Aita Barandiaran: euskal antropologo eta etnologo ospetsua

Aita Barandiaran:    euskal antropologo eta etnologo ospetsua

2010-11-28

Anton Erkoreka Barrena

EHUko medikuntzaren historiako irakasle bizkaitarra (Bermeo, 1950).
                     
Anton Erkoreka 1950eko azaroaren 17an jaio zen Bermeon (Bizkaia). Alicanten egin zituen lehen ikasketak eta Medikuntza lizentziatura Euskal Herriko Unibertsitatean, Bilbon, 1969-1976 urteen artean. Salamancako Unibertsitateko doktorea da medikuntzan (1983), familia medikua eta Deustuko Unibertsitateko historia-ondarearen kudeaketan diplomatua. Gizarte Segurantzan, Osakidetzan eta medikuntza pribatuan lan egin du 20 urtez (1977-1997) Sevillan, Palentzian eta Bizkaiko zenbait herritan, Gatika, Laukiniz, Plentzia, Barrika eta Bilbon besteak beste. EHUn irakasle titularra da eta Osasun Publikoa (1979-1986) eta Medikuntzaren Historia irakatsi ditu 1986tik gaurdaino. 1998.urtetik aurrera Medikuntza eta Zientzia Historiaren Euskal Museoaren zuzendaria da Leioan. EHUko Bizkaiko Campuseko errektoreorde izan da 2004-2005.urteetan. Idazle, ikerlari eta historialaria ere bada.
               
Anton Erkoreka bere bulegoan, ikasle izandako batzuekin
               
 “Etniker Euskalerria” taldeetan parte hartzen du Jose Migel Barandiaranek 1973an sortu zituenetik eta “Euskalerriko Atlas Etnografiko”-ko partaide da 1987an eratu zenetik. “Uetena” taldearen sustatzailea izan zen, arrantza eta nabigazioaren ikerketan oinarritua (1978) eta “Bermeo. Udalerri eta itsasoko gaiei buruzko” aldizkariarena (1981-1993), herri eta itsasoko azterketei buruzkoa. Eusko Ikaskuntzaren kide da 1978an berrosatu zenetik, bere ekintzetan aktiboki esku hartu du Antropologia-Etnografia Ataleko buru gisa (1988-1993) eta Bizkaiko lehendakariorde moduan (1997-2002). 1983.urtean Barandiaran Bekaren irabazle izan zen ikerlari taldeko zuzendari izan zen, Bermeo herriaren ikerketan parte hartuz.
              
                 
Bideo honetan ikus daiteke Bermeo bere jaioterriarekin duen erlazio estua. Izaro irlako ikerketan parte hartu du eta ETB1eko Gaur Egun albistegian agertu zen pasa den udako abuztuaren 22an, uhartearen historiari buruz hizketan.
                      
                         
                 
Hainbat aldizkariren erredakzio kontseiluen eta komite zientifikoen partaide, kongresuetan eta bilera zientifikoetan parte hartu du Erkorekak eta konferentzia ugari eman ditu. Bere ekintza ikertzailea Etnografian, Antropologia Medikoan, Mitologian, Historian, Medikuntzan eta Museologian honako aldizkari espezializatuetan argitaratutako 150etik gora artikuluetan islatu da: "Anuario de Eusko Folklore", "Kobie", "Etniker", "Cuadernos de Etnología y Etnografía de Navarra", "Fontes Linguae Vasconum", "Cuadernos de Sección de Eusko Ikaskuntza", "Bermeo", etab. Bakarka eta taldean liburu anitz kaleratu ditu.
           
Bere obra oparoa da, medikuntza eta historia arloan jorratu du batez ere. Bere liburu nabarmenenak hurrenkera kronologikoan:
- El mal de ojo en Euskal Herria (1984)
- Análisis de la medicina popular vasca (1985)
- Medikuntza Antropologia (1985)
- Contribución al Atlas Etnográfico de Euskalerria: Investigaciones en Bizkaia y Gipuzkoa (1988)
- Euskal Antropologoak, Etnologoak eta Etnografoak gaur (1988)
- Los vikingos en Euskal Herria (1995)
- Begizkoa: el mal ojo entre los vascos (1995)
- Izaro. Historia y tradiciones (1997)
- Libro de los milagros de la Virgen de Orito (1998)
- Leyendas, cuentos y supersticiones (2000)
- Análisis de la medicina popular vasca (2002)
- Etnografía de Bermeo (2003)
- Vikingerne på Den Iberiske Halvø (kolaborazioa) (2004)
- La pandemia de gripe española en el País Vasco (1918-1919) (2006)
- La historia de la medicina en el Pais Vasco: 25 años del museo (1982-2007) (2007)
             
               
2009-2010 ikasturtean Medikuntzaren Historia, Teoria eta Metodoa ikasgaia eman zigun EHUko Medikuntza Fakultateko lehen mailako euskarazko talde bati eta tartean nengoen ni. Gorka, Mikel eta hirurok herritar medikuntzari buruz egindako lanean harreman zuzena izan zuen eta azterketa horretan bildu genuen informazioaren atal bat landuko dut esku artean dudan blog honetan.
               

2010-11-24

Herritar medikuntza zuen eskuragarri

Euskal Herriko herritar medikuntza antzinatik gaurdaino iraun duen usadio zaharretan oinarritutako eta aberastasunez jantziriko sendatze era gogoangarria dugu. Ohitura hauek belaunaldiz belaunaldi igarotako ezagutza, sinesmen eta bizipenak dira, mendez mende garatzen joan direnak eta egun, oraindik, gure lurralde txiki honetan bizirik dirautenak.
                       
Ezagutza horien kasu batzuetan sineskizunak daude oinarrian, beste hainbatean ordea, belaunaldi askoren ondorioz metatu den urrea baino baliagarriagoa den esperientzia. Testu anitzen bidez, horiek guztiak biltzen saiatuko naiz gune honetan, merezi duten garrantzia emanez.
                 
Julio Caro Baroja eta Aita Barandiaran
                      
Herritar medikuntzaren aztura eta ohituretan barrena murgiltzea lortuko duzue, erremedioz, sendabelarrez eta sinesmenez jositako pentsamendu herrikoian barneratuz. Informazio arrunt ezberdina izango duzue eskuragarri txoko honetan: gaixotasunak eta sendabelarrak, eritasunen  sendabide eta sendabelarren erabileraren hainbat ohituren kontaketa, antzinako usadioak, ukenduen osaera, sinesmen medikuntza eta enpirikoa, herri medikuntzaren osatzeko era ezberdinak … 
                           
Adinekoen testigantza batzuetan oinarrituz, gaixotasun ezberdinen aurrean zein modutan jokatzen zuten azalduko dizuet, hau da, horiei aurre egiteko zein metodo erabiltzen zituzten. Horrez gain, ohituretan eta herritar medikuntzaren arlo guztietan erlijioak zuen garrantzia ere ikusi ahal izango duzue eta naturaren fenomenoek eta urteko garai desberdinek erremedioak prestatzerako orduan zuten garrantzia ere.
                                             
Dioscorides-en liburua
Aita Barandiaranen “Recetas y remedios en la tradición popular vasca” liburua izango dut euskarri, gaixotasunei buruz idazterako orduan. Sendabelarrak ere sarri izango ditut hizpide, honetarako idazki batzuk ere aztertuz, besteak beste, Dioscorides mediku grekoaren  azterketetan oinarritutako Pio Font Quer-en “Plantas medicinales: El Dioscórides renovado” deritzona. Azkenik, adiskide batzuen laguntza ere edukiko dut, Euskal Herriko eskualde desberdinetako herritar medikuntza zuenganatzeko. 
                                                                                              
Hainbeste urtetan zehar bizirik mantendu den herritar medikuntzak ez du lekurik jada gure gizarte moderno honetan. Makina bat jakitunen ohitura, sinesmen zein misterio galtzen ari dira haizeak hegan eramango bailitu moduan. Testu hauetan murgildu baino lehen, ziurrenik, apenas jakingo duzue ezer herritar medikuntzaren sekretuei buruz, baina mundu honetan sakonki barneratu eta jarraipen hurbila egin ostean, hausnarketa luze bat egiteko balia dezakezue. 
Plantas medicinales: El Dioscórides renovado



                                                                    
Euskal Herrian eta mundu osoan zehazki, etxeko medikuntza, herritarra, erabat galtzen ari dela iruditzen zait eta hori zeharo tamalgarria dela. Gaur egun, gaixotasun oinarrizkoenak sendatzeko ere, ospitaleetara jotzen dugu segituan, lehen berriz, etxean burutzen ziren egin beharreko tratamenduak, produktu naturalak erabiliz eta ohitura eta sinesmenetan oinarritutako ekintzez gidaturik. Nire aburuz, izugarrizko galpena da herritar medikuntzaren desagerpena, tradizio txit interesgarria baztertzen ari garelako.  Oso ederra da, nire ustez, etxe inguruko sendabelar eta produktuekin gaixo bat sendatzea, sinesmen jakin batzuetan sostengaturik. 
                                                                                                                       
Herritar medikuntzaren desagerpenarekin batera, tratamenduak ere galtzen ari gara eta sendabelar naturalez senda ditzakegun gaixotasunak, jatorri ezezaguneko laborategian sintetizatzen diren hauts zuri batzuez ordezkatzen ditugu. Herritar medikuntzak eskaintzen dizkigun onura naturalak ezin lor ditzakegu laborategiko konprimitu batzuen bidez, beraz, tratamendu zehatz batzuetan, sendabelarrak baliagarri direnean noski, horiek erabiltzea komenigarri dela deritzot. Nire iritziz, kasu batzuetarako hobea zatekeen guk geuk geure kabuz lor ditzakegun sendabideak erabiltzea farmako enpresen produktu garestietara jotzea baino. 
                                             
Kamamila
                                                          
Herritar medikuntzak gaur egungo munduarekin zerikusirik ez duela konturatuko zaretela espero dut eta atal honek zuengan geroz eta interes handiagoa piztea. Honakoa xede izanik, herritar medikuntzaren sakonera murgiltzen lagunduko dizuet. Naturak eskaintzen dizkigun sendabelarren inguruko sekretu eta erremedioak erakusten saiatuko natzaizue, beren erabilgarritasuna frogatuz. Etxeko tratamendu herrikoiei buruzko informazio anitz ere erdietsiko duzue, gaur egungo mundu medikoarekin konparatzerainoko modukoa. Beraz, hauxe da nire nahia: alderdi herrikoia ondo ezagutzea, ulertzea eta bere erabilgarritasuna frogatzea, medikuntza zientifikoarekin alderatzeko eta herritar medikuntzak dauzkan onurak ezagutarazteko.
               

2010-11-21

Jose Migel Barandiaran Aierbe

Euskal antropologo, etnologo eta ikertzaile gipuzkoarra 
(Ataun, 1889-1991).
                                   
On Joxe Miel edo Aita Barandiaran ezizenez ezaguna 1889ko abenduaren 31n jaio zen Ataungo Perune-Zarre baserrian, 9 anai-arrebako familian. Frantzisko Antonio Barandiaran eta Maria Antonia Aierbe-ren bederatzigarren semea izan zen. Bost mutiletatik bi umetan hil ziren. Lau alabetatik hiru monja sartu ziren, berriz. 1914an apaiztu egin zen Gasteizen. 

Jentilbaratzako miaketa
Gasteizko Apaizgaitegian teologia eta filosofiako ikasketak burutu eta Burgosko Eliz Unibertsitatean teologiako lizentziatura lortu zuen (1915). Gasteizko Apaiztegiko irakasle eta erretore izan zen. 

1916an etnografi alorreko ikerketaz arduratzen hasi zen; Telesforo Aranzadi eta Enrike Egurenekin batera, hogei urtez iraungo zuen etnografi taldea osatu eta Aralarko zenbait indusketa arkeologiko burutzearekin batera (Aralar, Aizkorri, Ataun-Burunda, Auritz, Auritzperri, Gorriti, Kalamua, Entzia eta Eluso- Soraluzeko trikuharriak, Aralarko haitzuloak, Santimamiñe, Lumantxa, Ermittia, Jentiletxeta, Bolinkoba eta Urtiaga-Itziarko haitzuloak, etab.) hainbat artikulu zientifiko kaleratu zituen. 
                                      
Ekaingo haitzuloan 1978an
1918ko Eusko Ikaskuntzaren lehen biltzarrean esku hartu zuen eta batzar honetatik sortu zen Gasteizko Apaizgaitegiko etnologi laboratorioa. Aranzadirekin batera Paris, Kolonia, Munich, Leipzig, Berlin, Holanda, Akisgran eta Tilburg-eko museoak ikertu zituen (1922). Gasteizko Apaizgaitegi Nagusiko erretore izendatu (1926) eta ondoko urteetako udak etnografia eta arkeologiako lanen prestakuntzan Europan zehar bidaiatuz eman zituen. Gerra hastearekin batera, mugaz bestaldera alde egin behar izan zuen; 1942az geroztik Saran bizi izan zen.
1953an Hego Euskal Herrira itzuli eta Ataunen finkatu zen. Ikerketa askotan esku hartzeaz gain, ikasle asko prestatu zituen. Halaber, zenbait aldizkaritako kolaboratzaile eta zuzendari izan zen. 
 
1920an Eusko-Folklore elkartea sortu zuen, 1956an Eusko-Folklore elkartearen urtekaria berrargitaratu zuen Aranzadi Zientzi Elkartearen babespean eta 1965-77 bitartean Nafarroako Unibertsitateko etnologi katedradun izan zen. Nazioarteko izen handiko hainbat elkarte antropologiko, arkeologiko, kultural eta etnologikoko kidea izateaz gain, Real Academia de la Lengua Española-ko kide, Aranzadi Zientzi Elkarteko ohorezko lehendakari, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko kide, Labayru institutuko ohorezko kide, Eusko Ikaskuntzako lehendakari (1976), EHUko (1978), Deustuko Unibertsitateko (1986) eta Madrilgo Unibertsitate Konplutenseko (1987) honoris causa doktore eta euskaltzain oso (1965-91) izan zen.  

Honoris Causa doktore
Barandiaranen lanaren zatirik handiena historiaurreko leize eta aztarnategiei buruzko ikerlanek osatzen badute ere, era guztietako lanak idatzi zituen: Euskalerriaren alde aldizkarian "Ataun Erdi Aroan" saioa argitaratu zuen (1916), Eusko Mitologia (1924), Gizaki Primitiboaren Historia laburra (1931), Euskalerriko leen gizona (1934), Antropología de la población vasca (1947), Estelas funerarias del País Vasco (1970), Cultura vasca (1977), Historia general del País Vasco (1980), Brujería y brujas (1984) eta Recetas y remedios en la tradición popular vasca (1989). 

Ataungo Sara-Etxea baserria
Oso zaharra izanagatik, lan egiteari ez zion inoiz utzi. Euskaltzale sutsua izan zen eta euskararen alde herri-ekimen askotan parte hartu zuen. Ikerketa etnologiko garrantzitsuak egin zituen; euskaldunon ezaugarriak aztertu, bildu eta ezagutarazi egin zituen. Bere lanak, ondorengoen ikerketen oinarri eta abiapuntu bilakatu ziren.

Jose Migel Barandiaran 1991ko abenduaren 21ean hil zen Ataungo Sara-Etxea baserrian 101 urte zituela, 102 urte betetzeko hamar egun falta zirenean.
                          

2010-11-17

Medikuntza eta Zientzia Historiaren Euskal Museoa

EHUko Leioako campusean, Medikuntza Fakultatean eta Bibliotekan dago Medikuntza eta Zientzia Historiaren Euskal Museoa. 1.520 metro karratuko azalera du, 21 aretotan banatuta eta bertan 4.549 gauzaki eta 5.000 liburu daude, batez ere helburu didaktikokoak. Medikuntzaren historiaren museoa da nagusiki, baina Natur Zientzien eta Teknologiaren historiaren museoa ere bada. Euskal Herriko Medikuntzak azken mendeetan nondik jo du jakiteko grina baduzue, hurbil zaitezte bisitatzera.
   
                  
Egitasmoaren eta museo honen bultzatzaile, sustatzaile eta sortzaile nagusia Jose Luis Goti Iturriaga doktorea da eta gaur egun Anton Erkoreka Barrena da arduradun eta zuzendaria. 1982an sortu zuten. 
                                         
Baina museo honen sorkuntza nondik datorren jakiteko, 1969ra jo behar dugu. Urte hartan egin zen antropologia astean, Koldo Mitxelena, Joxe Miel Barandiaran, Escudero, Basabe eta beste hainbat bildu ziren. Goti doktorea, bere tesi doktorala 60. hamarkadan egin ostean, euskal medikuntza jorratu nahian zebilen. Laguntza ugari jaso zituen kultura, zientzia, medikuntza eta unibertsitateko pertsona batzuen eskutik eta aurrera egin zuen; 1979an Euskal Herriko Medikuntzaren inguruko eskolak ematen hasi zen (larunbat goizetan unibertsitatean).
            
Eta azkenik, mediku eta akademiko batzuek ekarritako gauzaki, material, liburu eta dokumentuei esker, 1982ko maiatzaren 25ean inauguratu zen museoa. Monreal irakaslea zen orduko errektorea eta Mendez doktorea Medikuntza Fakultateko dekanoa. Han izan ziren, besteak beste, Julio Caro Baroja eta Joxe Miel Barandiaran.
                                               
                  
Jose Luis Goti doktoreak eginiko lanaren emaitza da museoa, eta sortzailearen izena darama orain museoak. Hainbat jardunaldi, mahainguru eta ekitaldi burutu dira museoan. Museoak helburu eta betekizun ezberdinak ditu. Batetik, interes zientifiko eta kulturala eta bestetik, helburu dozentea edo didaktikoa: ikasleek medikuntza-praktikak egiten dituzte bertan eta bertan ikasitakoak azterketarako balio du.
                                  
Duela hiru urte mende laurdena bete zuen museo hau Euskal Medikuntzaren ondarea da. Munduko edozein museotako aretotan, istorio harrigarriak gordetzen dituzten objektuak aurki daitezke, museoak, azken finean, iraganaren ondarea direlako. Medikuntza eta Zientzia Historiaren Euskal Museoan, esate baterako, askotariko bitxikeriak aurki daitezke: mikroskopioak, sendabelarren aleak, xiringa zaharrak eta aspaldiko botiken edukiontziak, besteak beste. Barriola izeneko gelan, XIX. mendeko zirujauen lanabesak ageri dituen maleta bat dago, museoak Bilboko mediku familia batengandik dohaintzan jaso zuena. Anton Erkoreka museoko zuzendariak azaldu duenez, tresnak lehenengo karlistaldikoak zirela uste zuten. Baliteke, beraz, Zumalakarregi jeneralarekin Bilbo setiatzera joandako armadako zirujauen tresnak izatea museoko apaletan gaur egun ikus daitezkeenak. 

Bi ezaugarri nagusi dauzka Erkorekak zuzendutako museoak. Alde batetik, XX. mendeko medikuntza hartu dute ardatz, hori baita beren espezialitatea, eta, bestetik, bildutako objektu ia guztiak jatorrizkoak dira, iraganean medikuek erabilitakoak; kopiarik ez dago haienean. 

Urtero sei mila bisitari inguru ditu museoak, eta dozenaka ikertzailek zein ikaslek erabiltzen dituzte museoak eskainitako informazio iturriak. Euskal Medikuntzaren Historia eskolak ere museoko mintegian egiten dituzte. 
              
Jakin-minak interesa piztu badizu, zatoz eta ezagut ezazu!                                                                                                                                                                                       

Euskal herritar medikuntzan murgilduta

Euskal Herrian gure arbasoek gaixotasun 
eta ondoezei aurre egiteko zituzten 
baliabideen berri ematea izango da honen 
xedea, gure jakintzak zabalduz herritar 
medikuntzaren berri izan eta naturak 
eskaintzen dizkigun bitarteko ugari eta 
sendagarriak ezagutuz.