Nola esan zure sentimenduak zapaltzeak negargura ematen dizula?
Bai… aspalditik zure burua jira bueltan dabil, gogo gutxirekin, jateko grina ere joan zaizu, eta bera ikusten duzunean baino ez zaizu agertzen benetako irribarretxoa; tamalez, irribarre hori askotan kentzen saiatzen zara inork ere ez dezan jakin berak pizten dizula zure barneko poza.
Bera ikusten duzunean sua sentitzen duzu barrenean. Batzuetan, zure masailak gorritu ere egiten dira; alboan jesartzen bazaizu, eskuak izerditan hasten zaizkizu, eta bihotzaren taupadaren burrunbada entzuten ahal duen galdetzen diozu zeure buruari. Hankatartekoaren beroaldia ere sumatzen duzu. Harekin hitz egitea oso gogokoa duzu, baina aldi berean ahoa lehortzen zaizu, eta hitz adimentsu bat ere ez zaizu ateratzen; memeloa ematen duzu. Askotan bera zugana datorrela ikusten duzunean zer edo zer galdetzera zuk ospa egiten duzu. Ez duzu nahi berak zu urduri ikustea. Beste batzuetan paso egiten duzu, eta orduan zeure buruarekin haserretu ere egiten zara… Gero etxeranzko bidean triste joango zara, zeure burua madarikatzen behin eta berriro.
Asteburuetan, kuadrillarekin egoten zara. Bera ere askotan egoten da hantxe. Eta betiko erritual moduan taberna batean asteko kontuak partekatzen, zuon jakinminei bueltak ematen, politika ere aztergai eta nola ez nesken eta mutilen harremanei buruz hitz egiten: ligeak, abenturak, bikotekideak, amestutako gizon edo andre ideala…
Erretzekoa edota edatekoa tartean dagoelarik, solasaldia erraztu egiten zaizue. Baina zuri ez, zuk kontrolpean daramazu dena, ez duzu nahi inork jakitea nor den zure benetako kutuna; are gehiago, pista faltsuak ere eman ditzakezu. Jada oso abila zara, ia-ia ez zara konturatzen ere. Zure ustez, lagunek ez dute ulertuko piperrik ere. Batzuetan pentsatzen duzu barre egingo dizutela askotan ziria sartzen dizutelako, ez dizutelako lagunik edo bikotekiderik ezagutu. Edo zenbatetan pentsatu duzu benetan barrena askatuz gero zuon arteko harremana aldatuko dela, eta ez onerako hain zuzen ere.
Nola esan, ezta Jon, aspalditik Mikel maite duzula? Nola esan, ezta Maddalen, Marta ikusten duzun bakoitzean urduri jartzen zarela? Nola esan partida jokatzen duzunean hainbeste gozatzen duzula sikiera gertu daukazulako? Nola esan zure gurasoei? Zer pentsatuko dute?
Nola esan zenbatetan amestu duzun Martak bere umeak ikastolan utzi ostean zure etxera joaten dela zurekin oheratu nahian? Nola esan zuk ere nahiko zenuela herriko plazan musu bat ematea zure kutunari, Idoiak Iñakiri ematen dion moduan. Nola esan zure sentimenduak egunero zapaltzeak negargura ematen dizula? Nola esan zeuk ere ez zenuela imajinatzen 60 urterekin maitemindu zinela? Nola esan zuk ez duzula aukeratu nor gustatzen zaizun? Nola esan kokoteraino zaudela euren galderekin?
Nola esan.
Ez dakigu. Ez daukagu errezeta magikorik eta. Nahi ere ez.
Norberaren bidaia magikoa oso konplexua da.
Barrenak esango digu zein den gure tempoa, erritmoa, prozesua… Eutsi horri!
Beldurra eta desioak beti bidaide. Ez denbora galdu horiek baztertu nahian!
Aukeratu zure bidelagunak, behar izanez gero alboan edukitzeko.
Animo eta bidaia ona egin!
Agurtzane Ormatza Imatz
berria
berria
(2011-03-01)
No hay comentarios:
Publicar un comentario