Aita Barandiaran: euskal antropologo eta etnologo ospetsua

Aita Barandiaran:    euskal antropologo eta etnologo ospetsua

2011-01-20

Azeri-buztana

Cola de caballo, Equiseto mayor (gaztelaniaz)
Prêle des champs, Grande prêle (frantsesez)
                    
Bizilekuaren arabera, hainbat tamainatako azeri-buztanak aurkituko ditugu, txiki-txikiak edota oso handiak.
Bi zurtoin mota izaten ditu, bata emankorra, eta antzua bestea. Emankorra neguan eta udaberri hasieran azaltzen da, ez du hostorik izaten eta burua du amaieran. Antzua, aldiz, udan ateratzen da, emankorra hiltzearekin batera. Landare berezia da, zurtoina zatika-zatika adabegiak balitu bezala hazten da, eta horietatik pinuen antzeko hosto fin asko ateratzen dira.
Zurtoina barrutik hutsa izaten da.
Zenbait lurraldetan kobrea eta eztainua garbitzeko eta ontziei distira emateko erabiltzen dira hostoak. Horregatik, eztainu-belar ere deitzen diote batzuek.Euskal Herrian oso ezaguna eta erabilia da azeri-buztana. Sendabelar ezagunenetakoa da.
Ekisetazeoen familiakoa da. Arvense eta telmateia espeziez gain, familia honen barruan beste hainbat “equisetum” mota daude: fluviatile, sylvaticum…
                    
Azeri-buztana
       
ZERTARAKO ETA NOLA: Zurtoina eta adartxoak erabiltzen dira. Propietaterik ezagunena pixeragile izatea da, likidoa galtzeko, argaltzeko eta hanketako hantura sendatzeko lagungarria da. Diuretikoa da. 40 gramo landare lehor egosi 15 minutuz litro erdi uretan eta egunean 3 aldiz hartu. Goizean, eguerdian eta gauean.
Pixabideak garbitzearekin batera, odola ere garbitzen du, bai eta larruazaleko arazoak gutxitzen laguntzen ere.
              
Beste propietate garrantzitsu bat organismo ahulak mineralizatzen laguntzea da. Anemia kasuetan, adibidez.
Odoljarioak mozteko ere oso ona da; sudurreko odoljarioak, odoluzkiak, hileko oso odoltsuak, giltzurruneko eta maskuriko odoljarioak… Ikusten den bezala, odoljarioak barnekoak nahiz kanpokoak izan daitezke. Horretarako, 50 gramo azeri-buztan landare lehor ordu erdiz egosiko ditugu litro erdi uretan. Barruko odoljarioetan egunean 3-4 basotxo edan eta, kanpokoetan, ur egosi horretan bustitako gasa batekin garbitu odoljarioak; sudurreko odoljarioei dagokienez, gasa sudur zuloetan sartu. Ur hori ere sar daiteke sudur zuloetatik. Eskuan hartu eta arnasgoratu.
                
Larruazaleko arazorik izanez gero, zauriak, ekzemak, ultzerak, onddoak, herpesak eta abar, hostoak txiki-txiki egin eta enplastu moduan jarri, horiek ixteko eta sendatzeko gaitasuna baitu. Beraz, orbaintzeko ere bada.
         
Eztula, katarroa, bronkitisa eta abar sendatzeko, 30 gramo landare egosi litro erdi uretan 20 minutuz, eta egunean 3 basotxo edan.
Eztarriko arazoak, laringitisa, ahoko infekzioa, aftak edota txantxarra edukiz gero, gargarak egin. 10 gramo azeri-buztan ur baso handi batean irakin, eta horrekin egin gargarak. Beharrezkoa bakarrik egosi, aldi bakoitzean.
Garai batean, tuberkulosia sendatzeko erabiltzen zen batez ere.
            
NOIZ ETA NON BILDU: Toki hezeak, erreka inguruak, bide ertzak eta leku laiotzak atsegin ditu. Udan eta udazkenean bil daiteke eta, lehortu ondoren, urte guztirako gorde ontzi edo oihaltxo batean.
            
JAN: Azeri-buztana jateko ohiturarik ez dago, baina ez da jateko txarra. Salda mineralizatzaileak egin daitezke azeri-buztan hostoekin.
          
SALDA MINERALIZATZAILEA (5-6 pertsonarentzat): 50 gramo asun, 50 gramo azeri-buztan, kombu alga tira bat, tipula bat, porru bat, ziazerba pare bat, kalabaza pixka bat, azenario bat, arbi txiki bat, apio pixka bat eta litro erdi edo bi litro ur (barazki kantitatearen edo tamainaren arabera).  
     Bi aukera ditugu:
1.- Salda egiteko, dena batera egosten jarri ordu erdiz. Barazkiak kendu. Egunean 3 aldiz hartu: goizean baraurik eta, gero, bazkaldu eta afaldu aurretik.
2.- Zopa egitea da barazki hauek jateko beste aukera. Horretarako, azeri-buztana, asuna eta kombu alga egosiko ditugu 20 minutuz uretan. Bitartean, barazki guztiak fin-fin moztu eta kazolara bota. Dena beste 10 minutuz irakin. Zopa egina dagoenean eta, nahi izanez gero, salda koilarakada pare bat hartu ontzi batean, eta bertan jale bakoitzeko miso koilarakada txiki bat urtu. Urtutakoan, zopari bota.
            
OSAGAIAK: Silizea, potasio gatzak, azido ekisetikoa, taninoak…
               
Salda mineralizatzailea
           
ZER EGIN:
BARATZEA DUEN JENDEARENTZAT: Azeri-buztanarekin baratzeko zenbait xomorro akabatzeko eta barazkiak mineralizatzeko botika bat egin daiteke. Ontzi batean azeri-buztana urez estali; nahi izanez gero, euli urarekin egin daiteke. Egunero ondo-ondo nahasi 8-9 egunez, ur guztia usteldu arte. Usteldu ondoren, 3 parte ur eta botika horretatik parte bat nahasiko ditugu. Makila batekin-edo minutu batez dena behar bezala irabiatu eta fumigadore batekin baratzean bota, 2-3 egunetan.
              
BAINUAK: Pixabidetako infekzioa badugu, mina arintzeko edo lasaitzeko: 100 gramo azeri-buztan gau guztian utziko dugu bi litro uretan beratzen. Hurrengo goizean, egosi eta 10 minutuz utzi beratzen. Ondo iragazi ondoren, ur hori bainuontzian edo palangana batean bota. Gure giltzurrun zonaldea estali arte ur epela botako dugu. 10-15 minutuz egon ur horretan. 2 egunetik behin edo egin daiteke, mina baretu artean.
              
INFUSIOAK: Ur litroko 30 gramo irakin 15 bat minutuz, eta egunean 2-3 basotxo edan.
             
LANDARE HAUEKIN ERABIL DAITEKE: Kamamila, artzain-zakua, milorria, zolda-belarra, asuna.
                
BITXIKERIA MODUAN: Landare hau oso antzinakoa da, landare primitiboa dela esan daiteke. Badirudi, duela milioika urte, 400 milioi urte, gutxi gorabehera, toki askotan azeri-buztan baso ederrak zeudela.
                 

2 comentarios:

  1. bua k pasada. hainbesterako balixo badau zetako hainbeste pilula! oso interesgarrixe beñat, gauza naturalak ondiño erabilten direla jakittie pozten nau :)

    ResponderEliminar
  2. oso interesgarria posta! ;)

    ResponderEliminar