Saúco (gaztelaniaz)
Sureau (frantsesez)
6 eta 8 metro arteko luzera har dezakeen arbustu edo zuhaixka dugu intsusa. Itxura aldetik berezia da, adar asko baititu.
Zuhaitz batena bezain zurtoin gogorra dauka. Zurtoin edo enbor horrek bi azal izaten ditu. Bata ikusi egiten da, eta kolore marroia du; bestea, berriz, azpialdean dago, eta berde kolorea du.
Loreak zuriak dira, eta bost lore-hosto txiki dauzkate. Txikiak izateaz gain, bata bestearen ondoan jaiotzen dira. Beraz, lore sorta ederra osatzen dute. Oso usain berezia daukate. Urrutitik ere usaina dauka intsusak.
Adartxo bakoitzak 5-9 hosto izaten ditu. Hostoak bata bestearen parean jaiotzen dira. Adarraren puntan ere hosto bat dauka. Gainerakoen antzera, hostoak lantza itxura dauka. Bestalde, ertzak horzdunak dira.
Fruituak beltzak, mamitsuak eta txikiak dira. Ukituz gero, esku guztia purpura kolorez tindatzen da.
Euskal Herrian oso ezaguna eta erabilia da. Nonahi topatuko dugu. Beste zenbait landarerekin batera, sendabelarrik herrikoienetakoa da. Kaprifoliazeoen familiakoa da. Familia horretan landare mordoa dago. Intsusa |
ZERTARAKO ETA NOLA: Intsusak hainbat erabilera ditu.
Loreak arnasbideko arazo edo gaitz askotan lagungarriak izan daitezke (katarroa, gripea, bronkitisa…), baita sukarra jaisteko, izerditzeko, mukiak botatzeko eta arnasbideko inflamazioak jaisteko ere. Kasu horietan, infusioak egin daitezke loreekin. Infusioak egiteko, 20-30 gramo lore erabiliko ditugu ur litro bakoitzeko. Egunean 2-3 aldiz har daiteke.
Zauriak, erredurak, kolpeak, herpesa, ospelak eta abar baditugu, ukenduak erabiliko ditugu. Ukenduak egiteko, adarren bigarren azala erabiltzen da.
Begiak garbitzeko, konjuntibitisa, bekatxoak… 20 gramo lorerekin egindako infusioarekin garbitu begiak.
Aurpegia garbitzeko edota leuntzeko, loreekin infusioa egin, ontzi handi batean jarri eta, artean beroa dagoela, aurpegia jarri gainean, lurrin horiek hartzeko. Horrek poroak irekiko dizkigu eta, behin eta berriz eginez gero, aurpegia leuntzen lagunduko digu.
NOIZ ETA NOLA BILDU: Loreak, hostoak, fruituak eta bigarren azala erabiltzen dira. Intsusak basoak, bide ertzak eta errekak atsegin ditu.
Udaberri eta uda artean loratzen da. Loreak udan bildu behar dira, fruituak uda bukaeran edo udazkenean, eta bigarren azala ere udazkenean.
Fruituak izan ezik, dena lehortu eta gorde daiteke urte batetik bestera. Gorde behar badugu, gauza bakoitza bere ontzitxoan egitea gomendatzen da, bata bestearekin nahasi gabe.
JAN: Intsusa jateko ona da; bai loreak, bai eta fruituak ere.
Azken horiek helduta daudenean jan behar dira, bestela, oso mikatzak izaten baitira eta nahiko egosgaitzak. Fruituekin marmeladak, jaleak, zukuak, ardoak eta abar egin daitezke.
INTSUSA LOREEN TENPURA: Loreak ere jaten dira. Egokiena arrautza-irinetan pasatu eta olio berotan frijitzea da; gero, nahi bada, azukre pixka bat bota gainetik.
OSAGAIAK: Mineralak, C bitamina, taninoak, kolina eta alkaloideak dauzka. Denak oso garrantzitsuak dira osasuntsu egoteko.
Intsusa loreen tenpura |
ZER EGIN: Intsusarekin infusioak, marmeladak, jaleak, tinduak, ardoak, ukenduak, likoreak eta abar egin daitezke.
INFUSIOA (katarroa, gripea, bronkitisa…): 20-25 gramo lore irakin 3 minutuz litro bat uretan, eta estalita eduki beste 5 minutu. Egunean 2-3 aldiz har daiteke.
UKENDUA (larruazaleko arazoak, erredurak, zauriak, herpesa…): Litro erdi bat oliotan 30 gramo intsusa (bigarren azala) jarri berotzen. Berotu, baina txigortu gabe. Ondoren, 100 gramo argizari urtu sutan. Dena urtutakoan, iragazitako oliba eta intsusa nahasketa bota. Poliki-poliki nahasi eta, erabat hoztu baino lehen, ontzietan sartu.
LANDARE HAUEKIN ERABIL DAITEKE: Tila, malba, ilena, txikoria-belarra, eztul-belarra, biri-belarra…
BITXIKERIA MODUAN: Greziarren garaian adarrekin Sambuke izeneko musika-tresna bat egiten zuten, latinezko izena (sambucus) hortik heldu da, antza denez.
OHARRAK: Intsusaren oso antzeko beste landare bat ere bada gure inguruan. Landare horrren izena andura da (sambucus ebulus). Andura eta intsusaren artean bada alderik, baina hain dira antzekoak, non askok nahastu egiten baitituzte. Ezagutzen ez dutenentzat, adibidez, ez da erraza bereiztea. Intsusa zuhaixka da; andura, berriz, landarea. Nahiz eta handia izan, ez da zuhaixka. 50 eta 200 zentimetro luze izan daiteke.
Intsusaren antzera, adarduna da, baina horiek ez dira horren gogorrak. Zanpatu edo txikitzen baditugu, hostoek nahiko usain desatsegina dute.
Normalean, intsusa loratzen da lehenbizi. Horri loreak lehortu edo erortzen zaizkionean hasten da anduraren loratze garaia. Nolanahi ere, toki askotan elkarrekin izango dira loretan.
Loreak ez dira erabat zuriak, arrosak baizik. Horixe da duten alderik esanguratsuenetakoa. Biak loretan egonez gero, erraz bereiz daitezke.
Bide ertzak, laharrak eta leku zakarrak gustatzen zaizkie, batez ere. Leku hezeak ere atsegin dituzte. Ez da zaila izaten topatzea. Gurean erruz daude.
Biek fruitu beltzak izaten dituzte, baina andurarenak toxikoak dira. Beraz, ez dira jan behar. Halaber, beste hainbat gauzatarako ez erabiltzea komeni da.
Beraz, andura eta intsusa nahasgarriak izan daitezkeenez, komeni da ondo ezagutzea. Izan ere, intsusa oso ona da osasunerako.

No hay comentarios:
Publicar un comentario