Gizakia gizaki denetik, bere bizimodua hobetzeko inguruan dagoenaz baliatu izan da. Hori dela eta, betidanik erabili izan ditu landareak; hasiera batean elikatzeko bazen ere, gerora, esperientzia bereganatu ahala, gaixotasunak sendatzeko eta gozatzeko ere erabili izan ditu.
Oinazeak sendatzeko sendabelarrak erabiltzea aski zabalduta dagoen ohitura da. Euskal Herrian betidanik erabili izan dira eta, zorionez, belarrak bereizi eta horien ezaugarriak, erabilera eta eraginak ongi ezagutzen dituen jendea badago oraindik. Normalean, dakiten ia guztia gurasoengandik eta inguruko jendearengandik jaso izan dute, nahiz eta belarren ezaugarriak ongi ezagutzeko eskarmentua ere beharrezkotzat jotzen den.
Gure arbasoek berehala ikasi zuten landare-espezieak bereizten: jangarriak, toxikoak eta gorputzeko gaitzak sendatzeko onak zirenak. Ezagumendu hori ez zen egun batetik bestera lortu. Hasiera batean, landareen erabilera senezkoa izan zen eta ondorioz, esperientziak erakutsi zien sendabelar bakoitzaren eragina. Bestalde, animaliekiko zuten jakin-mina zela eta (jakin-min hori gerora elikagai gisa baliatzeko eta menperatze-nahi bihurtu zen), horiek zer eta zertarako jaten zuten behatu ohi zuten eta horien trebakuntza bereganatuz joan ziren. Beraz, hasierako senezko ezagutza hori, gerora, esperientzian eta behaketan oinarritutako jakinduria izatera pasatu zen, nahiz eta artean sendabelarren eragina azaltzen jakin ez.
Sendabelarren inguruko ezagutza mendeetan zehar belaunaldiz belaunaldi transmititu izan da; hasiera batean ahoz (horrek dituen ondorioekin) eta gero idatziz. Ahozko komunikazioa zela eta, hainbat akats sortu ziren eta idazteak akatsak saihesten lagundu zuen. Beraz, idazkera asmatu zenean, landareen deskribapenak eta horiek erabiltzeko moduak idatziz agertu ziren eta horrela iraun dute gaur egun arte.
Hala ere, hasierako idazki horietan akats asko dago; garai haietan, belarrak sailkatzeko ezaugarri morfologikoak baino ez ziren kontuan hartzen, gaur egun ezagutzen den sistematika oraindik garatu gabe baitzegoen. Gainera, belar asko izen herrikoia erabiliz sailkatzen zen eta horrek, askotan lagungarri bazen ere, nahastea sortzen zuen. Adibidez, espezie berari bi izendapen eman izan zaizkio (Laurus nobilisari erramu eta ereinotz deitu izan zaio) edota izen bera bi espezie desberdin izendatzeko erabili izan da (adibidez, Digitalis purpurea eta Aquilejia vulgaris espezieei kukupraka deitu izan zaie).
Nolanahi ere, sendabelarren sailkapen eta erabilera askok gaur arte iraun dute eraginkorrak direlako, nahiz eta orduko metodoak, esan bezala, garatu gabekoak izan. Gaur egun ere, arazo franko dugu landareak sailkatzeko eta ezagutzen ez ditugun landare-espezieak ere asko dira oraindik.
Landareak sailkatu ondoren, kimikoki analizatu ziren, beren osagaiak eta konposatu aktiboak zeintzuk ziren jakiteko. Sendabelarren eragina ez dago hostoetan edo enborretan, landareak berak ekoiztutako konposatu kimikoetan baizik (hala nola, alkaloide, glukosido, saponina, terpeno, tanino, etab.etan). Gizakia, horretaz konturatu zenean, konposatu horien analogoak kimikoki ekoizten saiatu zen.
Hala ere, kontutan hartu behar dugu sendabelarretatik lortutako hainbat substantziak eta bere analogo sintetikoek efektu desberdinak izan ditzaketela. Gainera, landare bakoitzak sortutako osagai-kopurua oso zabala da eta, askotan, ezin dira kimikoki sintetizatu.
Landare batzuek zenbait gaixotasun sendatzen laguntzen duten osagaiak dituztela ukaezina da eta, kasu askotan, farmazia-industriako sendagaiek landareetatik ateratako osagai aktiboak dituzte. Izatez, gaur egun erabiltzen diren farmazia-produktuen erdiak iturri naturaletatik lortzen dira. Agian, adibide ezagunena aspirina da, jatorriz sahatsaren azalean eta hostoetan dagoen osagaia baita. Bayer farmazia-industriak aspirina merkaturatu aurretik, mina arintzeko eta sukarra jaisteko, sahatsaren zati horiek egosi eta belar-ur moduan hartzen ziren hainbat tokitan. Beste adibide bat kina zuhaitzetik lortzen den kinina da, gaur egun ere malariaren aurka herrialde askotan erabiltzen dena. Orain, HIESa, alzheimerra eta minbizia bezalako gaitz larri eta zabalduen aurkako borrokan, mundu osoko ikertzaileek iturri naturaletara jo dute, irtenbidea landareetan edo animalietan egon daitekeelako.
Hala ere, hainbat sendagilerentzat landare bidezko sendabideak oso arriskutsuak dira eta farmazia-produktuak hobesten dituzte. Sendagile horiek diotenez, farmazia-produktuetako osagaien kontzentrazioak ondo neurtuta daude eta, horrela, gaixoari ematen zaion kantitatea zehatz-mehatz ezagutzen da. Bestetik, sendabelar gehienetan, osagai aktiboa besterik ez da identifikatu. Horregatik, litekeena da ezagutzen ez diren osagaien artean, batzuek osagai aktiboaren aurkako eragina izatea eta, beraz, sendatzeko prozesua eragoztea edo albo-ondorio kaltegarriak sortzea. Horretaz aparte, sarritan entzuten da gai naturalek ez dutela kalterik eragiten. Alabaina, hori gezurtatzen duten landare toxiko eta hilgarri asko daude.
Farmazia-produktuak egiteko behar dituzten osagai aktibo batzuk landareetatik ateratzen dituztenez eta beren biltze-sistema dela eta, kasu batzuetan hainbat landare desagertze bidean daude edota landare horien dibertsitate genetikoa urritu dute. Naturaren farmazia ez da agortezina.
Naturak eskaintzen digun aukera miresgarri hau ez dezagun hondatzen utzi, gaitz asko landare-espezieak hobeto aztertuz eta ezagutuz senda baitaitezke.
a
ResponderEliminar