2011-02-26

Laranja

Minbiziaren kontrako fruta
         
Substantzia interesgarriak
             
Karbohidratoak (%9), esaterako sakarosa, fruktosa eta glukosa; koipea (%0,2); zuntza (%2,3); batez ere disolbagarria (pektina); A (betakriptoxantina, betakarotenoa) eta C bitaminak; azido folikoa; B9 bitamina; potasioa; kaltzioa; azido organikoak (zitrikoa); beste karotenoide batzuk (luteina zeaxantina); flabonoideak (hesperidina, errutina, tangeretina); azido fenolikoak; terpeno mikatzak (limonenoa edo limonina); kumarinak. 
Laranja gorriek (Sangina laranja), gainera, antozianinak dituzte.
       
Ezaugarriak
             
Ikerketa zehatz batean, egiaztatu zuten laranjak 60 flabonoide baino gehiago dituela, denak ere antioxidatzaileak eta minbiziaren eta tronbosiaren kontrakoak.
Bihotz-hodietako gaitzetatik babesten du (bularreko angina, bihotzekoa, tronbosia, garun infartua eta abar). C bitaminak, flabonoideek eta pektinak kolesterola gutxitzen dute -hesperidinak HDL edo kolesterol ona gehitzen du-, eta kolesterol txarra oxidatzea eragozten dute; potasioa eta C bitamina lagungarriak dira tentsio arteriala jaisteko; azido folikoak odoleko homozisteina urritzen du -homozisteina bihotzekoa izateko arrisku faktorea da-.
Laranja, beste zitriko batzuek bezala, gorputzaren immunitate sistema indartzen du hainbat mekanismoren bitartez: globulu zuriak gehituz; eragin antioxidatzaileari esker erradikal libreak neutralizatuz; interferona ugarituz -birusen kontrako indar handikoa da- eta abar.
        
                       
Laranja eta bere ura minbiziaren kontrako koktel ezin hobeak bide dira, dituzten fitokimiko antioxidatzaileengatik eta elikagai babesgarriengatik: C bitaminak eta azido folikoa, hesperidina eta tangeretina, terpenoak, pektina, betakarotenoa. Ikerketa batzuen arabera, zenbat eta laranja gehiago jan, orduan eta arrisku txikiagoa pankreako, urdaileko eta bularreko minbizia izateko. Kanadan, Ontarioko Unibertsitatean eginiko lan batean, ohartu ziren flabonoideek tamoxiferoaren eragina handitzen dutela: tamoxifenoa bularreko minbiziaren kontra erabiltzen den sendagai bat da. Urdailari dagokionez, C bitaminek nitrosaminak sortzea eragozten dute, eta nitrosaminak substantzia kantzerigenoak dira, jangaien nitratoetatik sortuak. Karraskariekin eginiko ikerketa batzuen arabera, badirudi laranjaren alde zuriak -pektina eta flabonoide askokoa, tangeretina bezala- melanoma gaiztoaren eta prostatako minbiziaren kontra egiten duela eta laranjaren azaleko terpeno mikatzek (limonoideak) koloneko, gibeleko eta biriketako minbiziaren prebentzioan laguntzen dutela. Eta, gainera, zenbait azterketaren arabera, zenbat eta C bitamina gehiago hartu, arrisku txikiagoa gernu maskuriko, umetokiaren lepoko eta zenbait muki mintzetako tumoreak izateko.
           
Laranjaren flabonoideek eta beste antioxiatzaile batzuek indartu egiten dute C bitaminaren eragina, eta horiek denek babesa ematen diete birikei atmosferako kutsagarri oxidatzaileen kontra (tabakoaren kea, ozonoa, nitrogeno oxidoa). Ikerlan batzuetan, ikusi dute horrek enfisema, bronkitis kronikoa eta asma krisiak izateko arriskua apaltzen duela. Gainera, C bitaminak balio antihistaminiko pixka bat ere badu, eta errinitis alergiko edo metako sukarraren sintomak leuntzeko ere balio du.
Beste ikerketa batzuetan, ohartu ziren laranja gehien jaten zuten gizonek espermatozoide gehiago eta hobeak dituztela. Pektina lagungarria da beruna eta beste metal astun batzuk hestetik desagertzeko.
    
    
Nola erabili
             
Hobe da fruta osorik jatea, baina laranja ura bakarrik hartzea ere izugarri ona da. Ahal den guztietan, laranja gorriak jan, antozianinak ere badituzte eta. Terpenoak gehienbat azalean dauden arren, laranja urak substantzia babesgarrietako asko du, eta abantaila bat du: fruta gehiago eta, beraz, oro har fitokimiko gehiago hartzeko modua ematen duela, zuntza izan ezik; egin berria hartzea komeni da, C bitamina ez oxidatzeko, eta etxean egiten bada, patsaren zuntza pektinikoa ere aprobetxatzen da. Egunean laranja bat edo bi hartzea nahikoa da onura asko izateko.
       
       
Mitoak
         
Laranja ez da C bitamina gehien duen fruta, baina bai eskuratzen errazena. Baraurik edo goizean jateko ez ezik, egun guztian jateko ere ona da. Batzuek pentsatzen dute esnearekin ez dela ondo ezkontzen, baina ez da hala: esnea laranja eta beste zitriko edo fruta azido batzuen urarekin mintzen denez, haren proteinak errazagoa digeritzen dira, jogurtenak eta esneki hartzituenak bezala. Klima tropikaletan, ondo heldutako laranjak ere azal berdekoak izan ohi dira; izan ere, kolore laranja hartzeko, arbolako laranjak zenbait gau hotz pasatu behar ditu segidan.
                  
           
Arriskuak
             
Gehiegi hartuz gero, hortzei kalte egiten  die, batez ere laranja urak. Hobe lastotxoa erabiltzea. Laranja azalak minbiziaren kontrako substantzia batzuk ditu, baina esentzia olioak substantzia toxikoak ere baditu; beraz, neurrian hartu behar da.
             

2011-02-19

Minbizia adieraz dezaketen seinaleak

Minbizia betidanik isilpean garatu ohi dela uste izan den arren, badira diagnostiko goiztiarra egiteko orduan oso lagungarri gerta dakizkigukeen sintoma batzuk. Eta hori funtsezkoa izan daiteke minbiziari aurre egin nahi badiogu.

Sintoma bakar batek ez du inoiz ziurtatzen gaixotasun bat dagoela, baina minbiziari aurrea hartzeko orduan garrantzi handikoa da gure gorputzean gertatzen den edozein aldaketa susmagarri kontuan hartzea. Kontua ez da alferrik kezkatzea, espezialistari jakinarazi beharreko seinaleei adi egotea baizik.

Ameriketako Minbiziaren Elkartearen esanetan, ondoren azalduko ditudanak dira minbiziaren diagnostiko posible batera eraman gaitzaketen seinale nagusiak. Egia da oso sintoma orokorrak direla, garrantzi gutxiagoko beste osasun-arazo batzuetan ere agertu ohi direnak, eta zantzu horiek agertzeagatik ez gara besterik gabe kezkatu behar, baina bai, ordea, arrisku posiblearen jakinaren gainean egon eta medikuari esan.
                                                                      
Garrantzitsua da minbizia hastapenetan diagnostikatzea
                         
Sabel-hustuketa

Libratzeko ohiturei adi egon beharra dago. Idorreria agertzen bada beherako-aldiekin txandatuz, adibidez, koloneko minbiziaren seinale izan daitezke.

Gernuko arazoak

Pixa egitean mina sentitzeak edo gernuan odol-arrastoak agertzeak gernu-aparatuko infekzioak adierazten ditu normalean, baina izan daitezke prostata edo maskuriko minbiziaren lehen seinaleak ere.

Zauriak ahoan eta mihian

Molestia horiek oso arruntak dira, eta hainbat arrazoirengatik agertzen dira, edozein adin eta sexutan. Baina tratamendu egokiarekin zuhurtziazko denbora-epe batean zauri horiek ez badira behar bezala sendatu eta orbaintzen —berdin dio mingarriak izan edo batere minik ematen ez badute ere—, ahoko minbizi baten seinale izan gintezke, batez ere pazientea erretzailea bada edo alkohol gehiegi kontsumitzen badu.

Ezohiko odol-galerak

Eztulka egitean botatzen diren karkaxetan odola agertzea arnasbideetako infekzio baten seinale izan daiteke, baina baita biriketako minbizi batena ere. Odola eginkariekin agertzen bada, berriz, normalean hemorroideak izango dira horren arrazoia, baina ez da koloneko minbizia ahaztu behar. Azkenik, hilekoetatik kanpo baginatik odola galtzea litekeena da endometrioko edo umetoki-lepoko minbiziaren seinale izatea.

Jarioak

Titiburuak estutzerakoan kolore iluneko jarioren bat agertzen bada, sintoma horrek bularreko minbiziren baten presentzia adieraz dezake. Zoaz medikuarengana, edo esaiozu zure ginekologoari, urteroko ohizko osasun-azterketa egiten dizunean.

Koskorrak eta noduluak bularretan

Bularretan azaltzen diren koskorrak edo gogorruneak arazo sinpleak, erraz konpontzeko modukoak izaten dira normalean (kisteak, fibroadenomak, etab.), baina beti eman behar zaio horien berri medikuari. Izan ere, bularreko minbiziaren aurre-neko seinalea ere izan baitaitezke.

Kiste onaireak bigunak, mugikorrak eta ertz definitu samarrekoak izaten dira. Kiste gaiztoak, berriz, gogorrak izan ohi dira, ertz irregularrekoak, eta, oro har, ez dira mingarriak izaten.

Beste seinale batzuei ere adi egon beharra dago: ea bular-muturra atzerantz edo barrurantz sartzen den, bularrean kolorazio-aldaketak gertatzen diren edo koskorrak beste gorputz-atal batzuetan (besapean, adibidez, edo gizonezkoen kasuan testikuluetan, esaterako) agertzen diren. Edozein zalantza izanez gero, medikuak ekografia bat aginduko du, eta behar izanez gero, baita biopsia bat ere.

Irensteko zailtasunak

Hestegorri, urdail edo faringeko minbiziak disfagia izeneko trastorno bat sorraraz dezake, irensteko zailtasuna alegia, janariak eztarrian edo bularraldean trabatu eta hor ez atzera ez aurrera geratzen diren sentsazioarekin. Minbizi-kasuetan, arazoak okerrera egiten du, gainera, denborak aurrera egin ahala.

Aldaketak orinetan

Gorputzean azaltzen diren orbanei (orinei nahiz oriztei) arreta handiz behatu behar zaie. Orban horietan forma-aldaketaren bat gertatzen bada (ertzek itxura irregularra hartzen badute, adibidez), edo kolorea edo tamaina aldatzen bada, odoletan hasi edo azkura ematen badute, ahalik eta lasterren espezialistari jakinaraztea komeni da, larruazaleko minbiziren bat baztertzeko, gaitzaren pronostikoa nabarmen hobetzen baita goiz diagnostikatuz gero.

Eztul kronikoa eta erlastasuna

Eztul iraunkorra, erremedio normalekin baretzen ez dena, bronkitisaren sintoma argia izateaz gain, izan daiteke biriketako minbiziaren adierazgarri ere kasu batzuetan. Beraz, eztula ez bada zuhurtziazko epe batean desagertzen, zaintzea komeni da. Erlastasun kronikoak ere tiroide edo laringeko minbizi bat iradoki dezake.

Sintoma orokorrak

Minbiziaren sintoma espezifikoez gainera, badira beste seinale orokorrago batzuk, beste gaitz batzuekin lotzen direnak. Hauek dira seinale horien artean usuenak:

Sukarra. Hainbat egunez irauten duen sukarra gripearekin edo infekzio birikoren batekin lotzen da, baina izan daiteke sistema immunologikoak behera egin duelako ere (eta jaitsiera hori nahiko usua da minbizi gehienetan).

Neke-sentsazio ulertezina. Izan daiteke anemia bat eragina. Gehienetan horrela izango da. Baina atzean minbiziren bat ere egon daiteke, gaitz honek odol-galerak eragiten ditu eta.

Pisu-galera. Denbora laburrean ageriko arrazoirik gabe lau kilo galtzea bada aski motibo medikuarengana joateko. Seguruenik arazo metabolikoren bat izango da, edo estresa besterik gabe, baina kontuz, ez ahaztu minbizi digestiboak (pankrea, urdail nahiz hestegorrikoak) edo biriketakoak.

Min orokorra. Erreumaren edo gripearen sintoma nagusietakoa da, baina hezurretako minbizi bat ere adieraz dezake.
             
              
Jabier Agirre
berria      
(2011-02-15)
                                           

2011-02-13

Sagarra

Egunero jateko modukoa
                   
Euskal Herriko fruiturik estimatuenetako bat da sagarra. 
            
Substantzia interesgarriak
          
Proteinak (%0,3); karbohidratoak (%11,8), haietatik %6 fruktosa; koipea (%0,4); zuntza (%2,3), batez ere disolbagarria (pektina); C bitamina; potasioa; flabonoideak (kertzitina, taninoak), azido organikoak (batez ere malikoa).
        
           
Ezaugarriak
          
Dirudienez, sagarraren onuretako asko kertzitinari zor zaio, substantzia antioxidatzailea eta antiunflamatorioa baita. 1997an Finlandian Helsinkiko Osasunaren Institutu Nazionalean eginiko ikerketa batean, jakin zuten sagar gehien jaten zuten gizonek arrisku gutxiago zutela biriketako minbizia izateko; gainera, ikertzaileek adierazi zuten sagarrak koloneko eta azaleko tumoreak prebenitzen zituela.
Pektina zuntz begetala da, uretan disolbagarria. Hesteetan funtzio garrantzitsuak betetzen ditu: libratzen laguntzen du, eta idorreria prebenitzen; behazun azidoei eragiten dienez, odoleko azukrea behean atxikitzen du, eta hori ona da, diabetikoentzat ez ezik, azukre beheraldi pasakorrak (hipogluzemia erreaktiboa) izaten dutenentzat ere. Gainera, pektinak pilatuz joaten diren toxiko garrantzitsu batzuk harrapatzen ditu, hala nola metal astunak (beruna, merkurioa).
Sagarraren fitokimiko interesgarriak mamian eta azalean daude, baina azalak erruz ditu, eta hala adierazi zuten zientzialari estatubatuar batzuek 2000.urtean Nature aldizkarian. Haien ikerlanaren arabera, sagarraren azalak eragin handia du koloneko tumore zelulen kontra. Sagarrak minbiziaren kontra duen eragina, dirudienez, zenbait osagairen sinergiari zor zaio: kertzitina, beste flabonoide batzuk eta pektina. Japoniako ikertzaile batzuek 1995ean argitaratu zuten pektinak animalietan geldiarazi egiten duela koloneko minbiziaren garapena.
                  
                             
Sagarra ona da bihotz-hodietako gaitzik, hau da, bihotzekorik eta iktusik ez izateko (garun infartu eta tronbosiak): pektinak kolesterola gutxitzen du; kertzitinak eta beste flabonoide batzuek kolesterol txarraren oxidazioa eragozten dute, eta C bitaminak ere bai, gordinik hartuz gero; azido folikoak homozisteina urritzen du –bihotz-hodietakoa izateko arrisku faktorea da, kolesterola bezala-. Gainera, potasio-sodio proportzioagatik diuretikoa da, eta horrek tentsio arteriala jaisten laguntzen du.
Tanino asko duenez, sagarrak lehortu egiten du, irasagarrak bezala, baina eragina ez da harena bezain handia. Hori egia da sagar osoaz ari bagara, baina ez zukuez ari bagara, eta are gutxiago industrialez.
Potasio eta boroa –gutxi ezagutzen den mineral bat da- dituenez, sagarrak lagundu dezake kaltzioa eta magnesioa hezurretara eramaten, eta, beraz, ona da osteoporosirik ez izateko. Mikrobioen kontrako eragin arina dute bai sagarrak eta bai sagar urak, beharbada kertzitinari eta beste flabonoide batzuei esker; horiek kolonean bat egiten dute azido malikoaren eta gainerako azido organikoen ezaugarri antiseptikoekin.
        
        
Nola erabili
         
Egunean sagar bat edo bi jatea aski da aipaturiko onura horietaz guztiez gozatzeko. Hobe da gordinik jatea, baina erreta eta egosita ere osagai asko aprobetxatzen dira (kertzitina, mineralak). Egostean sorturiko ura ere aprobetxatzekoa da.
Sagarraren azalak eta azalaren ondo-ondoan denak kertzitina eta minbiziaren kontrako beste fotokimiko batzuk dituzte, baina intsektizidak ere izan ditzakete; horregatik, eztabaidagarri izan ohi da zuritzea komeni den edo ez. Sagarrak azal leuna duenez, jatekotan ondo garbitu behar da, ur beroz eta hotzez. Onena, ahal denean behintzat, sagar ekologikoak jatea da, azal eta guzti. Gosetuta egonik mokadu bat egin nahi badugu, sagarra ona da hozka jateko: goizeko motelaldia saihesten laguntzen du, eta ona da pisu arazoak eta jateko konpultsioa izanez gero. Horretarako, zukuak ez du balio.
            
          
Arriskuak
          
Ez da komeni haurrek sagar ur asko hartzea; batzuetan, beherakoa ekartzen du sagar zukuak hartzeak (gehienetan ontziratuak). Holandako ikerketa batean, ohartu ziren zukua uherra izan ez dadin egiten duten prozesu industrialaren ondorioz handitu egiten dela monosakaridoen kontzentrazioa; dirudienez, horiek, fruktosarekin eta sorbitolarekin nahasirik, sagarraren balio laxantea handitzen dute. Sagar ura gehiegi oxidatu eta marroi jartzen bada, substantzia mutagenoak sortzen dira, baina ez da jakina horrek zer eragin duen. Haziek azido zianhidrikoa dute.
                

2011-02-05

Negua eta gaixotasunak

Negua iritsi zaigu eta honekin batera tenperatura aldaketak, hotzak, katarroak, gripeak, mukiak… eta hainbat gaixotasun. Horrelako egoera baten aurrean  sendabelarrak oso lagungarriak izan daitezke. Sendabelar hauek, bai belarraren baitan eta baita dugun gaixotasuna ikusita, modu ezberdinetara erabili edo har ditzakegu; lurrin moduan, infusio bezala, gar-gar eginaz, enplastoak jarriaz…
           
Echinacea (echinacea angustifolia). Aipatu beharreko sendabelarra  da. Belar hau gaixotasunei aurrea hartzeko eta defentsak indartzeko egokia da. Katarroa, gripea… heldu zaigula ikusten dugunean, sintomak arintzeko, iraupena gutxitzeko, beheraldiak ekiditeko, defentsak  indartzeko… echinacea hartuko dugu.
           
Eukaliptoa (eucalyptus globulus). Oso ezaguna eta erabilia da. Eukalipto lurrinak oso lagungarriak dira arnasbideak itxita ditugunean, horiek  garbitzeko eta irekitzeko. Ura berotu eta bertara eukalipto eskukada bat botako dugu. Toalla bat hartu eta buruaren gainean jarriaz eukalipto lurrin horiek arnastuko ditugu. Esan bezala, lurrin horiek arnasbideak garbituko dizkigute eta ondorioz hobeto arnasten lagundu.
                      
Apo belarra (verbascum thapsus). Eztulerako, biriketako katarrorako, arnasbideko inflamaziorako, mukiak botatzeko… egokia.  Infusioak eginez erabiliko dugu. Belar honek iletxo txiki-txikiak ditu eta ondo iragaztea komeni da.
           
Plantila belarra (plantago lanceolata). Eztula, arnas bideko arazoak, katarroa, eztarriko mina, marranta…  Bereziki eztarriko arazoetarako gomendatua dago plantila belarra. Belar hau  infusio edo jarabe moduan har daiteke.
            
Ezkaia (thymus vulgaris). Eztula edo bronkitis kasuetan ezkai infusioak har daitezke edo bainuak egin. Bainuak egiteko irakindako ur litro batean 100 gramo ezkai landare botako dugu. Estali eta bost minutuz utzi, ondoren, urez betetako bainerara bota.
         
              
Ez ahaztu sendabelarrak erabiltzeko orduan beti aditu baten agindupean egitea. Kantitateak, neurriak edo hartzeko moduak errespetatu.
             
              
Nekane Martiarena
Boga              
(2011-02-04)