Aita Barandiaran: euskal antropologo eta etnologo ospetsua

Aita Barandiaran:    euskal antropologo eta etnologo ospetsua

2011-02-19

Minbizia adieraz dezaketen seinaleak

Minbizia betidanik isilpean garatu ohi dela uste izan den arren, badira diagnostiko goiztiarra egiteko orduan oso lagungarri gerta dakizkigukeen sintoma batzuk. Eta hori funtsezkoa izan daiteke minbiziari aurre egin nahi badiogu.

Sintoma bakar batek ez du inoiz ziurtatzen gaixotasun bat dagoela, baina minbiziari aurrea hartzeko orduan garrantzi handikoa da gure gorputzean gertatzen den edozein aldaketa susmagarri kontuan hartzea. Kontua ez da alferrik kezkatzea, espezialistari jakinarazi beharreko seinaleei adi egotea baizik.

Ameriketako Minbiziaren Elkartearen esanetan, ondoren azalduko ditudanak dira minbiziaren diagnostiko posible batera eraman gaitzaketen seinale nagusiak. Egia da oso sintoma orokorrak direla, garrantzi gutxiagoko beste osasun-arazo batzuetan ere agertu ohi direnak, eta zantzu horiek agertzeagatik ez gara besterik gabe kezkatu behar, baina bai, ordea, arrisku posiblearen jakinaren gainean egon eta medikuari esan.
                                                                      
Garrantzitsua da minbizia hastapenetan diagnostikatzea
                         
Sabel-hustuketa

Libratzeko ohiturei adi egon beharra dago. Idorreria agertzen bada beherako-aldiekin txandatuz, adibidez, koloneko minbiziaren seinale izan daitezke.

Gernuko arazoak

Pixa egitean mina sentitzeak edo gernuan odol-arrastoak agertzeak gernu-aparatuko infekzioak adierazten ditu normalean, baina izan daitezke prostata edo maskuriko minbiziaren lehen seinaleak ere.

Zauriak ahoan eta mihian

Molestia horiek oso arruntak dira, eta hainbat arrazoirengatik agertzen dira, edozein adin eta sexutan. Baina tratamendu egokiarekin zuhurtziazko denbora-epe batean zauri horiek ez badira behar bezala sendatu eta orbaintzen —berdin dio mingarriak izan edo batere minik ematen ez badute ere—, ahoko minbizi baten seinale izan gintezke, batez ere pazientea erretzailea bada edo alkohol gehiegi kontsumitzen badu.

Ezohiko odol-galerak

Eztulka egitean botatzen diren karkaxetan odola agertzea arnasbideetako infekzio baten seinale izan daiteke, baina baita biriketako minbizi batena ere. Odola eginkariekin agertzen bada, berriz, normalean hemorroideak izango dira horren arrazoia, baina ez da koloneko minbizia ahaztu behar. Azkenik, hilekoetatik kanpo baginatik odola galtzea litekeena da endometrioko edo umetoki-lepoko minbiziaren seinale izatea.

Jarioak

Titiburuak estutzerakoan kolore iluneko jarioren bat agertzen bada, sintoma horrek bularreko minbiziren baten presentzia adieraz dezake. Zoaz medikuarengana, edo esaiozu zure ginekologoari, urteroko ohizko osasun-azterketa egiten dizunean.

Koskorrak eta noduluak bularretan

Bularretan azaltzen diren koskorrak edo gogorruneak arazo sinpleak, erraz konpontzeko modukoak izaten dira normalean (kisteak, fibroadenomak, etab.), baina beti eman behar zaio horien berri medikuari. Izan ere, bularreko minbiziaren aurre-neko seinalea ere izan baitaitezke.

Kiste onaireak bigunak, mugikorrak eta ertz definitu samarrekoak izaten dira. Kiste gaiztoak, berriz, gogorrak izan ohi dira, ertz irregularrekoak, eta, oro har, ez dira mingarriak izaten.

Beste seinale batzuei ere adi egon beharra dago: ea bular-muturra atzerantz edo barrurantz sartzen den, bularrean kolorazio-aldaketak gertatzen diren edo koskorrak beste gorputz-atal batzuetan (besapean, adibidez, edo gizonezkoen kasuan testikuluetan, esaterako) agertzen diren. Edozein zalantza izanez gero, medikuak ekografia bat aginduko du, eta behar izanez gero, baita biopsia bat ere.

Irensteko zailtasunak

Hestegorri, urdail edo faringeko minbiziak disfagia izeneko trastorno bat sorraraz dezake, irensteko zailtasuna alegia, janariak eztarrian edo bularraldean trabatu eta hor ez atzera ez aurrera geratzen diren sentsazioarekin. Minbizi-kasuetan, arazoak okerrera egiten du, gainera, denborak aurrera egin ahala.

Aldaketak orinetan

Gorputzean azaltzen diren orbanei (orinei nahiz oriztei) arreta handiz behatu behar zaie. Orban horietan forma-aldaketaren bat gertatzen bada (ertzek itxura irregularra hartzen badute, adibidez), edo kolorea edo tamaina aldatzen bada, odoletan hasi edo azkura ematen badute, ahalik eta lasterren espezialistari jakinaraztea komeni da, larruazaleko minbiziren bat baztertzeko, gaitzaren pronostikoa nabarmen hobetzen baita goiz diagnostikatuz gero.

Eztul kronikoa eta erlastasuna

Eztul iraunkorra, erremedio normalekin baretzen ez dena, bronkitisaren sintoma argia izateaz gain, izan daiteke biriketako minbiziaren adierazgarri ere kasu batzuetan. Beraz, eztula ez bada zuhurtziazko epe batean desagertzen, zaintzea komeni da. Erlastasun kronikoak ere tiroide edo laringeko minbizi bat iradoki dezake.

Sintoma orokorrak

Minbiziaren sintoma espezifikoez gainera, badira beste seinale orokorrago batzuk, beste gaitz batzuekin lotzen direnak. Hauek dira seinale horien artean usuenak:

Sukarra. Hainbat egunez irauten duen sukarra gripearekin edo infekzio birikoren batekin lotzen da, baina izan daiteke sistema immunologikoak behera egin duelako ere (eta jaitsiera hori nahiko usua da minbizi gehienetan).

Neke-sentsazio ulertezina. Izan daiteke anemia bat eragina. Gehienetan horrela izango da. Baina atzean minbiziren bat ere egon daiteke, gaitz honek odol-galerak eragiten ditu eta.

Pisu-galera. Denbora laburrean ageriko arrazoirik gabe lau kilo galtzea bada aski motibo medikuarengana joateko. Seguruenik arazo metabolikoren bat izango da, edo estresa besterik gabe, baina kontuz, ez ahaztu minbizi digestiboak (pankrea, urdail nahiz hestegorrikoak) edo biriketakoak.

Min orokorra. Erreumaren edo gripearen sintoma nagusietakoa da, baina hezurretako minbizi bat ere adieraz dezake.
             
              
Jabier Agirre
berria      
(2011-02-15)
                                           

No hay comentarios:

Publicar un comentario