2011-02-26

Laranja

Minbiziaren kontrako fruta
         
Substantzia interesgarriak
             
Karbohidratoak (%9), esaterako sakarosa, fruktosa eta glukosa; koipea (%0,2); zuntza (%2,3); batez ere disolbagarria (pektina); A (betakriptoxantina, betakarotenoa) eta C bitaminak; azido folikoa; B9 bitamina; potasioa; kaltzioa; azido organikoak (zitrikoa); beste karotenoide batzuk (luteina zeaxantina); flabonoideak (hesperidina, errutina, tangeretina); azido fenolikoak; terpeno mikatzak (limonenoa edo limonina); kumarinak. 
Laranja gorriek (Sangina laranja), gainera, antozianinak dituzte.
       
Ezaugarriak
             
Ikerketa zehatz batean, egiaztatu zuten laranjak 60 flabonoide baino gehiago dituela, denak ere antioxidatzaileak eta minbiziaren eta tronbosiaren kontrakoak.
Bihotz-hodietako gaitzetatik babesten du (bularreko angina, bihotzekoa, tronbosia, garun infartua eta abar). C bitaminak, flabonoideek eta pektinak kolesterola gutxitzen dute -hesperidinak HDL edo kolesterol ona gehitzen du-, eta kolesterol txarra oxidatzea eragozten dute; potasioa eta C bitamina lagungarriak dira tentsio arteriala jaisteko; azido folikoak odoleko homozisteina urritzen du -homozisteina bihotzekoa izateko arrisku faktorea da-.
Laranja, beste zitriko batzuek bezala, gorputzaren immunitate sistema indartzen du hainbat mekanismoren bitartez: globulu zuriak gehituz; eragin antioxidatzaileari esker erradikal libreak neutralizatuz; interferona ugarituz -birusen kontrako indar handikoa da- eta abar.
        
                       
Laranja eta bere ura minbiziaren kontrako koktel ezin hobeak bide dira, dituzten fitokimiko antioxidatzaileengatik eta elikagai babesgarriengatik: C bitaminak eta azido folikoa, hesperidina eta tangeretina, terpenoak, pektina, betakarotenoa. Ikerketa batzuen arabera, zenbat eta laranja gehiago jan, orduan eta arrisku txikiagoa pankreako, urdaileko eta bularreko minbizia izateko. Kanadan, Ontarioko Unibertsitatean eginiko lan batean, ohartu ziren flabonoideek tamoxiferoaren eragina handitzen dutela: tamoxifenoa bularreko minbiziaren kontra erabiltzen den sendagai bat da. Urdailari dagokionez, C bitaminek nitrosaminak sortzea eragozten dute, eta nitrosaminak substantzia kantzerigenoak dira, jangaien nitratoetatik sortuak. Karraskariekin eginiko ikerketa batzuen arabera, badirudi laranjaren alde zuriak -pektina eta flabonoide askokoa, tangeretina bezala- melanoma gaiztoaren eta prostatako minbiziaren kontra egiten duela eta laranjaren azaleko terpeno mikatzek (limonoideak) koloneko, gibeleko eta biriketako minbiziaren prebentzioan laguntzen dutela. Eta, gainera, zenbait azterketaren arabera, zenbat eta C bitamina gehiago hartu, arrisku txikiagoa gernu maskuriko, umetokiaren lepoko eta zenbait muki mintzetako tumoreak izateko.
           
Laranjaren flabonoideek eta beste antioxiatzaile batzuek indartu egiten dute C bitaminaren eragina, eta horiek denek babesa ematen diete birikei atmosferako kutsagarri oxidatzaileen kontra (tabakoaren kea, ozonoa, nitrogeno oxidoa). Ikerlan batzuetan, ikusi dute horrek enfisema, bronkitis kronikoa eta asma krisiak izateko arriskua apaltzen duela. Gainera, C bitaminak balio antihistaminiko pixka bat ere badu, eta errinitis alergiko edo metako sukarraren sintomak leuntzeko ere balio du.
Beste ikerketa batzuetan, ohartu ziren laranja gehien jaten zuten gizonek espermatozoide gehiago eta hobeak dituztela. Pektina lagungarria da beruna eta beste metal astun batzuk hestetik desagertzeko.
    
    
Nola erabili
             
Hobe da fruta osorik jatea, baina laranja ura bakarrik hartzea ere izugarri ona da. Ahal den guztietan, laranja gorriak jan, antozianinak ere badituzte eta. Terpenoak gehienbat azalean dauden arren, laranja urak substantzia babesgarrietako asko du, eta abantaila bat du: fruta gehiago eta, beraz, oro har fitokimiko gehiago hartzeko modua ematen duela, zuntza izan ezik; egin berria hartzea komeni da, C bitamina ez oxidatzeko, eta etxean egiten bada, patsaren zuntza pektinikoa ere aprobetxatzen da. Egunean laranja bat edo bi hartzea nahikoa da onura asko izateko.
       
       
Mitoak
         
Laranja ez da C bitamina gehien duen fruta, baina bai eskuratzen errazena. Baraurik edo goizean jateko ez ezik, egun guztian jateko ere ona da. Batzuek pentsatzen dute esnearekin ez dela ondo ezkontzen, baina ez da hala: esnea laranja eta beste zitriko edo fruta azido batzuen urarekin mintzen denez, haren proteinak errazagoa digeritzen dira, jogurtenak eta esneki hartzituenak bezala. Klima tropikaletan, ondo heldutako laranjak ere azal berdekoak izan ohi dira; izan ere, kolore laranja hartzeko, arbolako laranjak zenbait gau hotz pasatu behar ditu segidan.
                  
           
Arriskuak
             
Gehiegi hartuz gero, hortzei kalte egiten  die, batez ere laranja urak. Hobe lastotxoa erabiltzea. Laranja azalak minbiziaren kontrako substantzia batzuk ditu, baina esentzia olioak substantzia toxikoak ere baditu; beraz, neurrian hartu behar da.
             

No hay comentarios:

Publicar un comentario