Llantén (gaztelaniaz)
Plantain (frantsesez)
Plantaina asko daude, baina hiru ditugu ezagunenak: handia, ertaina eta txikia. Plantaina ez ezik, zain-belarra, ezpata plantina eta zorne belarra ere deitzen diote zenbait tokitan.
Plantaina mota bakoitzaren hostoak eta loreak ezberdinak dira. Hosto luzekoa da plantaina txikia (P. lanceolata); hosto zabalekoa, handia (P. major); eta hosto zabal baina txikia du ertainak (P. media).
Lanceolata deritzona hosto luzea izaten da, ezpata itxurakoa, eta bertan zainak ikus daitezke goitik behera. 3-7 zain paralelo izaten dira horiek. Hosto guztiak lur azpiko sustrai beretik jaiotzen dira, eta arrosetan bilduak aurkituko ditugu.
Zurtoin luze bat izaten dute, hostoa bera baino luzeagoa. Udaberrian loratzen da eta uda guztian aurki daiteke horrela. Loreak zurixkak dira. Buruxka zilindrikoa osatzen dute.
Euskal Herrian oso ezagunak dira landare horiek. Hosto luzeko plantaina erabiltzen da gehien. Aspaldidanik oso erabilia. Ziurrenik, landarerik ezagunenetako bat izango da hau, beste zenbaitzuekin batera.
Plantaginazeoen familiakoa.
Plantaina |
ZERTARAKO ETA NOLA: Katarroak sendatzeko erabiltzen da batez ere.
Katarroa, eztula, arnasbideko gaixotasunak, eztarria hartua, marranta edota faringitisa edukiz gero, plantaina infusio edota jarabeak har daitezke. Edateko ez ezik, gargarak egiteko ere erabiltzen dira infusioak.
Hona hemen beste hainbat erabilera: zauri txikiak ixteko, erredurak, herpesa, zomorroen hozkadak sendatzeko… Kasu horietan, landarea hartu eta, txiki-txiki egin ondoren, zuzenean jarri behar den tokian; hau da, kataplasmak egin. Egunean bi edo hiru aldiz aldatu kataplasma. Ur irakinetan minutu batez egin eta gero, hostoak beharrezko tokian aplikatzea eta gero zapi batekin biltzea da beste aukera bat.
Odoluzki edo almorranekin ere berdin egin dezakegu. Kataplasmak.
Hortzoi odoltsuak, haginetako mina edota ahoko bestelako arazoren bat edukiz gero, ahoa infusioarekin garbitu edo gargarak egin.
Belarriko mina denean, plantaina landare batzuk hartu, ondo garbitu, eta txiki-txiki egin. Ondoren, ur pixka bat bota. Oihal batean hartu dena eta erabat estutu, ahalik eta zuku gehien ateratzeko. Zuku horren tanta pare bat bota belarrian. 24 orduan erabil daiteke zuku hori. Berriz behar izanez gero, berria egin behar da.
Betxindorrik edo konjuntibitisik badugu, edota begiak handituta edo nekatuta baditugu, plantaina infusioekin garbitu. 40 gramo plantaina behar dira ur litroko. 3 minutuz irakin eta erabiltzeko moduan izango dugu. Nahi izanez gero, arrosa urarekin nahasi.
Beherakoa mozteko ere erabiltzen da. 30 gramo hosto litro bat uretan irakin eta minutu pare bat utzi estalita. Gero, ondo iragazi eta egunean 2-3 basotxo hartu.
NOIZ ETA NON BILDU: Hostoa da erabiltzen dena. Plantaina zelaietan, bide ertzetan eta lur landuetan aurkituko dugu, besteak beste. Lehortu nahi izanez gero, udan bildu, erabat loratua dagoenean, eta itzalean jarri. Behin lehortu eta gero, oihaltxoetan gorde urte guztirako.
JAN: Ez dago plantaina jateko ohitura handirik, baina jangarria da. Nahi izanez gero, entsaladan gordinik, edo egosi eta beste barazkiekin batera jan daiteke.
OSAGAIAK: Muzilagoak, taninoak, C bitamina, potasioa, gatz mineralak…
Plantainaren lore zurixka |
ZER EGIN: Jarabeak, infusioak, ukenduak, kataplasmak, zukuak, tinduak…
PLANTAINA UKENDUA (zauriak ixteko, eta zomorroen hozkadak, psoriasia eta abar sendatzeko): 40 gramo baselina, 20 gramo argizari, 40 gramo plantaina infusio eta beste 40 gramo plantaina hosto nahasi su baxuan. Den-dena urtutakoan, sua itzali, hostoak kendu, ondo iragazi eta ontzitxoetan jaso.
INFUSIOA: 25-30 gramo plantaina belar erabiliko dugu ur litroko, eta 3 minutuz irakingo dugu.
KATAPLASMAK: Plantaina 5-6 hosto handi txiki-txiki egin, oihal batean bildu, eta behar den tokian jarri egunean 2-3 aldiz.
JARABEA (katarroa, eztula eta eztarriko arazoak sendatzeko, egunean pare bat koilarakada txiki har daitezke lauzpabost egunean): 300 gramo plantaina hosto, 150 gramo ezti eta ur pixka bat su baxuan berotzen jarri, likido lodi bat egin arte. Iragazi eta epeltzen denean kristalezko ontzitan sartu.
LANDARE HAUEKIN ERABIL DAITEKE: Eukaliptoa, malba, eztul-belarra, artzain-zakua, intsusa, berbena, asuna edo osina…
No hay comentarios:
Publicar un comentario