Aita Barandiaran: euskal antropologo eta etnologo ospetsua

Aita Barandiaran:    euskal antropologo eta etnologo ospetsua

2011-04-21

Gorputzaren zaratotsak

Gure gorputzak egiazko sinfonia bat interpretatzen du egunero: zotinak, eztulak, zurrungak eta gainerako soinu hotsak. Batzuentzat desatseginak izan arren, zaratots horiek baliagarriak izan ohi dira gehienetan. Ikas dezagun zein den hots horien esanahia.
       
Antzokian zaudela eztulka hasten zarela, edo norbaitekin hitz egiten ari eta kontrola ezin dezakezun zotina, edo sabela orroka hasten zaizu laneko bileran… Egia da kasu batzuetan zaratots horiek komeni ez denean agertzen direla, baina horietako bakar bat ere ez da kaltegarria, berez; arruntak eta ohikoak izanez gero, agian, medikuarengana joatea izango litzateke onena. Hots horiek gure borondatez kanpokoak dira erabat, eta ezin kontrola edo euts diezaiekegu. Zergatik gertatzen diren jakinez gero, sor ez daitezen ahalegintzeko modua izan dezakegu.
          
Zurrungak
Lotan gaudela, muskuluak erlaxatu egiten dira, eta ahosabaiaren atzeko parteak eta aho gingilak, baita mihiak berak ere, arnasbideak buxa ditzakete. Airea hartzean zina hori guztia bibratzen hasten da, eta horrek sortzen ditu ditxosozko zzzrrr gogaikarri horiek. Zurrungen arrazoi nagusietakoak gainpisua eta ohera joan aurretik alkohola edatea dira. Baina katarroak, sinusitisak edota inguru anatomiko horretako inflamazioak ere (amigdalak edo begetazioak, esaterako) zurrunga egitea errazten dute. Dena den, zurrungen kasuan, norberari eragiten zaion kalteaz gain, ohekideak atse- den hartzeko zailtasunak ote dituen ere kontuan hartu behar da beti.
            
Sudurreko hurrupa hotsak
Gurea bezalako gizarteetan edukazio txarreko ohitura da, baina Japonian, adibidez, itsusiagoa da jendaurrean zintz egitea, mukiak irentsi edo hurrupatzea baino. Snif-snif hotsa etengabekoa baldin bada, medikuarengana joatea komeni da, errinitisen bat ote den baztertzeko eta espezialistak tratamendurik egokiena agintzeko. Jende askotxorengan nahiko zabaldua dagoen ohitura horrek ez du, berez, muki jarioaren arrazoia okerragotu edo zabaltzen, ezta sinusitisik eragiten ere, beste batzuek dioten bezala. Baina ez da komeni antihistaminikorik hartzea, medikuak aginduta ez bada behintzat. Mukiz beteta egon ohi den sudurra ondo garbitzea aski izaten da kasurik gehienetan.
              
Doministikuak
Zerbaitek gure sudurra ukitu duela adierazten digun defentsa mekanismoa besterik ez da doministikua edo usina. Sudurrak kanporatu nahi du, eta hori lortzeko duen modurik errazena doministikua da. Kanpoko partikula bat, mikroskopikoa gehienetan, sudurrean sartzen denean, bertako mukosa narritatu egiten du, eta zona horretako nerbioek airea kanporantz jaurtitzen dute bat-batean. Doministikua oso handia denean bakarrik izan daiteke kalterako, begiko odol hodi txikiren bat apurtu ere egin daitekeelako. Ahoa itxi gabe aaatxis egitea da osasungarriena, inguruan dauzkagunak zipriztindu gabe, noski.
           
Aharrausia
Hain da kutsakorra, zuetako batzuk irakurri hutsarekin ere agian horrela hasiko zarete. Teoria asko daude gure uaahm hori azaltzeko, baina bakar batek ere ez du erabateko argitasunik eman: gorputzak garunera oxigeno gehiago eraman nahi duela dio batek, eta, agertutako azken teoriaren ustez, aharrausia garuneko gai grisa freskatzeko da, buruko tenperatura jaisteko, era horretan garunak funtzionamendu eraginkorragoa izan dezan.
           
Eztula
Diafragmaren bat-bateko uzkurdura bortitza besterik ez da eztula, bronkio batean sartu zaiguna laringean barrena kanporatzeko. Eztularen arrazoiak askotarikoak dira, hasi arnas arazo txikietatik eta urdail-hestegorriko errefluxuraino. Eztula lehorra izan daiteke (kof kof hotsa), edo hezea bestela, karkaxak lagunduta. Azken eztul klase hori izaten da molestoena, barruko muki hori dena erauzi eta kanporatzeko eztula egiteko gogoa ematen duelako etengabe. Kontuz eztularen kontrako jarabeekin, medikuak agindu ezean; askok kodeina izaten dute, eta eztula gerarazi bai, baina arazo digestiboak ekar ditzakete. Ur ugari hartzea da onena, mukia fluidoago egin eta errazago kanporatzeko.
              
Urdaileko orroak
Urdaila beti ari da lanean. Azken otordutik ordu batzuk pasatu direnean eta gosea agertzean, nerbio parasinpatikoak bere uzkurdurak gehitu egiten ditu eta fluidoak jariarazi, bi helbururekin: urdailean dauden janari hondakinak suntsitu, batetik, eta gose sentsazioa piztu, bestetik. Oraindik ere mugitu eta xehatu beharreko elikagaiak daudenean, hotsa erdi-ezkutuan pasatzen da, baina urdaila hutsik badago, areto huts batean egindako zaratak dakarren oihartzunaren moduko soinua egiten du. Horixe da gosearen urdaileko groarrrr hotsa.
       
Zotina
Diafragmaren bat-bateko uzkurdurak eta segidako glotisaren itxierak eragindako zaratotsa. Gerta daiteke elikagai beroegiak edo narritatzaileak irensteagatik, eztulaldi edo barrealdiengatik, pneumonia baten eraginez, haurdunaldian edo baita arrazoi emozional hutsengatik ere. Konponbide ugari proposatu izan dira segundo gutxiren buruan behin eta berriz agertzen diren hip hip deseroso horiek desagerrarazteko: odoleko karbono dioxidoaren kontzentrazioa gehitzea (arnasari eutsiz, adibidez), nerbio bagoa estimulatzea (ur tragoxka azkarrak eginez), mihitik suabe-suabe tira egitea, begiak igurztea, baita beste hainbat ere, zein baino zein bitxiagoak, betidaniko sustoa ahaztu gabe, jakina.
           
Korroka
Urdailean gas gehiegi egoteak hestegorriko beheko esfinterreko muskulua erlaxatzea dakar, eta horri esker aireak gorantz ihes egiten du, kasu ia guztietan hain nabarmena eta lotsagarria gertatzen den burp gisako hotsa eraginez. Erretzea, zutik edo azkarregi jatea eta ez ongi mastekatzea egon ohi dira gehiegizko aire horren sorreran, baina dieta izaten da funtsezko arrazoia: horrela, gas gehiago sortzen dituzte urdailean hartzitzen diren janariak (lekaleak), edari karbonatodunak edo legamiadunak (zerbeza), txikle asko murtxikatzeak edo otordua bitartean gehiegi edateak.
        
Puzkerrak
Sistema digestiboko gasak uzkitik pasatzen direnean sortzen den hotsak ekar ditzakeen egoerak barregarriak izan daitezke kasu jakin batzuetan, baina espero ez den purrut hots bat entzuteak deseroso edo lotsagarri samar uzten gaitu kasurik gehienetan. Janaren neurrian daude orain ere gehiegizko haize hots edo meteorismoaren arrazoi nagusiak: koipe gehiegirekin prestauriko elikagaiak, edo dietan zuntza bat-batean sartzea. Otordu oparoa egin ondoren ere ez da komeni etzatea, gasak urdailetik hesteetara eramango baititu. Janariak hesteetan barrena aurrera egitean eta sabel barruko gehiegizko gasak beste zaratots batzuk ere ekar ditzake: gurgur sinfoniko horiek sabela auskultatzean soilik entzun ohi dira, baina hiperaktiboak direnean edo haize-minak daudenean, estetoskopiorik gabe ere entzun daitezke.
           
Hortz karraskak
Jende askok estutzen ditu hortzak lo dagoela, eta batzuek baita hots bereziak atera ere, kanpotik entzuten dituenarentzat hozkia edo higuina sor dezaketen ñiiik modukoak hain zuzen. Baina okerrena ez da hotsa, hortz-haginen desgastea edo higadura baizik, haginei eta hortzei jartzen zaizkien fundak hausteraino. Arrazoi genetikoak edo estresa aipatu dira portaera bitxi hori azaltzeko, baina konponbide bakarra lotarakoan deskargako ferula bat jartzea da, matrailak estutzerakoan egiten duen indarra modu egokian banatzeko.
           
Giltzaduretako klaskadak

Gure gorputzeko giltzadura guztietan, badira etengabeko marruskaduraren eraginez hezurrak eta kartilagoak jasango lituzketen kalteak gutxitzen dituzten kapsula batzuk, likido sinobialez beteak. Likido horrek nutrienteak, oxigenoa nitrogenoa eta karbono dioxidoa dauzka. Artikulazioa mugitzen denean, kapsula horiek luzatu egiten dira, eta horrek gasak askatzen ditu: horrela sortzen da askorentzat nazkagarria-edo gertatzen den klask moduko hotsa. Baina klaskada horiek normaltzat jo behar dira, minik gabe gertatzen diren bitartean (minak artritisaren susmoa ekarriko liguke).
              
Jabier Agirre
berria      
(2011-04-19)
                                      

2011-04-09

Zer egin buruko mina arintzeko?

Hamar pertsonatik batek buruko mina izaten du nahiko maiz. Kasurik gehienetan zefalea tentsionalak izaten dira, konpresio edo zanpaketa moduko mina alegia, zinta batek burua estutuko balu bezala. Mina buruaren atzeko aldean hasi eta aurrerantz zabaltzen da, bi aldeak hartuz. Estresak edo antsietate-egoerak, behar adina lo ez egiteak, alkoholak, otorduak kale egiteak edo, alderantziz, baita otordu astunegiak egiteak ere sor ditzakete zefalea tentsional horiek.

Buruko mina behin eta berriz agertzen bada, aipatutako arrazoi posible horiek errepasatu beharko dira; jan-neurria aztertuko dugu, lehenik eta behin, buruko mina abiaraz dezaketen elikagaiak eguneroko dietatik kenduz.

Horrez gain, begiak itxita eta argi guztiak itzalita atseden hartzea komeni da, eta erlaxazio-teknikak erabiltzea, mina arintzeko.

Botikei dagokienez, ez da komeni farmakoak gehiegi erabiltzea, hiru egunetik gora hartuz gero erreboteko zefaleak esaten zaienak eragin baititzakete. Edozein kasutan, medikuak emandako botikak hartuko dira, berak agindutako dosian eta berak esan bezala. Etxeko erremedio moduan, labanda-olio esentzialarekin masajeak eman lokietan, edo melisa-infusioak, bestela, egunero 2-3 katilukada hartzeko.

2011-04-02

Infartuari aurrea hartzeko

Urtetik urtera gehiago dira miokardioko infartu bat jasaten dutenak. Erretzeari uztea, ariketa egitea, jan-neurri egokia izatea eta kolesterola edo hipertentsioa gaitzak kontrolpean edukitzea dira aurrea hartzeko neurririk onenak.
Adituen ustez, istripu kardiobaskularren %40 saihestu zitezkeen bizimodu osasungarria eginez gero. Gure esku dago, beraz, neurri handi batean, trastorno larri hori jasateko probabilitateak nabarmen murriztea. Ikus dezagun nola.
             

Tabakoa: aurreneko etsaia, etsairik gaiztoena

Erretzea da ohiturarik kaltegarrienetakoa bihotzarentzat. Ikerketa baten arabera, 35-39 urte bitarteko erretzaileek miokardioko infartu akutua izateko arriskua bost aldiz handiagoa dute tabakorik erretzen ez dutenena baino.

Zer egiten du tabakoak?

Erretzeko ohiturak ateroma-plaken sorkuntza eragiten du arterietan. Horrela pilatzen diren plaka horiek partzialki buxatu ditzakete odol-hodiak —orduan bularreko angina eragingo da—, edo baita erabat ere —eta orduan infartua azalduko da—. Frogatua dago, gainera, emakumeak sentiberagoak direla tabakoak bihotzaren gain duen eragin kaltegarriaren aurrean, eta horregatik emakumeen arrisku erlatiboa handiagoa da, menopausia ostean batez ere.

Erretzaile pasiboa ere ez dago arriskutik erabat libre, ordea. Adituek egindako estimazioen arabera, pertsona ez erretzaileek ez balukete besteen kerik irentsiko leku publikoetan, infartua izateko arriskua %30 txikiagotuko litzateke, ingurugiroko keak bihotzaren gaitasun funtzionala gutxitu egiten baitu pixkanaka.

Erretzeari utzi. Tabakoaren eragin kaltegarria, ordea, berehala murrizten da behin aztura hori bertan behera utziz gero. Horrela, erre gabe urtebete egin ondoren bihotzeko gaitz bat jasateko arriskua erdira jaisten dela kalkulatzen da.

              

Dieta: kontuz koipe kaltegarriekin

Odolean kolesterol-maila altuak daudenean ere handiagoak dira aterosklerosia —arterietan ateromak edo gantz-plakak— izateko eta, beraz, baita infartu bat jasateko arriskua ere.

Kolesterola. Aterosklerosia kontrolatua edukitzeko, gure odoleko kolesterol totalaren maila kontrolatu behar dugu —sekula ez luke 200 mg/dl-tik gora egon behar—. Horretarako, 20 urtetik gora pertsona guztiek odoleko analisiren bat egin beharko lukete bost urtean behin, beren kolesterol-maila nolakoa den jakiteko. Baina familian jatorri genetikoko kolesterol-arazoen aurrekinak izanez gero —hiperkolesterolemia familiarra esaten zaio horri—, odol-analisiak maizago egin beharko dira. Pertsona helduen %47k gomendatutakoak baino kolesterol-maila altuagoak ditu, gaur egun —biztanleria helduaren erdiak ia—. Eta ez ahaztu kolesterol-zifrak gorantz egiten dutela adinarekin, emakumeen kasuan batez ere.

Zer jan behar da? Borroka bi aldetatik egin behar da. Batetik, animalia-jatorriko koipe saturatuen kontsumoa murriztu behar da —haragia, hestebeteak, esnekiak, osoak batez ere— eta baita, janari aurrekozinatuetan, opil industrialetan, galleta eta antzekoetan hain ugariak diren trans koipeak ere. Bestetik, koipe mesedegarrien kontsumoa bultzatuko da, kolesterol ona gehitzen dutelako: fruitu lehorrak, arrain urdina, oliba-olioa, ahuakatea, etab. Jan-neurri egokia eginez gero, kolesterol-mailak % 20 jaitsi daitezke.

              

Sedentarismoaren kontra, ariketa fisikoa


Asko eta oso diferenteak dira kirolak eta ariketa fisikoak bihotzarentzat dakartzan onurak. Aldian behin, modu erregularrean ariketa eginez, aski da astean bizpahiru aldiz aritzea, bihotzaren funtzionamendua hobetzeaz gain, gainpisua kontrolatu, tentsio arteriala erregularizatu eta kolesterol-maila altuak nabarmen jaitsiko ditugu.

Zer egin daiteke? Neurrian aritzea da garrantzitsuena. Kasu hauetan, hobea da maiz aritzea, oso gogor jardutea baino. Egunero 30 bat minutuko pasioa, adibidez, ariketa ezin hobea da adin eta baldintza fisiko guztietako pertsonentzat. Igeriketa, bizikleta, gimnasia eta antzeko kirolak ere oso mesedegarriak dira ia guztientzat. Baina, jakina, bakoitzaren adina, zaletasunak eta sasoia kontuan hartuz betiere, ez baitago gogoz kontrako kirola baino erremedio okerragorik.

               

Estresa, itxuraz baino garrantzitsuagoa

Ikerketa ugarik frogatzen duten bezala, izaera jakin batzuek eta estres-egoerek nabarmen gehitzen dute arrisku kardiobaskularra, 50 urtetik gorako pertsonetan batez ere. Horregatik, komeni da laneko estresa kontrolatzea, baina baita familia barrukoa edo lagunartekoa ere, eta depresioa edo antsietatea bezalako arazo emozionalak saihestu eta, behar izanez gero, baita tratatzea ere.

Zergatik gertatzen da? Normalean presio arterial normala duten pertsona batzuei bat-batean tentsioa igo egiten zaie, estres-aldi gogorrean daudenean, eta tentsio-gorakada horiek bihotza hondatu egingo lukete pixkanaka. Estresa kontrolatzeko, bizimodu osasungarria eraman behar da, kirola eginez, eta eguneroko kezkak modu lasaiagoan eta ikuspegi konstruktibotik maneiatzen ikasiz.

            

Kontuan hartu beharreko beste gaitz batzuk

Badira behar bezala kontrolatu ezean, arazo kardiobaskularrak izateko arriskua gehitzen duten gaixotasun-sail bat.

Diabetesa. Tratatu gabeko diabetesak infartu bat izateko arriskua gehitzen du, pertsona diabetikoek beren arterietan ateroma-plakak pilatzeko posibilitate gehiago baitaukate.

Hipertentsioa. Ez du inolako sintomarik ematen, baina ondorio larriak izan ditzake bihotzean, arteriak buxatu egiten dituelako. Kasu honetan ere garrantzi handikoa da garaiz detektatzea, eta tratamendu egokia jartzea.

Obesitatea. Normala baino gehiago pisatzeak aterosklerosiaren sorrera errazten du, arterien paretak hondatuz eta infartuaren arriskua areagotuz. 

              
Jabier Agirre
berria      
(2011-03-29)
                                      

2011-03-27

Autoestimua


Autoestimua apala dudala konturatu naiz… Zer egin dezaket autoestimua sendotzeko edo indartzeko? 

           


Autoestimua kontzeptuak psikologian egitura konplexua du: bakoitzak bere buruari egiten dion ebaluaketa multifaktoriala da, eta ebaluaketa horri dagozkion pertzepzioak, pentsamenduak, sentipenak eta jokaerak. Autoestimua oinarri garrantzitsua da, zeren beti baitago bakoitzak egiten duen ekintzen oinarrian, eta horrela bakoitzaren barne iparrorratza da, automatikoki eta gehienetan konturatu gabe erabiltzen duguna. Eta, horrez gain, dinamikoa da; hau da, ez da betirako sortzen eta finkatzen, bizitzaren bidean egituratzen baita: norbere buruaren balioaren neurria aldatzen du bizitzen diren ekintza eta bizipenei esker, ingurukoekin duen erlazioen bitartez eta ingurugiro batean.

Baina, autoestimua kontzeptua bera kaleratu denez, sinpleago bilakatu da gurean, eta, alde horretatik, «nork bere burua maitatzea «adierazten du, eta, horren ondorioz, neurri lineala ematen du: sinplifikatuta esateko, autoestimua altua ala apala izatea.

Zure eskutitzan aipatzen duzunaren arabera, kaleko autoebaluaketa hori egin diozu zeure buruari. Profesionalki, psikologia kontsulta baten ebaluaketa sakonagoa eta espezifikoa egin beharko litzateke zer gertatzen zaizun, zer behar duzun eta arazorik ote al dagoan jakiteko. Zergatik? Aipagarri batzuk azalduko ditugu:

Gure gizarte zibilizatu, aberats eta kapitalistan gaur egun «asegabetasuna» orokorra da, pertsonak ez gara «osotasunean», «gustura», edo «beteta» bizi. Gure sistemak berak behartzen du jendea horrela sentitzera ikerketa antropologikoak eta soziologikoak aipatzen dituzten legez.

Gure artean idatzi gabe baina airean dagoan gezurrezko mezua zera izaten da: ondasun materialak autoestimua dakar; erosotasunez bizitzea funtsezkoa da; autokonfidantza kanpoko itxuran oinarritzen da, eta antzekoak. Horrela sarritan galduta, gure ingurukoekin konparaketa zorrotzean, kexaka bizitzen gara sarritan.

Benetazko autoestimua pakete zabala da: lortu dugunarekin harro egotea, nortzuk eta nolakoak garen gaur onartzea eta geroari begiratzean baikorrak izatea. Hurrengo artikuluan ere gai horretaz arituko gara aholku gehiago emateko.

Arantza Quecedo Urrutia
berria                
(2011-03-22)         
                                       

2011-03-19

Marrubia

Fruta freskoetan antioxidatzaileena
             
Substantzia interesgarriak
              
Karbohidratoak (%5,5), batez ere fruktosa eta glukosa; proteinak (%0,8); koipeak (0,4); zuntza (%2), pektina barne; C bitamina; potasioa; burdina; flabonoideak (azido elagikoa, antozianinak, azido klorogenikoa); P3 (tomatearen faktorea); kumarinak; azido organikoak (batez ere zitrikoa eta malikoa); azido salizilikoa (%1,4 miligramo 100 gramolo).
         
          
Ezaugarriak
              
Bostongo Tufs Unibertsitatean eginiko ikerketa batean, ohartu ziren azterturiko fruta eta barazki fresko guztietatik marrubia dela antioxidatzaileena, hau da, zelulei kalte egiten dieten erradikal libreak neutralizatzeko indartsuena. Indar antioxidatzaile horrek organismoaren zahartzea atzeratzen du, eta gaitz degeneratiboak prebenitu edo atzeratu (arteriosklerosia, minbizia, Alzheimerren gaitza eta abar).
New Jerseyn 1.271 adindurekin eginiko beste azterlan batean, egiaztatu zuten fresa gehien jaten zutenek hiru aldiz arrisku txikiagoa zutela zernahi organotako minbizia izateko, gutxi edo bat ere jaten ez zutenek baino. Zehazki, jakina da C bitaminak eta azido elagikoak inhibitzen dutela digestio hodian nitrosamina kantzerigenoak sortzea; ikerlan esperimental batzuetan, lortu dute tumore gaiztoa prebenitzea ahoko, hestegorriko, urdaileko eta biriketako muki mintzetan. Hainbat gizonekin eginiko ikerketa epidemiologiko batek erakutsi zuen marrubiak maiz janez gero apalagoa dela prostatako minbizia izateko arriskua.
Gainera, laborategiko zenbait ikerketatan konturatu ziren marrubi ura ona dela poliomielitisaren eta herpesaren birusei kontra egiteko.
Gutxi gorabehera, marrubi batek 70 miligramo C bitamina ditu, zitrikoek baino gehiago eta fruta gehienek halako hiru. Anemia ferropenikoa borrokatzen laguntzen du, C bitamina lagungarria zaiolako gorputzari jangaien burdina beretzeko orduan, otordu berean hartzen badira.
         
           
Nola erabili
             
Nahikoa da egunean hogei marrubi jatea odolaren gaitasun antioxidatzailea egun gutxiren buruan handitzeko.
             
Mitoak
            
Marrubiaren kolore gorria ez da likopenoak emana –tomatearena bai-, antozianinek emana baizik. Ez da egia marrubiaren oxalatoek arriskua dakartela harriak edo giltzurruneko kolikoak dituztenentzat. Marrubia, fruta gehienak bezalaxe, diuretikoa da, eta nahiz eta esaten den Linneori marrubiekin pasatu zitzaiola hezueria, inork ez du egiaztatu marrubiak bakarrik jateari –edo mahatsa bakarrik, eta abar- egozten zaion eragin terapeutikoa frutaren ezaugarriei dagokienik; izan ere, baliteke erdi-barau egitearen ondorio izatea, barauak pisua galtzea, tentsio arteriala jaistea, odoleko glukosa apaltzea eta abar baitakar.
          
Arriskuak
            
Aspirinari alergia diotenek ez lukete jan behar, marrubiak salizilatoak baititu, azido salizilikoaren gatzak; badirudi alergiak maizago sortzen direla marrubiak ondo heldu gabe jaso baldin badira. Kolitisa duten zenbaiti marrubi haziak minberatu egiten die koloneko muki mintza.
                 
           

2011-03-11

Zure osasuna txekeatzeko

Kanpoko itxurak barruko osasunaren berri ematen du askotan. Emakumeentzako hainbat aholku eta ohar dira ondorengoak.
Ilea, azala, azazkalak, begiak… Zure kanpoko itxurak barruko zure osasunaren berri ematen du. Horregatik, aldaketei adi egotea eta aldian behin zure gorputza aztertzea oso lagungarri gertatuko zaizkizu gaitz garrantzitsu asko garaiz atzemateko.

1. Egin kasu orinei

Uda partean erraz erretzen al zara? Orin asko al dauzkazu? Ba al da zure familian azaleko minbiziaren edo melanomaren aurrekinik? Galdera horiei baietz erantzun badiezu, arreta handiz zaindu behar duzu zure larruazala, melanoma bat izateko arrisku handiagoa duten pertsonen artean egon zintezke-eta. Horretarako, azalaren auto-azterketa egitea komeni da, lesiorik edo normala ez den zerbait agertzen ote den ikusteko. Eta gorputzean dauzkazun orinetakoren batek itxura asimetrikoa hartzen badu, edo ertzak irregularrak bihurtzen badira, kolore ez-homogeneoa, tamaina handitzen badu (6 mm-tik gorako diametroa) edo eboluzioan aldaketak baditu, onena dermatologoarengana joatea da.

2. Aztertu zure bularra

Hileroko zure autoazterketan bularrean koskorren bat, edo bularretik jarioren bat isurtzen dela, edo bestelako alterazioren bat sumatu baduzu…. Ez larritu, baina zoaz ginekologoarengana. Noduluen artean usuenak kisteak eta fibroadenomak dira, emakume gazteen artean oso ohizkoak diren lesio onaireak, eta, bestetik, mastitisak daude, infekzio onaireak hauek ere. Prozesu horiek guztiak onaireak diren arren, komeni da medikuarengana joatea, edozein alterazio modu goiztiarrean detektatzeko probarik egin behar den ala ez erabaki dezan.

3. Begira iezaiozu ileari

Ilea luxu bat da. Ez dauka apaintzekoa beste funtziorik, baina adi, horrek ez du esan nahi gure gorputzak jasaten dituen aldaketak ilean islatzen ez direnik. Izan ere, egoera berezi batzuetan, gure ilearen itxurak osasunari buruzko informazio asko emango baitigu. Ilea erortzea gauza normaltzat jo dezakegu, pertsona bakoitzaren muga eta neurrien barruan gertatzen den bitartean, baina galerak atentzioa deitzen digunean, kontuz, zerbait ez dabilela ondo adieraz dezakeelako. Ilea (gehiegi) erortzearen arrazoi usuenetakoa estresa da, edo baita dieta desegokia ere. Denbora laburrean asko argaltzeak ilea erortzea errazten du, eta gauza bera gertatzen da ume batez erditu ostean ere. Baina ilea erortzeak izan ditzake arrazoi medikoak (anemia ferropenikoa, obulutegiko alterazioak edo tiroideko arazoak, nagusiak aipatzearren).

4. Zer itxura du zure mihiak?

Herri-usadio zaharrak dioen bezala, mihi gainean kapa zuri bat agertzeak enpatxua adierazten du. Hala ere, koloreari begiratzea baino garrantzitsuagoa da mihiak itxura normala duela ziurtatzea. Mihia puztuta badago eta molestiak nabaritzen badituzu, zoaz medikuarengana. Asko izan daitezke mihian alterazioak eragiten dituzten gaitzak: nutrizioaren defizita, burdina edo azido folikoaren eskasia, infekzioak (Candidiasia, adibidez) edo arazo digestiboak (urdail/hestegorriko errefluxua dagoenean, urdaileko azidoen etengabeko berrahoratzeak mihia erasaten du, bere azalera leunduz).

5. Azazkal hauskorrak

Azazkalak erraz hausten al zaizkizu? Eta zeharkako arrasto zuriak ateratzen al zaizkizu azkazaletan? Horrela bada, dieta gehiago zaindu behar duzu, bitaminaren baten eskasia izan baitaiteke sintoma horien arrazoia. Eta aurrekoez gain nekea sentitzen baduzu, zoaz medikuarengana, giltzurrunetako arazoren bat izan daitekeelako. Azazkal hauskorrak eta arrasto zuriak gerta daitezke giltzurrunek ez dituztelako gernuko proteinak behar bezala iragazten.
                      
Ahoa izaten da maiz gure barnean gertatzen denaren ispilu

6. Normala baino ile gehiago

Zilborraren eta pubisaren artean agertzen diren ileak etengabe kentzen aritu behar al duzu? Ezin al dituzu kontrolatu aurpegian ateratzen zaizkizunak? Ginekologoarenean ordua hartzeko garaia da. Gehiegizko ile horiek izan daitezke obulutegi polikistikoaren sindromeak eraginak: trastorno horretan hormona maskulino gehiegi sortzen dira, eta horrek pisua gehitzea, ziklo menstrual irregularrak, aknea, eta aurpegian, sabelean, bularrean eta bizkarrean ilea agertzea ekarriko ditu. Hamar emakumetatik batek jasan dezake sindrome hori, eta beharrezkoa da espezialistarengana joatea, antzutasuna eta arazo kardiobaskularrak izateko arriskua handiagoak baitira.

7. Zer diote zure begiek?

Goizean begizuloak diruditen eta atsedena hartu arren erabat desagertzen ez diren mantxekin esnatzen al zara? Agian alergia bat izan daiteke. Erreakzio alergiko batek inflamazioa eragin dezake beheko betazalean, azaleko eritema eta azkurarekin batera. Beste kasu batzuetan, grano horixka bat ager daiteke begi-globoaren barruan, konjuntibaren estromako kolageno-zuntzak eguzki-izpien eraginez endekatu egiten direlako. Molestiak handiak badira, agian operazio kirurgiko bat egitea proposatuko du adituak. Prebentzio gisa, UV iragazkiak dituzten eguzkitako betaurrekoak erabiltzea gomendatzen da, izpi ultramoreen kalteak saihesteko.

8. Odolik bai eginkarietan?

Eginkarietan odola agertzearen arrazoia hemorroideak izaten dira kasurik gehienetan (%90 edo gehiagotan). Kasu horietan odola freskoa da, gorria, azken partean agertzen da eta garbitzerakoan komuneko papera zikintzen du. Odol-galtze horrek 3-4 egun iraun ohi du, eta ondoren, normalean, desagertu egiten da. Baina epe normal horretatik aurrera ere jarraitzen badu, behin eta berriz errepikatuz, edo kolorea ilunagoa dela iruditzen bazaizu, edo eginkarietan nahasiagoa dagoela, komuneko urak ere zikinduz, komeni da espezialistarengana joatea, azterketa eta proba osagarriak egin ditzan. Hala ere, ez ahaztu janari batzuk kolorea ematen dietela eginkariei (erremolatxak edo txipiroiek, esaterako).

9. Aho osasuntsu bat

Ahoa da gure barruan gertatzen denaren ispilu. Aho osasuntsuan, oiak arrosa kolorekoak dira. Baina odoletan hasten badira, edo kolore-aldaketak gertatuz gero, onena espezialista batengana jotzea da. Normalean higiene eskasagatik gertatzen dira, edo erraz konpon daitekeen inflamazioren batengatik. Baina izan daiteke elikadura-eskasiaren bat, edo baita arazo kardiobaskularren, osteoporosiaren edo diabetesaren isla.

10. Azaleko garatxoak

Garatxoak giza papilomaren birusak larruazalean eragindako tumoreak dira. Birus batek eragindako arazoak direnez, dermatologoari erakustea komeni da. Hiru eratako garatxoak daude: arruntak, lauak eta oin-zola eta esku-ahurretan agertzen direnak. Beste era batekoak dira ipurdi eta genitaletan kokatzen direnak, pertsona helduetan transmisio sexualeko gaixotasun baten sintomatzat hartzeraino. Horrelakoak agertuz gero, onena ginekologoarengana joatea da.
              
Jabier Agirre
berria      
(2011-03-08)
                                      

2011-03-04

Nola esan esan beharrekoa

Nola esan zure sentimenduak zapaltzeak negargura ematen dizula?
                  
Bai… aspalditik zure burua jira bueltan dabil, gogo gutxirekin, jateko grina ere joan zaizu, eta bera ikusten duzunean baino ez zaizu agertzen benetako irribarretxoa; tamalez, irribarre hori askotan kentzen saiatzen zara inork ere ez dezan jakin berak pizten dizula zure barneko poza.
                              
                               
Bera ikusten duzunean sua sentitzen duzu barrenean. Batzuetan, zure masailak gorritu ere egiten dira; alboan jesartzen bazaizu, eskuak izerditan hasten zaizkizu, eta bihotzaren taupadaren burrunbada entzuten ahal duen galdetzen diozu zeure buruari. Hankatartekoaren beroaldia ere sumatzen duzu. Harekin hitz egitea oso gogokoa duzu, baina aldi berean ahoa lehortzen zaizu, eta hitz adimentsu bat ere ez zaizu ateratzen; memeloa ematen duzu. Askotan bera zugana datorrela ikusten duzunean zer edo zer galdetzera zuk ospa egiten duzu. Ez duzu nahi berak zu urduri ikustea. Beste batzuetan paso egiten duzu, eta orduan zeure buruarekin haserretu ere egiten zara… Gero etxeranzko bidean triste joango zara, zeure burua madarikatzen behin eta berriro.
                  
Asteburuetan, kuadrillarekin egoten zara. Bera ere askotan egoten da hantxe. Eta betiko erritual moduan taberna batean asteko kontuak partekatzen, zuon jakinminei bueltak ematen, politika ere aztergai eta nola ez nesken eta mutilen harremanei buruz hitz egiten: ligeak, abenturak, bikotekideak, amestutako gizon edo andre ideala…
                             
                               
Erretzekoa edota edatekoa tartean dagoelarik, solasaldia erraztu egiten zaizue. Baina zuri ez, zuk kontrolpean daramazu dena, ez duzu nahi inork jakitea nor den zure benetako kutuna; are gehiago, pista faltsuak ere eman ditzakezu. Jada oso abila zara, ia-ia ez zara konturatzen ere. Zure ustez, lagunek ez dute ulertuko piperrik ere. Batzuetan pentsatzen duzu barre egingo dizutela askotan ziria sartzen dizutelako, ez dizutelako lagunik edo bikotekiderik ezagutu. Edo zenbatetan pentsatu duzu benetan barrena askatuz gero zuon arteko harremana aldatuko dela, eta ez onerako hain zuzen ere.
                  
Nola esan, ezta Jon, aspalditik Mikel maite duzula? Nola esan, ezta Maddalen, Marta ikusten duzun bakoitzean urduri jartzen zarela? Nola esan partida jokatzen duzunean hainbeste gozatzen duzula sikiera gertu daukazulako? Nola esan zure gurasoei? Zer pentsatuko dute?
                       
                  
Nola esan zenbatetan amestu duzun Martak bere umeak ikastolan utzi ostean zure etxera joaten dela zurekin oheratu nahian? Nola esan zuk ere nahiko zenuela herriko plazan musu bat ematea zure kutunari, Idoiak Iñakiri ematen dion moduan. Nola esan zure sentimenduak egunero zapaltzeak negargura ematen dizula? Nola esan zeuk ere ez zenuela imajinatzen 60 urterekin maitemindu zinela? Nola esan zuk ez duzula aukeratu nor gustatzen zaizun? Nola esan kokoteraino zaudela euren galderekin?
                             
                         
Nola esan.
            
Ez dakigu. Ez daukagu errezeta magikorik eta. Nahi ere ez.
            
Norberaren bidaia magikoa oso konplexua da.
                 
Barrenak esango digu zein den gure tempoa, erritmoa, prozesua… Eutsi horri!
                      
Beldurra eta desioak beti bidaide. Ez denbora galdu horiek baztertu nahian!
            
Aukeratu zure bidelagunak, behar izanez gero alboan edukitzeko.
         
Animo eta bidaia ona egin!
              

               Agurtzane Ormatza Imatz 
berria                  
(2011-03-01)