Aita Barandiaran: euskal antropologo eta etnologo ospetsua

Aita Barandiaran:    euskal antropologo eta etnologo ospetsua

2010-12-24

Mihura

Muérdago (gaztelaniaz)
Gui (frantsesez)
                
Gabon eguna izanik, gabonetan berezia den sendabelarra da gaurkoan azalduko dizuedan mihura. 
Beti berde-horixka dagoen zuhaitza da. Adarrak edo zurtoinak berde-horiak dira.
Hostoak bata bestearen parean jaiotzen dira, eta horiek ere berde-horixkak izan ohi dira. Luzangak, gogorrak eta muturmotzak izaten dira. 8 bat zentimetrokoak, gehienez ere. 
Adartxo asko izaten ditu landare honek eta landare biribil antzekoa osatzen du.
Fruitua baia zuri biribila da. Hazi bakarra ematen du horrek. Udazkenean ikusten da.
Loreak, horixkak, hirunaka edo launaka ikusiko ditugu. Udaberrian loratzen da.
Lorantazeoen familiakoa da.
Zuhaixka hau parasitoa da. Beste zuhaitzetan jaiotzen da. Beraz, oso erraza da zuhaitz baten goiko aldean muluak osatuz aurkitzea. Hainbat zuhaitz motatan aurki dezakegu (sagarrondoa, udareondoa, akazia…).
                                                         
Mihura
                                        
ZERTARAKO ETA NOLA: Mihura landare TOXIKOA dugu. Baiak edo pikorrak izaten dira barneko erabileran toxikoak. Badute kanpoko erabilera, baina KONTUZ erabiltzeko landarea da; beraz, nahiz eta barneko erabilera izan, aditu edo sendagile baten laguntzaz edo aginduz bakarrik erabiltzea gomendatzen da. Ez da guk nolanahi lasai-lasai erabil dezakegun landarea. Kantitateak edo neurriak eta eguneko hartze kopuruak erabat errespetatu. Hobe izaten da gaixotasun berdinarentzat dagoen beste edozein landare erabiltzea edo, esan bezala, aditu baten gomendioei jarraitzea. Baiak janez gero, zorabioak, gonbitoak, beherakoak eta abar sor ditzake.
             
Barneko erabileran: Infusioak egin beharrean, hobe beratzeak egitea eta, gau guztian utzi ondoren, hurrengo egunean baso txiki bat edatea.
Bihotzarekin eta odol zirkulazioarekin zerikusia duten hainbat gaixotasunetan erabiltzen da: arritmiak, tentsioa egokitzeko…
Epilepsiaren aurkako bezala ere hartzen da, lasaigarri moduan.
                    
Kanpoko erabileran: Asko erabiltzen da ospelen aurka. Hainbat modutara egin daiteke: hostoekin egindako infusioarekin ospelak garbitu edota hanka edo eskuak bertan sartu, gozatzeko. Litro bat uretan 30-40 bat gramo hosto egosiko ditugu 10 minutuz, eta bertan egingo ditugu garbiketak. Horrek odoljarioa bizkortzen duenez, ona da ospelentzat.
Hona hemen beste aukera bat: baiak eta txerri gantza nahasita pasta bat egin eta ospeletan egunean 3 aldiz eman.
Odoluzkiak ere garbi daitezke mihura infusioarekin.
Odoljarioak, ultzerak, zartadurak edo ebakiak: infusio handi batekin garbitu edo mihura duen pomadaren bat eman.
Lunbago eta ziatika kasuetan ere erabilgarria izan daiteke.
                             
OHARRA: Esan bezala, ez dugu gure kabuz erabiliko, aditu baten gomendioak entzungo ditugu. Haurrek eta haurdun dauden emakumeek ez hartzea komeni da. KONTUZ, LANDARE HONEN BAIAK TOXIKOAK DIRA.
                   
NOIZ ETA NOLA BILDU: Adarrak, hostoak eta baiak erabiltzen dira. Udazkenean eta neguan jasotzen dira.
Esan bezala, parasitoa da eta beste zuhaitz batzuetako adarretan aurkituko dugu.
                      
OSAGAIAK: Kolina, azetilkolina, bixkotoxina, tiramina…

Mihura motrailuan txikitzen
                                                                
ZER EGIN: Infusioak, tinduak, beratzeak, kremak, ardoak, estraktoak, konpresak, hautsak…
               
KONPRESAK (konpresa hauek lunbagoa edota ziatika dugunean jarriko ditugu): Litro bat uretan 30 gramo mihura hosto egosiko ditugu minutu pare batez eta 10 minutuan estalia edukiko dugu. Behin denbora hori pasatuta, oihal batzuk bertan busti eta konpresa horiek mina dugun tokian jarri. Nahi izanez gero, konpresa horiekin masajeak eman daitezke.
             
BAINUAK (kanpoko erabileran, ospelentzat): 30 gramo hosto egosi ur litro bakoitzeko, eta bertan hankak sartu, ospelak ur horrekin garbitzeko.
               
BITXIKERIA MODUAN: Euskal Herrian oso ezaguna da mihura; batetik, sendabelar bezala eta, bestetik, Gabonetan badagoelako etxeetako ateetan mihura jartzeko ohitura. Ohitura horren arabera, seinale onaren eta indarraren sinboloa da, energia onak erakartzen ditu eta txarrak uxatu. Horretarako mihurez apaindutako atetik sartu behar da. Era berean, mihura ez omen du norberak berea hartu behar; beste norbaitek oparituta edukitzea omen da egokiena.
                   

No hay comentarios:

Publicar un comentario