Herritar medikuntzaren mundu anitz eta aberatsaren barruan jarraituz, gaurkoan Mungialdean egin dut geldialdia eta ikaskide batzuek burututako lanean oinarritu naiz. Haiek Mungiako (Bizkaia) petrikilo batengana jo zuten iaz eta Felisa izeneko sendalariak gaitz eta minak osatzeko zenbait moduren berri eman zien. Emakume honek hainbat sendabide erabiltzen baditu ere, bere masajeak dira azpimarragarrienak.
Mungiako Felisa "bola" ateratzeko tratamenduan |
“Bola” edo “sapoa” pertsona batek urduritasun, estres edo antzeko sintomak dituenean bihotzaren azpiko sabel aldean sortzen den mina da. Eragozpen horrek bola itxura hartzen duelako deitzen zaio horrela eta honek arazoak sor ditzake. Felisak, masajeei esker, “bola” lekuz mugiarazten du eta kaltegarria izateari uzten dio.
Igurtzialdi horiek egiteko sabela alkoholarekin bustitzen du lehenbizi, eskuak ongi irrista daitezen eta min gutxiago egiteko. Tratamendu honetarako aparteko bertutea du eta masajeen bidez pertsonak guztiz sendatzea lortzen du, hurrengo egunetan eri izandakoak lasaitasuna berreskuratzen baitu zeharo.
Felisak aurpegira begiratuz jakin dezake pertsona gaixorik ote dagoen. Begietan egiten du so eta inor triste antzean badago, gaitzak jota edo osasunez gaizki dagoela jabetzen da.
“Bola” edo “sapoa” bihotzaren azpian nerbio eta haizez eratutako zerbait da, sabeleko goi ezker aldean. Nerbio eta haize horrek korapilo antzeko zerbait osatzen du bihotzaren azpiko gunean eta ez dio bihotzari lan egiten uzten. Bihotza itotzen du eta zirkulazioa geldiarazten du nolabait, ondorioz berau pairatzen duen pertsonak gaizki pasatzen du. Tripa, bizkarra eta buruari egiten dio kalte, okerrena burukoa izanik, depresioekin hasten baita. Medikuek ez dute oinazea arintzeko balio eta ez da botikarik behar izaten.
"Bola" hatzen bidez mugitzen da sabelean, ezkerretik eskuinera |
“Bola” atera egin behar da, baina zaila da kanporatzen. Eskuko hatzez, pixkanaka ezkerretik eskuinera eramaten da “sapoa”, bihotzaren azpitik sabeleko eskuin behealdera. Hala ere, ez da erraz aurkitzen, “bola”-rekin batera beste gauza batzuekin topo egiten baitu sendagileak. Noizean behin kiste edo gantz zati bat aurkitu izan du Felisak. Bihotz azpian egoteaz gain, zerbikaletan ere ager daiteke “bola” deritzon hori. Odolak urduritasuna eragiten duten nerbioak gorputz guztian zabaltzen ditu eta bertigoa sendatzeko nerbioak bertatik desagertu behar dira.
Gaixoa emakumea den kasuetan, hilekoarekin badago masajerik egin behar ez dela jakitea garrantzitsua da, egun horietan odola mugitzen ari delako. Tratamendua egiteko kontuan hartzeko baldintza da hilekoarena eta ez da gezurrik esatea komeni. Okasio horietan pare bat egun edo hiru egunez zain egotea da onena, hilekoa pasatzen den arte itxarotea alegia.
Hego haizea denean gehiago erasotzen du “bola”-k eta ekaitza badago okerragoa izaten da, ekaitzak urduritasunean gehiago eragiten baitu.
Sendabidea zorrotz bete behar da osatua izan nahi bada. Egun batean tratamendua egin eta gero, biharamunean atseden hartu behar da eta hurrengo egunean berriz osabideari ekin. Beraz, 1, 3 edo egun bakoitiz jarraitzen da prozedura, hots, bi egunean behin, ahalik eta eragozpena desagertzen den arte. Arazorik gabe iraun dezake sendabidea jaso duenak urtetan, hiletan edo agian astetan zehar bakarrik.
Ezkerreko besoa luzatu behar da |
Tratamendua hasteko seinalea ezkerreko besoak adierazten du, bihotzaren azpiko heste lodi inguruan “bola” hori agertu bada, besoa laburtu egin baita. Hau gaixoari bi besoak gorantz luze ipinita ikus daiteke eta ezkerrekoa laburragoa dela antzeman dezake petrikiloak.
Jarraian, gaixoak gorputza lasai daukalarik, bular aldean besoak gurutzatzen zaizkio, sendagileak atzetik heltzen du eskuetatik eta besoetatik tira egiten du atzerantz, gorputza pixka bat estutuz. Hiru alditan hiruna tiraldi egiten dira, hasieran eskuineko besoa gainetik gurutzatuz, ondoren ezkerrekoa eta azkenik eskuinekoa berriro ere, nahiz eta “bola” ia beti lehenengoan ateratzen den. Gurutzapenak bukatzean besoak luzatzen zaizkio gorantz eta bi besoen luzera bera dela egiaztatzen da.
Gero, sabela aztertzen da. Eskuez tripa igurzten da ukendu batez eta “sapoa” bihotz azpitik sabelaren beheko eskuineko iskinera eramaten da hatzen bidez poliki-poliki jaitsiz. “Bola”-k ibilbidean zehar soinuak egiten ditu: kri-kro.
Amaitzeko, alkohol, usin edo antzeko likido batez garbitzen da sabeleko larruazala eta hurrengo egunera arte atseden eman behar zaio gorputzari. Pertsona osatu egin da.
Urduri jartzean, atsegina ez den zerbaiten aurrean edota atsekabe bat dela eta, normalean jateari uzten diogu, ez baitugu adorerik izaten. Kasu horietan “bola” berriro ager daiteke eta aurretik zeukan lekura atzera buelta daiteke. Azterketa garaietan gehiago erasotzen du bihotzaren azpian sartuz eta huraxe izaten da jateko gogoa piztea uzten ez duena.
Jateari ez lagatzea oso garrantzitsua da sendabide honetan, tratamendu honek ez baitauka sendagairik eta jaten duguna baita arrakastaren botika bakarra. Urduritasuna dela eta, urdailean gasak eratzen diren arren, hauek hartzen duten gune txikia izan ezik gainerako guztia libre dago digeritzen ditugun elikagaietarako. Horregatik, “bola” edo “sapoa” agertzerik nahi ez bada, jateari ez uztea gomendatzen da.
Mila esker Nerea Aguirre, Maite Aguirre, Eneritz Alonso eta Iñigo Aranguren.
eibarren badao bat erpesak sendatzen dittuna bebai. harrigarrixek die.
ResponderEliminar"la herbolera" liburua gogoraarazi dit
nik ere irakurri dut "La Herbolera" jaja :)
ResponderEliminarBeñat!!
ResponderEliminarGogoratzen naiz klasean bideoa ikusi genuenean. Lorenak esan dun bezala harrigarriak dira bai...
Iepa!!Niri ere lehengo urtean lanak egin genituenekoa etorri zait gogora. Oso interesgarria iruditu zitzaidan.
ResponderEliminarEgia da Felisarekin hitz egin ostean nuen kuranderei buruzko pentsaera erabta aldatu zitzaidala. Gainera, efektiboa da erabat berak egindakoa, hurrengo astean lasai-lasai ibii baikinen...Eta hori azterketak hurbil zirela!!!
ResponderEliminar