Aita Barandiaran: euskal antropologo eta etnologo ospetsua

Aita Barandiaran:    euskal antropologo eta etnologo ospetsua

2010-12-13

Sendabelar bidezko tratamendua

Gure gaitzak sendatzeko edota arintzeko sendabelar bidezko tratamendu ezberdinak daude. Landarea (edo bere atal jakin bat) prozesatu egin behar dugu nahi ditugun substantziak eskuratzeko. Eraldaketa hauek modu askotara egin ditzakegu, baina beti lortu nahi dugun efektuari begira. Adibidez, makina bat aplikazio gorputzaren kanpoaldean egin beharko dira. Batzuk larruazalean emateko izango dira: pomadak, hautsak, xaboiak, etab. Beste zenbait arnastu egingo ditugu. Barruko aplikazioa dutenen artean, batzuk irensteko soluzioak izango dira eta beste batzuk injektatzeko prestatuko dira. Azken horien kasuan esterilizazioa guztiz beharrezkoa izango da.
                 
Sendabelarren eragina ez dago zientifikoki frogatua, baina erremedio horiei esker jende asko sendatu ohi da. Batez ere infekzioak, zauriak, tentsio altua, gehiegizko kolesterola, diabetea, zizareak, gibeleko gaitzak, giltzurrunekoak, katarroa, hanturak, mina, etab. sendatzeko baliatzen gara sendabelarrez. Ia denetarik sendatzen duten arren, batzuetan sendagilearengana joatea ere beharrezkoa da, adibidez, ebakuntza egitea derrigorrezkoa den kasuetan.
                  
Hala ere, medikuntza ofiziala eta sendabelarrak ezin dira alderatu. Belar batzuekin lortzen dena, sendagileak ezin du egin; eta alderantziz, badira belarren bidez sendatu ezin diren gaitzak. Beraz, osagarriak dira. Sendagileek gaitza kolpetik mozten dute, baina gorputza bere onera ekartzeko onena sendabelarrak omen dira. Horien eragina beste botikena baino mantsoagoa, motelagoa bada ere, gorputza guztiz osatzen dute. Gainera, landare hauetan adituak diren pertsonek aipatzen dutenez, zenbait gaitz sendatzeko sendagilearen tratamendua jarraitu behar denetan ere, gorputza erabat osatzeko belarrak hartzea komeni da. Azken finean, belar-urak badu zerbait ona: behar bezala hartuz gero, ez duela kalterik egiten eta sendagileak emandako botikekin batera har daitekeela.
                   
Nolanahi ere, sendabelarrak edo farmaziako botikak izan, tratamenduak norberari mesede egingo diola sinestea oso garrantzitsua da. Ez bada sinesten, eragin gutxiago egingo omen du eta tratamendua egokia izan arren, ez omen da sendatzen.
                 
Ongi ezagutzen diren belarrak soilik erabili behar dira, ez da edozein hartu behar. Belar bakoitzaren eragina eta sor ditzakeen arazoak ondo baino hobeto ezagutu behar dira, sendabelar batzuek, gehiegi hartuz gero, heriotza eragin baitezakete. Horregatik, zenbat egunetan hartu behar den eta gorde beharreko atseden-tarteak errespetatzea oso garrantzitsua da. 
                
Sendabelarrak ezagutzea, ordea, ez da nahikoa, belar-urak eta enplastuak prestatu baino lehen belarra ongi lehortzen jakin behar baita. Horretarako, etxe inguruko belarrak bildu eta ilunpean, toki lehorrean eta egurastuan idortu behar izaten dira.
                
                               
Sendabelarrak erabiltzeko modu desberdinak daude, hauek dira horietako batzuk:
               
Infusioa 
Eraldaketa-prozesu errazenetako bat infusioak prestatzea da. Metodo honek sendabelarraren alde bigunetan (loreetan, hostoetan eta kimuetan) dauden printzipioak eta lurruntzen diren konposatuak eskuratzeko aukera emango digu. Infusioa egiteko, irakiten ari den urari landarea bota behar diogu eta gero beratzen utzi. Estaltzea komeni izaten da, printzipio sendagarriak ez lurruntzeko eta azkenik, iragazi. Adibidez, zaingorriaren (Geranium robertianum) infusioak beherakoa desagertzen laguntzen du eta diabetearen kontrako eragina ere badu. Huntzaren (Hedera helix) infusioa hartuz gero bestalde, hilekoak ez dira horren mingarriak izango. Zirkulazio-arazoen kontra, elorri zuriaren (Crataegus monogyna) hosto eta loreekin egindako infusioa primeran dator; gure arbasoek txikoriaren (Cichorium intybus) infusioaz igurzten zituzten abereak eulien ziztadak saihesteko.
                                  
Infusioa
                                        
Egosketa
Enborretan dauden printzipioak eskuratzea zaila gertatzen denean edota soluziora pasatzeko denbora luzean beroa behar dutenean, egosketa erabiltzen da. Kasu hauetan landarearen zatiak (sustraiak, azalak, fruituak eta hosto gogorrak) uretan jarri eta denbora batez (10 eta 20 minutu bitartean) egosten edukiko ditugu. Metodo hau erabiltzeak lurruntzen diren printzipio aktiboak galtzea ekarriko du eta lortutako egoskian ez dira sekula landarean zeuden printzipio guztiak agertuko. Azeribuztanaren (Equisetum telmateia) egosketa konjuntibitisaren kontra erabiliko dugu eta uztaroaren sustraiena (Rumex acetosella) hepatitisari aurre egin behar zaionean. Ilea galtzen ari zarela ikusten duzunean, urkiaren (Betula pendula) egoskiarekin burua garbi dezakezu eta zauriak ondo ixteko, azkenik, urkiaren azal eta hostoekin egindakoa erabili.
              
Beratzea
Ez du inongo beroketarik behar, landareen substantzia aktiboak ur hotzetan disolbagarriak diren kasuetan erabiltzen da. Sendabelarra ur hotzetan ordu batzuk utziz gero, printzipio guztiak soluzioan geratuko dira. Erabilitako landare-zatiaren arabera, ordu gehiago edo gutxiago eduki beharko dugu uretan; adibidez, hostoen eta loreen kasuan, nahikoa da 6tik 12 ordura edukitzea; sustraiak eta azalak, ordea, 24 ordu inguru egon beharko dute uretan. Edonola ere, prozesua ez da gehiegi luzatu behar, hartzitzea gertatu edo onddoak ager baitaitezke. Sendabelarrak alkoholetan, oliotan edota ardotan ere bera daitezke. Udaberri-lorea (Primula veris) beratuz eta 30 egunetan oliba-oliotan edukita, erreumak eta erredurak azkarrago pasatuko zaizkigu. Azala leundu nahi badugu, astalarrosaren (Rosa canina) petaloak beratuz lortuko dugun soluzioa erabiliko dugu eguneroko garbiketan.
                                 
Kataplasma edo enplastua
Kataplasmak prestatzeko modu desberdinak daude erabileraren arabera. Beroak izango dira zauriren bat sendatu nahi badugu adibidez, baina barize edo erreduren kasuan kataplasma hotzak erabiliko ditugu. Sendabelarrak benda batekin jartzen dira, landare freskoek egosaldi arin bat jaso ondoren edo arrautzaren zuringotan berotu ondoren moldagarriagoa izango da kataplasma. 

                    
Enplastua

Zukuen erauzketa
Eraldaketa erabilia da. Horretarako ur-proportzio altuko landare freskoa erabiliko dugu. Zukua lortzeko nahikoa da landarea ur apur batez mortairuan jartzea; horrela, belarraren gatz mineralak eta bitamina guztiak eskuratuko ditugu. Txikoriaren (Cichorium intybus) zukua eztiarekin nahastuta, heste-zizareak kentzea lortuko dugu. Arazoa belarrietako mina bada, artzain-zakuaren (Capsella bursa-pastoris) zukuaren tanta batzuk botako ditugu belarrira.
                                     
Xarabea

Sendabelarrak egosi egingo ditugu, hosto eta loreak ordu laurden batez ur irakinetan ipinita. Sustraiak denbora gehiagoz eduki beharko dira. Ondoren, eztiarekin gozatu daiteke adibidez. Eztula kentzeko zein birikak garbitzeko izan daiteke.
                
Ukendua
Sendabelarrak oliotan egosiko ditugu eta salda hori iragazi ondoren argizaria gehituko diogu. Modu honetara ukendu natural eta eraginkorrak lor ditzakegu. Pomada mota bakoitzarentzat belar ezberdinak daude eta erabilera ere espezifikoa da kasu bakoitzean: erredurentzat, kolpeentzat, zauriak orbaintzeko eta markarik ez geratzeko, hemorroideentzat...
                                                                  
Ukendua
                                                                             
Aberats eta anitza da sendabelarrek eskaintzen digutena eta oso erraza da horiekin liluratzea. Landare bakoitzak ekoitz dezakeen konposatu aktiboen kopurua izugarria da. Beraz, natura gaixotasunak sendatzeko biltegi itzela izan daiteke eta gainera, erremedio horiek guztiak dohainik eskaintzen dizkigu lore, hazi, hosto, sustrai eta fruitu modura. Gaitz asko landare-espezieak hobeto aztertuz eta ezagutuz senda daitezke. Hortaz, sendabelar bidezko tratamenduak interesgarri bezain baliagarriak dira.
                 

No hay comentarios:

Publicar un comentario