betidanik Euskal Herrian, urteko azken eguna dela eta. Urteari agur esateko modu asko daude, baina tradizio handiena duena abestuz egitea da. Ohiturari jarraituz, aurten ere Bortziriak, Oarsoaldea eta Bidasoaldeko herritarrak euren herrietan ilunabarrean elkartuko dira eta kalez kale kopla zaharrak abestuko dituzte. Jendea baserritar erara janzten da eta kaleetan barrena kantari ibiltzen da. Gaixotasunekin zerikusirik ez duen arren, aspalditik egiten den usantza da, urteberriari ongietorria egiteko.  
             
Irun eta Hondarribia (Bidasoaldea), Oiartzun (Oarsoaldea) eta Bera, Lesaka, Igantzi, Arantza eta Etxalarreko (Bortziriak) herritar anitz ibiliko dira gaurkoan ere usadioari eutsiz. Herri bakoitzak bere ohiturak ditu eta horren arabera, bakoitzak bere modura abesten ditu kopla zaharrak. Normalean, baina, urte zaharra ospatzeko “Dios te salve” kantari ibiltzen dira eskean atez ate. Ohiturazko abestiari kopleroak ematen dio hasiera eta ondoren taldeak jarraitzen dio. 
                        
“Dios te salve, ongi etorri,
gabon jainkoak diela,
legiarekin kunpli dezagun,
Urteberriaren bezpera.”
       
Jarraian dauden Irun (Gipuzkoa) eta Berako (Nafarroa) hiru bideo hauetan ikus dezakezue zeinen ohitura polita den Gabon Zahar egunean kantuan ospatzen den hau.

          

       
           
Bertso mota berezi hori geroz eta gutxiago abesten da. Dena den, zenbait jaiegun edo bezperetan, Santa Ageda Egunean eta San Nikolas Egunean, esaterako, kopla zaharrak abesten dira eta galdutako ohitura berreskuratzeari ekin diote herrietako talde askok.
Garai batean, baita Erdi Aroan ere, gaurko egunez, gazteak etxerik etxe joaten ziren etxekoei jaia ongi igaro zezatela desiratzen. Koplak abestuz, diru pixka bat, arrautzak, txistorrak, olioa, lukainkak eta bestelako jakiak biltzen zituzten eta ondoren afari eder bat prestatzen zuten urtea behar bezala agurtzeko. Gaur egun jaki beharrik ez dago, baina bai ohiturei eusteko beharra.
            
         
Urteberri on!
           
             


2010-12-30

Kolesterol gehiegizkoa, loditasuna eta haizeak

Kolesterol gehiegizkoa
                
Onuragarriak: Mediterraneoko dieta: irin osoko ogiak eta bihi osoko laboreak, batez ere oloa, eta lekale lehorrak; koipeki osasungarriak, gehienbat monoinsaturatuak (oliba olioa) eta omega-3 motakoak (arrain urdina: sardina, antxoa, izokina, txitxarroa eta abar). Elikagai antioxidatzaile askoko jangaiak (frutak, barazkiak, fruitu lehorrak) eta flabonoide ugari dutenak (tipula gorriak eta horiak, sagarrak, aza, tea, mahats beltza, muztio beltza, ardo beltza eta kakaoa). Niazina askokoak (B3 bitamina): arraina, kakahueteak, irin osoko ogiak eta bihi osoko laboreak, lekaleak, ahuakatea, esparrago edo zainzuriak eta abar.
             
Kaltegarriak: Koipeki saturatu asko duten jangaiak (gaztak, gurina, esnegaina, hirugiharra, hestebeteak, txerri gantza, mantekatuak, kokoa eta abar). Trans koipeak dituztenak (margarina, gozo industrialak).
          
Beste jakingarri batzuk: Erretzeari utzi behar zaio, eta maiz ariketa fisikoa egin. Bihotz-hodietako gaitzen beste arrisku faktore batzuk ere kontrolatu egin behar dira (diabetesa, loditasuna eta abar). Estresa eta larridura hobeto eramaten ikasi behar da.
                     
Mediterraneoko dietako elikagaiak
                
Loditasuna
           
Onuragarriak: Mediterraneoko elikadura askotariko eta gozoa edo antzekoa izatea (Atlantikokoa, Japoniakoa). Ez geratu lehen platera jan gabe, horixe baita Mediterraneoko dietaren oinarria. Kaloriak neurrian hartu, baina erabateko debekurik gabe. Jan arrain urdina astean hiru aldiz gutxienez, eta hartu kaltzio askoko jangaiak (esneki gaingabetuak edo erdigaingabetuak eta abar). Jan irin osoko ogia eta zuntz naturak askoko jangaiak. Karbohidratoak, gluzemia tasa apalekoak (lekaleak, pasta, fruta). Hobe da egunean lau edo bost otordu txiki egitea.
             
Kaltegarriak: Bizkor argaltzeko elikagai gutxiko dieta mirarizkoak. Orekarik gabeko dietak. Baraualdiak. Edari alkoholdunak, koipeki saturatuak, omega 6 koipeki poliinsaturatuak, trans koipeak. Gluzemia tasa handia duten karbohidrato askoko jangaiak (glukosa, eztia, berahala egiten diren patata pureak, azukrea, gozokiak, ogi zuria, irin zuriz eginiko produktuak eta abar).
            
Beste jakingarri batzuk: Loditasuna gaitz konplexu eta faktore askokoa izan liteke. Bihotz-hodietako gaitzak izateko beste arrisku faktore batzuk baldin badaude (tentsio altua, kolesterola eta abar), kontrolatu beharra dago. Urteetan pisua bat-batean hartzeak eta galtzeak arriskuan jartzen du bizia.
Helburua ez da pisua galtzea, baizik eta pisu egokian irautea, eta horretarako dietek ez dute balio: bizimodua aldatu behar da. Ahaztu gorputzaren perfekzioak eta horrelako obsesioez. Lehentasuna osasunari eman, ez zure irudiari.
Kontua, zer jaten den baino gehiago, zenbat mugitzen zaren da: egunero ariketa fisikoa egin behar da, 45 minutu eta ordubete bitartean arin ibili. Ez erabili ohituragatik autoa, igogailua, eskailera automatikoak eta abar. Larridura, estresa edo autoestimu apala baldin baduzu, egin zerbait.
                    
Loditasuna
              
Haizeak
             
Onuragarriak: Zenbaiten arabera, janaria baratxuriarekin eta jengibrearekin laguntzeak gutxitu egiten ditu haizeak. Tradizio fitoterapikoak dioenez, honako hauek belar karminatiboak dira, hau da, haizeak botatzen laguntzen dutenak: anisa, kuminoa, mihilua, menda –infusioan hartu-.
              
Kaltegarriak: Bitxia da, baina haize gehien sortzen duten jangai guztiak, gainerakoan, oso osasungarriak dira. Hona hemen lekale batzuk, hasi haize gehien sortzen dutenekin eta gutxien ematen dutenekin bukatu: babak, soja, garbantzu edo txitxirioak, babarrunak, dilistak. Hauek ere haizeak sortzen dituzte: gurutzedunak (azak, azaloreak, Bruselazak eta abar), tipulak, orburuak, ahuakateak eta piper berdeak. Laktosa ezin jasanez gero, esneak haize asko du. Hauek haize pixka bat dute: berenjena edo alberjiniak, meloia, sandia edo angurriak, azenarioak, sagar gordinak, bananak. Bikarbonatoak eta beste antiazido batzuek ere sortzen dituzte haizeak.
                  
Beste jakingarri batzuk: Normal-normala da haizeak izatea. Dietan hidratoak eta zuntza dagoen bitartean –eta hori oso osasungarria da-, eta hesteetan bakterio onuragarriak dauden bitartean –hobe dugu horrela segitu-, miraria izango da haizerik ez izatea. Haize gehien sortzen duten jangaiei erreparatzen badiegu, konturatuko gara denak osasungarriak direla. Arazoa mina denean sortzen da. Haize iturri handiena kanpotik datorren airea da; %60 jatean harturiko airea da, eta zenbat eta urduriago egon, orduan eta gehiago irensten dugu. Erretzeak, txiklea mastekatzeak, gozokiak miazkatzeak eta abarrek erraztu egiten dute airea irenstea. Komeni da larridura kontrolatzen ikastea. Haizeak botatzeko, ez da ona denbora asko ahoz gora etzanda egotea. Hona hemen lekaleekin haize gutxiago izateko metodo bat, Ameriketako Estatu Batuetako Nekazaritza Departamentuko Ikerketa Zentroko kimikari Alfred Olson-en arabera:
-Garbitu lekaleak.
-Sartu ur irakinetan, tapatzeko adina justu.
-Uretan eduki 4 eta 12 ordu bitarte, egostea zenbat kostatzen zaien, horren arabera.
-Kendu ura; gero, pasatu ur freskora eta jarri irakiten, eta atera ur gainean geratzen direnak.
                             
Tolosako babarrunak
                  

2010-12-28

"Sanjuanera" ukendua

Bidasoa ibaiko urek zeharkatzen dute Bera herria. Nafarroako txoko hau ongi ezkutuan dago mendi eta harkaitz artean, Gipuzkoa eta Lapurdiko mugatik gertu. Inguruko mendietatik lortzen dituzte batez ere beratarrek Sanjuanera deritzon pomadarentzat beharrezkoak diren 31 belarrak. Berton eskuragarri ez badaude, beste zenbait bazterretan aurkitzen dituzte. Oso interesgarria da ukendua, bitxia baita hau prestatzeko behar den sendabelar kopuru handiarengatik, 31 hain zuzen ere.
                                
Bera (Bortziriak, Nafarroa)
          
Pomadaren prestaketa aztunpa ukenduaren arrunt antzekoa da, baina adierazgarria Sanjuanera osatzeko behar diren belar kantitate eta motak dira. Honakook dira aipatutako 31 belarrak:
            
-Salbia   (Salvia officinalis L.):   hostoak eta loreak 
a
-Larrosa   (Rosa L.):   petaloak 
-Ilena   (Calendula officinalis L.):   loreak 
 a
-Ezkaia edo xarpota   (Thymus vulgaris L.):   hostoak eta loreak 
 a
-Erromeroa   (Rosmarinus officinalis L.):   hostoak eta loreak 
 a
-Intxaurrondoa   (Juglans regia L.):   hostoak 
 a
-Apo-belarra   (Vervascum thapsus L.):   loreak, bestela hostoak 
a
-Zorne-belarra   (Senecio vulgaris L.):   hostoak 
a
-Azeri-buztana   (Equisetum arvense L., Equisetum telmateia L.):   ageriko zatia 
 a
-Berbena   (Verbena officinalis L.):   hostoak eta loreak 
 a
-Pasmo-belarra   (Anagallis arvensis L.):   ageriko zatia 
a
-Milorria   (Achillea millefolium L.):   loreak 
a
-Iodo-belarra   (Chelidonium majus L.):   ageriko zatia
 a
-“Curamales”:   hostoak, loreak eta zurtoin xamurrak 
 a
-Santio belarra   (Hypericum perforatum L.):   hosto eta loreak 
a
-Malba   (Malva moschata L.):   hosto eta loreak
 a
-Arnika   (Arnica montana L.):   loreak 
 a
-Hirusta   (Trifolium L.):   hosto eta loreak 
 a
-Intsusa   (Sambucus nigra L.):   azala eta loreak 
 a
-Laharra   (Rubus L.):   zurtoin xamurrak 
 a
-Zaingorria   (Potentilla reptans L.):   ageriko zatia 
 a
-Plantaina edo zain-belarra   (Plantago lanceolata L.):   sustraia 
 a
-Lapa-belarra   (Arctium minus L.):   sustraia 
a
-Izpilikua   (Lavandula L.):   hostoak eta loreak 
 a
-Kamamila   (Chamaemelum nobile L.):   loreak 
 a
-Uso-belarra   (Agrimonia L.):   hostoak 
 a
-Xaboi-belarra   (Saponaria officinalis L.):   hostoak eta loreak 
 a
-Orein mihia   (Phyllitis scolopendrium L.):   hostoak 
 a
-Bostorria   (Potentilla reptans L.):   hostoak 
 a          
-Arraixka   (Melissa officinalis L.):   hostoak 
 a        
-Bulneraria   (Anthyllis vulneraria L.)

Ezkaia edo xarpota
                      
Ukendua osatu ostean, larruazaleko arazoen aurka erabil daiteke eta onddoak eta ekzemak tratatzeko.





Eskerrik asko Lide Alkorta, Izaro  Almandoz eta June Artaetxebarria.


2010-12-26

"Aztunpa" ukendua

Aztunpa Nafarroako iparraldean kokatua dagoen Bera herrian prestatzen den pomada da. Ukendu hau egiteko intsusa (Sambucus nigra L.) zuhaixkaren adarrez baliatzen gara. 
                                 
Lehenik, adarraren azala kentzen da, zati berdea agerian utziz. Atal berde hau zuritu egiten da eta olioz betetako lapiko batera botatzen da. Ordubete uzten da bertan, bere izerdia aska dezan. Azkenik, erdietsitako olioa iragazi egiten da, argizariarekin nahastu eta hozten laga.
                        
Aztunpa ukendua erredurak sendatzeko erabiltzen da batik bat.
                                        
   
                              
Pomadarako materiala, prestaketa eta erabilera azalduko dizkizuet segidan:
                        
         
Materiala: 
              
Intsusa adarrak, 25 gramo argizari, litro bat oliba olio, labana, egurrezko koilara, lapiko bat, iragazteko papera eta kristalezko ontzi handi eta pote txiki bana.
       
             
Prestaketa:
             
  • Intsusa adarrak zuritu labanaren atzeko aldearekin, azal berdea agerian utziz. Kendutako kapa hori ez da erabiliko, beraz bota egingo dugu. Agerian geratu zaigun azal berdea ere zuritu egin behar da (oraingoan labanaren alde zorrotzarekin) ontzi batean gordez. 
  • Litro bat olio sutan jarriko dugu lapiko batean eta moztutako adarraren zuntz berde horiek gainera botako ditugu. Nahasketa su motelean utziko dugu ordu batez, landareak bere izerdia bota bitartean.     
  • Denbora hau igaro ostean, olioa iragazi eta litro laurdena kristalezko ontzi batean isuriko dugu.  
  • Lortutako jariakin honi 25 gramo argizari gehituko dizkiogu eta egurrezko koilara batekin irabiatuko dugu dena, argizari guztia urtu arte. 
  • Azkenik, nahasketa kristalezko pote txiki batean bota, etiketa jarri eta guztiz solidotu arte hozten uzten da. 
  •                                    
Aztunpa ukendua
         
         
Erabilera: 
              
Aztunpa bereziki erredurentzako erabiltzen da. Bi modutan aplika daiteke: bata azalean zuzenean eta bestea pomadaz bustitako zapien bidez.





Mila esker Lide Alkorta, Izaro Almandoz eta June Artaetxebarria.
             
                 

2010-12-24

Mihura

Muérdago (gaztelaniaz)
Gui (frantsesez)
                
Gabon eguna izanik, gabonetan berezia den sendabelarra da gaurkoan azalduko dizuedan mihura. 
Beti berde-horixka dagoen zuhaitza da. Adarrak edo zurtoinak berde-horiak dira.
Hostoak bata bestearen parean jaiotzen dira, eta horiek ere berde-horixkak izan ohi dira. Luzangak, gogorrak eta muturmotzak izaten dira. 8 bat zentimetrokoak, gehienez ere. 
Adartxo asko izaten ditu landare honek eta landare biribil antzekoa osatzen du.
Fruitua baia zuri biribila da. Hazi bakarra ematen du horrek. Udazkenean ikusten da.
Loreak, horixkak, hirunaka edo launaka ikusiko ditugu. Udaberrian loratzen da.
Lorantazeoen familiakoa da.
Zuhaixka hau parasitoa da. Beste zuhaitzetan jaiotzen da. Beraz, oso erraza da zuhaitz baten goiko aldean muluak osatuz aurkitzea. Hainbat zuhaitz motatan aurki dezakegu (sagarrondoa, udareondoa, akazia…).
                                                         
Mihura
                                        
ZERTARAKO ETA NOLA: Mihura landare TOXIKOA dugu. Baiak edo pikorrak izaten dira barneko erabileran toxikoak. Badute kanpoko erabilera, baina KONTUZ erabiltzeko landarea da; beraz, nahiz eta barneko erabilera izan, aditu edo sendagile baten laguntzaz edo aginduz bakarrik erabiltzea gomendatzen da. Ez da guk nolanahi lasai-lasai erabil dezakegun landarea. Kantitateak edo neurriak eta eguneko hartze kopuruak erabat errespetatu. Hobe izaten da gaixotasun berdinarentzat dagoen beste edozein landare erabiltzea edo, esan bezala, aditu baten gomendioei jarraitzea. Baiak janez gero, zorabioak, gonbitoak, beherakoak eta abar sor ditzake.
             
Barneko erabileran: Infusioak egin beharrean, hobe beratzeak egitea eta, gau guztian utzi ondoren, hurrengo egunean baso txiki bat edatea.
Bihotzarekin eta odol zirkulazioarekin zerikusia duten hainbat gaixotasunetan erabiltzen da: arritmiak, tentsioa egokitzeko…
Epilepsiaren aurkako bezala ere hartzen da, lasaigarri moduan.
                    
Kanpoko erabileran: Asko erabiltzen da ospelen aurka. Hainbat modutara egin daiteke: hostoekin egindako infusioarekin ospelak garbitu edota hanka edo eskuak bertan sartu, gozatzeko. Litro bat uretan 30-40 bat gramo hosto egosiko ditugu 10 minutuz, eta bertan egingo ditugu garbiketak. Horrek odoljarioa bizkortzen duenez, ona da ospelentzat.
Hona hemen beste aukera bat: baiak eta txerri gantza nahasita pasta bat egin eta ospeletan egunean 3 aldiz eman.
Odoluzkiak ere garbi daitezke mihura infusioarekin.
Odoljarioak, ultzerak, zartadurak edo ebakiak: infusio handi batekin garbitu edo mihura duen pomadaren bat eman.
Lunbago eta ziatika kasuetan ere erabilgarria izan daiteke.
                             
OHARRA: Esan bezala, ez dugu gure kabuz erabiliko, aditu baten gomendioak entzungo ditugu. Haurrek eta haurdun dauden emakumeek ez hartzea komeni da. KONTUZ, LANDARE HONEN BAIAK TOXIKOAK DIRA.
                   
NOIZ ETA NOLA BILDU: Adarrak, hostoak eta baiak erabiltzen dira. Udazkenean eta neguan jasotzen dira.
Esan bezala, parasitoa da eta beste zuhaitz batzuetako adarretan aurkituko dugu.
                      
OSAGAIAK: Kolina, azetilkolina, bixkotoxina, tiramina…

Mihura motrailuan txikitzen
                                                                
ZER EGIN: Infusioak, tinduak, beratzeak, kremak, ardoak, estraktoak, konpresak, hautsak…
               
KONPRESAK (konpresa hauek lunbagoa edota ziatika dugunean jarriko ditugu): Litro bat uretan 30 gramo mihura hosto egosiko ditugu minutu pare batez eta 10 minutuan estalia edukiko dugu. Behin denbora hori pasatuta, oihal batzuk bertan busti eta konpresa horiek mina dugun tokian jarri. Nahi izanez gero, konpresa horiekin masajeak eman daitezke.
             
BAINUAK (kanpoko erabileran, ospelentzat): 30 gramo hosto egosi ur litro bakoitzeko, eta bertan hankak sartu, ospelak ur horrekin garbitzeko.
               
BITXIKERIA MODUAN: Euskal Herrian oso ezaguna da mihura; batetik, sendabelar bezala eta, bestetik, Gabonetan badagoelako etxeetako ateetan mihura jartzeko ohitura. Ohitura horren arabera, seinale onaren eta indarraren sinboloa da, energia onak erakartzen ditu eta txarrak uxatu. Horretarako mihurez apaindutako atetik sartu behar da. Era berean, mihura ez omen du norberak berea hartu behar; beste norbaitek oparituta edukitzea omen da egokiena.
                   

2010-12-22

Francisco Etxeberria Gabilondo

Antropologo eta auzitegiko mediku gipuzkoarra (Beasain, 1957).
                
Francisco Etxeberria 1957an jaio zen Beasainen (Gipuzkoa). Auzitegiko medikua, antropologoa, espeleologoa, ikertzailea, Euskal Herriko Unibertsitateko Lege eta Auzitegi Medikuntzako irakasle titularra, Aranzadi Zientzia Elkarte prestigioduneko eta bere Antropologia Fisikoa Saileko lehendakaria, “Asociación Española de Paleopatología”-ko idazkaria eta Kriminologiaren Euskal Institutuko zuzendariordea da.
                
Testuinguru arkeologikoan ikertzaile gisa parte hartu du hobitik ateratze ugaritan: Gerra Napoleonikoetako soldaduak, Espainiako Gerra Zibileko fusilatuak, eta Kolonbia eta Txileko atxilotu edo desagertutakoak. Antropologia, paleopatologia eta lege eta auzitegiko medikuntzarekin erlazionatutako gaiei buruz argitalpen nazional eta internazional ugariren egilea da.
            
Gaur egun, espainiar estatuan hobitik ateratze gehien buruturiko eta Gerra Zibilean eta Francoren diktaduran zehar bortizki erahildako zibilen gorpu gehien identifikatu dituen auzitegiko medikua da Paco Etxeberria. Honi esker, 1936 eta 1975 artean frankistek egindako gizateriaren aurkako krimenak ikertu dituen adituen batzordeko kide da.
                       
Paco Etxeberria
                               
2000.urtetik aurrera Espainiako Gerra Zibilean eta diktadura frankistan erahildako eta desagertutako pertsonen hobitik ateratzeetan esku hartu du aktiboki. Urte horretan bertan diktadurako hamahiru desagertutakoren gorpuzkinak zeuzkan lehen hobi komuna exhumatu zuen Leonen. Etxeberriak historialari, antropologo, auzitegiko mediku, arkeologo, psikologo eta beste zenbait boluntarioz osatutako lantaldea eratu du.
                
Bere obrari dagozkion lanen artean honakoak daude besteak beste:
- Estudio de la patología ósea en poblaciones de época altomedieval en el País Vasco. (Santa Eulalia y los Castros de Lastra)
- Gaitza eta heriotza Euskal Herriko iraganean: hauen ikerketa paleopatologian zehar
- Gipuzkoako karst eta leizezuloak
                     
Burutu duen lanaren fruitu dira jaso dituen sari eta aitorpenak:
  • "Gipuzkoa Giza Eskubideak 2006", Gipuzkoako Foru Aldundiak ematen duen Giza Eskubideen Saria 2006.urtean, Auzitegiko Medikuntzaren arloan burututako ibilbide akademiko eta profesionala dela eta.
  • "Rene Cassen 2007", Eusko Jaurlaritzak ematen duen Giza Eskubideen Saria jaso zuen Aranzadi Zientzia Elkartean Etxeberria buru den taldeak Gerra Zibilean desagertutakoen ikerketa dela medio.
  • 2011n Donostiako Udalak "Herritarren merituaren domina" emango dio San Sebastian bezperan. 
                      
                    
    “Los caminos de la memoria” filmean parte hartu du. Hona hemen pelikularen trailer-aren bideoa:  
                                     
               
                  
                        
    Francisco Etxeberria Gabilondoren arlo profesionala gustuko dudalako aukeratu dut zientziaren kide den mediku honen berri ematea.