2011-02-05

Negua eta gaixotasunak

Negua iritsi zaigu eta honekin batera tenperatura aldaketak, hotzak, katarroak, gripeak, mukiak… eta hainbat gaixotasun. Horrelako egoera baten aurrean  sendabelarrak oso lagungarriak izan daitezke. Sendabelar hauek, bai belarraren baitan eta baita dugun gaixotasuna ikusita, modu ezberdinetara erabili edo har ditzakegu; lurrin moduan, infusio bezala, gar-gar eginaz, enplastoak jarriaz…
           
Echinacea (echinacea angustifolia). Aipatu beharreko sendabelarra  da. Belar hau gaixotasunei aurrea hartzeko eta defentsak indartzeko egokia da. Katarroa, gripea… heldu zaigula ikusten dugunean, sintomak arintzeko, iraupena gutxitzeko, beheraldiak ekiditeko, defentsak  indartzeko… echinacea hartuko dugu.
           
Eukaliptoa (eucalyptus globulus). Oso ezaguna eta erabilia da. Eukalipto lurrinak oso lagungarriak dira arnasbideak itxita ditugunean, horiek  garbitzeko eta irekitzeko. Ura berotu eta bertara eukalipto eskukada bat botako dugu. Toalla bat hartu eta buruaren gainean jarriaz eukalipto lurrin horiek arnastuko ditugu. Esan bezala, lurrin horiek arnasbideak garbituko dizkigute eta ondorioz hobeto arnasten lagundu.
                      
Apo belarra (verbascum thapsus). Eztulerako, biriketako katarrorako, arnasbideko inflamaziorako, mukiak botatzeko… egokia.  Infusioak eginez erabiliko dugu. Belar honek iletxo txiki-txikiak ditu eta ondo iragaztea komeni da.
           
Plantila belarra (plantago lanceolata). Eztula, arnas bideko arazoak, katarroa, eztarriko mina, marranta…  Bereziki eztarriko arazoetarako gomendatua dago plantila belarra. Belar hau  infusio edo jarabe moduan har daiteke.
            
Ezkaia (thymus vulgaris). Eztula edo bronkitis kasuetan ezkai infusioak har daitezke edo bainuak egin. Bainuak egiteko irakindako ur litro batean 100 gramo ezkai landare botako dugu. Estali eta bost minutuz utzi, ondoren, urez betetako bainerara bota.
         
              
Ez ahaztu sendabelarrak erabiltzeko orduan beti aditu baten agindupean egitea. Kantitateak, neurriak edo hartzeko moduak errespetatu.
             
              
Nekane Martiarena
Boga              
(2011-02-04)    
                 

No hay comentarios:

Publicar un comentario