Sendabelarrekin sendabideak prestatu ahal izateko, gure ingurua ezagutu behar dugu aurrena; batetik, landareak non dauden jakiteko eta bestetik, belarrak poluitu gabeko lekuetan hartu beharko ditugulako. Izan ere, industriaren eta autoen kutsadurarekin kontaktuan egon ez diren landareak erabiliko ditugu, baita nekazaritzan erabiltzen diren ongarri eta produktu kimikoetatik at geratu direnak ere. Beraz, belar hauek hirigune edo industriguneetatik kanpo jaso behar dira, errepide albo edo kimikoki tratatutako lurzoruetatik at. Leku garbietan hartzeaz gain, arazorik sorraraziko ez dutela ziurtatzeko, desinfektatu egin behar dira, badaezpada ere.
Horregatik, ezertan hasi aurretik ohar batzuk kontuan hartzea ezinbestekoa da. Lehenbizi, hartu behar dugun sendabelar horren landarea bera ezagutu behar dugu, baita bakoitzari dagokion dosia ere, bestela toxikoa gerta daiteke eta kontrako efektuak lor ditzakegu. Hortaz, belarrekin lan egiteko funtsezkoa den baldintza bat dago, belar onak eta txarrak bereiztea. Ustelduta edo lehortuta daudenean ere, erraz antzeman daitezke.
Sendabelarren efektu onuragarria lortzeko, landarea batzeaz gain, manipulatu eta eraldatu egin behar dugu. Hasteko, erabili nahi dugun landarea ondo ezagutu behar dugu, hori biltzean okerrik ez egiteko; era berean, gure gaixotasuna sendatzeko landarearen zein zati erabiliko dugun jakitea komeni da, horren arabera, garai batean ala bestean bildu beharko baitugu. Sendabelar horri interesatzen zaizkigun osagai aktiboak erauzteko landarearen atal desberdinak erabiliko ditugu (sustraiak, loreak, hostoak, azala...) eta atalaren arabera garai eta modu desberdinetan egingo ditugu prestaketak.
Sendabelar ugari |
Belarrak hartzerako orduan berebiziko garrantzia ematen zaio ilargiari, ez baita berdina ilbeheran edo ilbetean hartzea. Antzinatik uste denez, ilbeheratan indar gehiago daukate. Urtaroen arabera agertzen diren belar batzuk ere badaude, beraz, amaituta egon daiteke hauen loraldia edo, aurkako kasuan, hazten. Hori dela eta, horiek bere garaian hartu behar dira. Normalean, solstizio eta ekinozio egunetan hartzeko ohitura dago, naturak egun horietan baitauka botere handiena, besteak beste, San Joan egunean. Adibidez, loreak zabaltzeko daudenean edo ihartu baino lehen batu behar dira; sustraiak, aldiz, udaberrian edo udazkenean hartuko ditugu, landarearen gordekin edo printzipio guztiak bertan metatzen diren garaian, hain zuzen ere.
Hostoak behar direnean, landarea garatzen ari denean, loratzen hasi baino lehen batzea da egokiena, konposatu aktibo gehienak loreetan metatuko baitira. Haziak udazkenean bilduko ditugu, landarea guztiz helduta dagoenean, eta azalak landarea garatuta egonez gero, urteko edozein momentutan batu daitezke. Azaldutako guztia batu nahi dugun landarearen arabera alda daitekeenez, kasu bakoitzerako modurik egokiena zein den aukeratu behar da.
Landareak bildu ondoren, lehenbailehen lehortu beharko ditugu; hau da, daukaten ura poliki-poliki kendu bere propietate guztiak ez hondatzeko eta ondo kontserbatzeko. Prozesu hori leku aireztatu eta lehorretan egingo dugu, eguzki, hauts eta hezetasunetik babesturik; paper xurgagarri edo maindire gainean egin daiteke adibidez. Lehortutako landareek urte osoan mantentzen dituzte beren propietateak. Ondoren, kristalezko ontzietan sar ditzakegu, baina kontuan izan behar da denbora luzeegian edukitzea ez dela komeni, eraginkortasuna galdu baitezakete.
Belarrekin egiten den prozesuari dagokionez, gerta daiteke bertan behera utzi behar izatea sendabelarrak lantzen dituen pertsona osasunez makal badago. Hortaz, belarrekin lan egiteko baldintzen artean, hau kontuan hartu beharreko beste bat izan daiteke, osasunez ondo eta belar horiekin jarduteko prest egotea alegia.
Bideo honetan Jakoba Errekondo nekazaritza-ingeniari tekniko eta paisajistak sendabelarrei buruz dihardu:
No hay comentarios:
Publicar un comentario