Aita Barandiaran: euskal antropologo eta etnologo ospetsua

Aita Barandiaran:    euskal antropologo eta etnologo ospetsua

2011-01-16

Erromeroa

Romero (gaztelaniaz)
Romarin (frantsesez)
            
1,50 m-ko altuera har dezake zuhaixka usaindun honek.
Beti berde egon ohi da, eta adar asko izaten ditu. Zurtoina gogorra izaten da, egurtxo modukoa.
Hostoak berde ilunak dira goiko aldetik, eta zuri-zilarrak edo grisak, berriz, azpitik. Ertzak barrurantz izaten ditu. Hostoak bata bestearen parean ateratzen dira. Hosto eta adar asko ditu.
Loreek orban zuri-urdin eta moreak dituzte. Hostoen goiko aldean jaiotzen dira horiek. Udaberrian loratzen da eta uda guztian irauten du halaxe. Loreei eusteko kaliza bat izaten du, eta horren barruan fruituak egoten dira.
Mediterraneo aldean asko izaten da. Erromero askoko tokia usainagatik jakin edo ezagut dezakegu. Landatu ere egiten da, bai itxitura moduan, bai usainduna delako, bai eta sendabelar moduan erabiltzeko ere.
Antzinatik erabili izan da sendabelar gisa.
Ezpaindunen familiakoa da.
       
Erromeroa
        
ZERTARAKO ETA NOLA: Kanpoko eta barneko erabilerak bereiziko ditugu:
            
Kanpoko erabileran, ona da erreuma, artritisa edo lunbalgia duten pertsonentzat. Erromero alkoholarekin igurtzi batzuk emateak mina lasaitzeko balio du. Nahi izanez gero, xukadera batekin-edo inguru guztia estali, gorputzak une batez bero hori gorde dezan. Alkoholik ez badugu, eskukada bat erromero (35 gramo) egos dezakegu litro bat uretan 15 minutuz. Horrekin konpresak egin eta mina dugun tokian jarri.
Hileko mingarrien kasuan ere berdin egin dezakegu; giltzurrun aldean masajetxo bat emango dugu alkoholarekin.
           
Giharretako mina, gogordurak, bihurrituak, tortikulisa: alkoholarekin igurtziak eman.
Ile asko erortzen zaien pertsonentzat lagungarria izan daiteke erromero olioarekin ilea gauean igurztea. Gau guztian utziko dugu olioak bere lana egin dezan.
Zauriak garbitzeko eta ixteko ere erromero hosto eta loreak erabiliko ditugu. Horiekin egindako infusio batekin ondo garbitu, eta zauria gasa batekin estali. 25 gramo landare egosiko dugu 10 minutuz. Ur horrekin garbitu.
          
Bainuak ere har daitezke; erromeroa bizkorgarria da, esnatu edo espabilatu egiten du. 50 gramo erromero hosto 5 litro uretan egosi, ur hori bainuontzian bota, eta behar adina urez bete.
Katarroa, eztula, bronkitisa, asma, arnasbideko arazoak eta abar baditugu, lurrinak ere egin ditzakegu. 20 gramo erromero egosi 10 minutuan, eta lurrin hori arnastu, burua lurrinaren gainean jarri eta ondo estalita; egunean bitan egin daiteke.
           
Barneko erabileran, ur litroko 20-30 gramo edo baso bakoitzeko koilarakada txiki bat erromero erabili. Egunean bi basotxokada hartu.
         
Landare suspertzailea dugu; zenbait organo suspertzeaz gain, animoa ere altxatzen du. Odol fluxua hobetzen laguntzen duenez, ona izan daiteke oroimenarentzat, kontzentrazio faltarentzat, jakekentzat, nerbioentzat, buru edo nerbio ahultasunarentzat… Hau da, nerbio sistema suspertzen du. Animoz baxu edo indarrik gabe dabiltzan pertsonentzat lagungarria izan daiteke.
        
Gibelaren jarduera orekan mantentzeko baliagarria da. Odola arintzeko eta horren lana suspertzeko. Behazun arazoak, zirrosia, kolesterola, ikterizia eta beste direnean ere, ongi etortzen da infusioa edatea. Baita sabeleko arazoak (digestioa hobetzeko, adibidez) edo eta haize asko izaten dutenentzat ere.
Tentsioa igotzeko ona da. KONTUZ tentsio altua dutenek. Horiei ez zaie komeni.
             
OHARRA: Erromeroa ez zaie komeni haurdun daudenei, tentsio altua dutenei edota giltzurrun arazoak dituztenei. Barneko erabileran, ez dugu behar baino denbora gehiagoz hartuko. Tratamendu zehatzak egingo ditugu.
                
NOIZ ETA NON BILDU: Hostoak eta loreak erabiltzen dira. Ia urte guztian egoten da loretan. Lehortu nahi izanez gero, sortak egin eta zintzilik jarri toki lehor eta haizetsuren batean, eguzkitatik urrun, Udaberria eta uda dira horretarako sasoi egokienak.
         
JAN: Sukaldean asko erabiltzen da: saltsetan, haragiari botatzeko, gozagarri gisa…
            
OSAGAIAK: Taninoak, borneol olio esentziala, alkanforra, C bitamina, erromero esentzia, pineola, zineola, saponina eta beste hainbat.
           
Erromero hostoak
       
ZER EGIN: Erromeroarekin gauza asko egin daitezke: olioak, alkohola, tinduak, konpresak, infusioak, lurrinak, ardoak, esentziak, xanpuak, bainuak, pomadak…
            
ERROMERO ALKOHOLA: Oso erraz egin dezakegu.
Kanpoko erabilera: Erreuma, zaintiratuak, okerdurak eta giltzurrunetako mina sendatzeko, odola arintzeko eta abar erabiliko dugu.      
NOLA: 70 graduko litro bat alkoholetan 250 gramo lore jarri, 9 egunez. Egunero pixka bat nahasi, poliki-poliki. Egun horiek betetakoan, ondo-ondo iragazi eta ontzi batean gorde.
       
BAINUAK: 5 litro uretan 150 gramo hosto eta lore irakin minutu batzuez. Bero dagoela, bainerara bota eta behar adina ur gehiago jarri.
         
INFUSIOAK: 20 gramo ur litro bakoitzeko, hori 10 minutuz irakin eta egunean 2 edo 3 basotxokada edan.
         
OLIOA: Erromero hosto eta loreak jarri txarro batean, eta horiek estaltzeko adina oliba olio bota. Egunero pixka bat mugitu eta eguzkitan 30 egun eduki. Hilabetea pasatakoan, ondo-ondo iragazi, eta berriz ere txarro batean gorde. Erabiltzeko prest dago.
       

5 comentarios:

  1. Kaixo!
    Oso interesgarria Blog-a! 2 kontsulta nituzke: lehena, Hernani inguruko ukenduei buruzkoa. Ezagutzen al duzu bertako ukenduren bat? Benetan interesatua nago eta eskertuko nizuke helbide honetara bidaliko bazenit (edo harremanetan jarri...) :
    hz.2009@hotmail.com
    Bestalde, aholkatuko al zenidake EH-ko sendabelarrei/ukenduei buruzko libururen/informazio puntturen bat?
    Mila esker.

    ResponderEliminar
  2. Eskerrik asko!
    Informazio bila ariko naiz eta ea zerbait lortzerik dudan.

    ResponderEliminar
  3. oso artikulu interesgarria Beñat!

    ResponderEliminar
  4. Oso Blog interesgarria Beñat(:
    Asko gustatu zait!!

    ResponderEliminar