Aita Barandiaran: euskal antropologo eta etnologo ospetsua

Aita Barandiaran:    euskal antropologo eta etnologo ospetsua

2010-11-21

Jose Migel Barandiaran Aierbe

Euskal antropologo, etnologo eta ikertzaile gipuzkoarra 
(Ataun, 1889-1991).
                                   
On Joxe Miel edo Aita Barandiaran ezizenez ezaguna 1889ko abenduaren 31n jaio zen Ataungo Perune-Zarre baserrian, 9 anai-arrebako familian. Frantzisko Antonio Barandiaran eta Maria Antonia Aierbe-ren bederatzigarren semea izan zen. Bost mutiletatik bi umetan hil ziren. Lau alabetatik hiru monja sartu ziren, berriz. 1914an apaiztu egin zen Gasteizen. 

Jentilbaratzako miaketa
Gasteizko Apaizgaitegian teologia eta filosofiako ikasketak burutu eta Burgosko Eliz Unibertsitatean teologiako lizentziatura lortu zuen (1915). Gasteizko Apaiztegiko irakasle eta erretore izan zen. 

1916an etnografi alorreko ikerketaz arduratzen hasi zen; Telesforo Aranzadi eta Enrike Egurenekin batera, hogei urtez iraungo zuen etnografi taldea osatu eta Aralarko zenbait indusketa arkeologiko burutzearekin batera (Aralar, Aizkorri, Ataun-Burunda, Auritz, Auritzperri, Gorriti, Kalamua, Entzia eta Eluso- Soraluzeko trikuharriak, Aralarko haitzuloak, Santimamiñe, Lumantxa, Ermittia, Jentiletxeta, Bolinkoba eta Urtiaga-Itziarko haitzuloak, etab.) hainbat artikulu zientifiko kaleratu zituen. 
                                      
Ekaingo haitzuloan 1978an
1918ko Eusko Ikaskuntzaren lehen biltzarrean esku hartu zuen eta batzar honetatik sortu zen Gasteizko Apaizgaitegiko etnologi laboratorioa. Aranzadirekin batera Paris, Kolonia, Munich, Leipzig, Berlin, Holanda, Akisgran eta Tilburg-eko museoak ikertu zituen (1922). Gasteizko Apaizgaitegi Nagusiko erretore izendatu (1926) eta ondoko urteetako udak etnografia eta arkeologiako lanen prestakuntzan Europan zehar bidaiatuz eman zituen. Gerra hastearekin batera, mugaz bestaldera alde egin behar izan zuen; 1942az geroztik Saran bizi izan zen.
1953an Hego Euskal Herrira itzuli eta Ataunen finkatu zen. Ikerketa askotan esku hartzeaz gain, ikasle asko prestatu zituen. Halaber, zenbait aldizkaritako kolaboratzaile eta zuzendari izan zen. 
 
1920an Eusko-Folklore elkartea sortu zuen, 1956an Eusko-Folklore elkartearen urtekaria berrargitaratu zuen Aranzadi Zientzi Elkartearen babespean eta 1965-77 bitartean Nafarroako Unibertsitateko etnologi katedradun izan zen. Nazioarteko izen handiko hainbat elkarte antropologiko, arkeologiko, kultural eta etnologikoko kidea izateaz gain, Real Academia de la Lengua Española-ko kide, Aranzadi Zientzi Elkarteko ohorezko lehendakari, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko kide, Labayru institutuko ohorezko kide, Eusko Ikaskuntzako lehendakari (1976), EHUko (1978), Deustuko Unibertsitateko (1986) eta Madrilgo Unibertsitate Konplutenseko (1987) honoris causa doktore eta euskaltzain oso (1965-91) izan zen.  

Honoris Causa doktore
Barandiaranen lanaren zatirik handiena historiaurreko leize eta aztarnategiei buruzko ikerlanek osatzen badute ere, era guztietako lanak idatzi zituen: Euskalerriaren alde aldizkarian "Ataun Erdi Aroan" saioa argitaratu zuen (1916), Eusko Mitologia (1924), Gizaki Primitiboaren Historia laburra (1931), Euskalerriko leen gizona (1934), Antropología de la población vasca (1947), Estelas funerarias del País Vasco (1970), Cultura vasca (1977), Historia general del País Vasco (1980), Brujería y brujas (1984) eta Recetas y remedios en la tradición popular vasca (1989). 

Ataungo Sara-Etxea baserria
Oso zaharra izanagatik, lan egiteari ez zion inoiz utzi. Euskaltzale sutsua izan zen eta euskararen alde herri-ekimen askotan parte hartu zuen. Ikerketa etnologiko garrantzitsuak egin zituen; euskaldunon ezaugarriak aztertu, bildu eta ezagutarazi egin zituen. Bere lanak, ondorengoen ikerketen oinarri eta abiapuntu bilakatu ziren.

Jose Migel Barandiaran 1991ko abenduaren 21ean hil zen Ataungo Sara-Etxea baserrian 101 urte zituela, 102 urte betetzeko hamar egun falta zirenean.
                          

No hay comentarios:

Publicar un comentario