Aita Barandiaran: euskal antropologo eta etnologo ospetsua

Aita Barandiaran:    euskal antropologo eta etnologo ospetsua

2011-01-06

Berbena

Verbena (gaztelaniaz)
Verveine (frantsesez)
                       
Utziz gero, 80 zentimetro edota metro bat neurtzera irits daiteke. Zurtoin nahiko gogorra eta lauangeluarra du. Adartsua da, adar luzeak ditu, gainera. Hostoak korapiloetatik jaiotzen dira ezker-eskuin, eta erronbo itxurakoak dira. Zenbat eta gorago, orduan eta hosto txikiagoak ditu. Berdeak dira horiek. Hostoen ertzak ez dira batere erregularrak. Hala ere, zenbat eta gorago orduan eta erregularragoak dira.
Loreak lila kolorekoak izaten dira, eta adartxoen goiko aldean jaiotzen dira.
Fruitua lau hazi dituen kapsula lauangeluarra da.
Euskal Herrian aspaldidanik da oso ezaguna eta erabilia. Sendabelarrik ezagun eta erabilitakoena dela esan daiteke.
Berbenazeoen familiakoa da. Familia horretan ia 800 landare dauzkagu.
Oso antzinatik erabiltzen da. Erdi Aroan izurriaren aurka erabiltzen zuten.
Soldadu erromatarrek ere beren poltsetan eramaten zuten, zauriak sendatzeko.
                                                                   
Berbena
                               
ZERTARAKO ETA NOLA: Berbenaren ezaugarririk garrantzitsuena zikinkeria, pasmoa, infekzioa kentzea eta garbitzea da.
            
Infusioak egiteko, gehienez 5 gramo landare lehor erabiltzea komeni da baso handi bakoitzeko. Ez dugu tratamendu luzerik egingo. Kanpoko erabilerako kantitateak gehitu daitezke.     
Zauriren bat gaiztotu edo azalean zerbait sartuz gero (arantza, ezkarda…), berbena enplastuak jarriko ditugu. Enplastu horiek hiru egunean jarri, eta zazpi egunean atseden hartu. Ez bazaigu behar bezala sendatu, berriz jar dezakegu.
               
Infekzioak barnekoak ere izan daitezke zenbaitetan; kasu horietan, infusioak har daitezke, baina gehiegikeriarik gabe, betiere. 
Zauri edota baben kasuan, enplastuez gain, infusioekin garbi daiteke inguru guztia.
Sinusitis kasuetan, enplastuak jarri, beharrezko tokian (kopeta, masailak, sinu paranasalak), eta atsedena dugun egunetan berbena-belarra duen ukenduren batekin masajeak eman.
             
Buruko min handiak eta gogorrak edukiz gero, berbena-belar infusioa hartu egunean pare bat aldiz, lasaigarria baita. Alkoholarekin igurtziak ere eman daitezke kopetan eta lokietan. Landare hezeekin edota aurretik frijitu edo irakindakoekin egindako kataplasmak egunean behin eta hiru egunetan ere jar daitezke.         
Ondo dator beste hainbat min arintzeko ere, hala nola, hilekoarekin zerikusia dutenak, menopausiarekin lotutakoak, giharretakoak, lunbago eta bihurrituak… Lunbago kasuan, enplastua ere jar daiteke. Baita aurretik oliotan irakindako berbena-belar hostoekin egindako kataplasma ere. Olioarekin igurtziak edo masajeak ere eman daitezke.
             
Katarroa, bronkitisa eta abar edukiz gero, infusioak hartu edota bularrean edo bizkarrean berbena-belar enplastuak jarri, hiru egunetan berriz ere, eta, gero, atseden hartu. Gehiago behar izanez gero, zazpi egun igarotzen utzi, eta berriro ipini. Handik aurrera ondo bagaude, ez dugu gehiago ipiniko.            
Eztarriko  arazorik bada, amigdalitisa, adibidez, oso ona da berbena-belar infusioarekin gargarak egitea.
               
NOIZ ETA NON BILDU: Landare osoa erabiltzen da: hostoak, zurtointxoak eta loreak.
Erabat loratu gabe dagoenean jaso behar da. Udaberrian eta udan izaten du lore gehien; tokiaren araberakoa da hori. Lehortu eta urte guztirako jasotzen da. Lehortzeko modurik egokiena lore sortak hartu eta buruz behera jartzea da. Behin ondo lehortuta daudenean, urte guztirako jasoko ditugu pitxarretan, toki lehor eta ilunean.
             
Berbena-belarrari zelaiak, etxe ondoak, bide ertzak, toki harritsuak, baratzeak eta abar gustatzen zaizkio.
                 
OSAGAIAK: Berbenalina eta berbenina glukosidoak (lehortzean asko galtzen dira), taninoak, muzilagoak, saponinak eta abar.
                  
Berbena ukendua
                      
ZER EGIN: Ukenduak, infusioak, gargarak, enplastuak, ardoak, alkohola, olioak, tinduak...
                
ENPLASTUA (3 egunean jarri, eta hurrengo 7 egunean atseden hartzea komeni da): Askorentzat oso ezaguna da enplastua. Oliba oliotan eskukada bat berbena-landare jarri. Ez dugu erreko, baina bai pixka bat berotu. Ondoren, arrautzaren zuringoa botako dugu zartaginera eta bildu egingo dugu, hau da, tortilla antzekoa egingo dugu. Hori zapi baten gainean jarri, bildu, eta arazoa dugun tokian jarriko dugu, ahalik eta beroen.
                    
INFUSIOA: 5 gramo berbena-belar erabili 200 ml ur bakoitzeko, eta egunean bitan hartu.
              
KATAPLASMA: 20 gramo berbena hartu, txiki-txiki  egin eta, oihal batean bildu ondoren, beharrezkoa den tokian jarri egunean behin eta 3 egunean.
              
OLIOA: 5 gramo berbena-belar gainean oliba olioa bota, estali arte. Hori 5 minutuz su baxuan berotu. Bai hostoak eta baita olioa bera ere erabiltzeko moduan izango ditugu hoztutakoan.
                
BITXIKERIA MODUAN: San Joan bezperan lorea biltzen duenari zoriontasuna eta maitasuna ekarriko dion sineskeria bat badago. Berbenak badu bere eguna, egun magikoa edo esaten zaio. San Joan bezpera da hori, ekainaren 23a. Magia horri jarraituz, normalean, egun horretan bildu behar da, gauean edo hurrengo eguna argitu aurretik. Esaten dutenez, egun horretan izaten du indarrik handiena.
                

No hay comentarios:

Publicar un comentario