Aita Barandiaran: euskal antropologo eta etnologo ospetsua

Aita Barandiaran:    euskal antropologo eta etnologo ospetsua

2011-01-02

Osina / Asuna

Ortiga (gaztelaniaz)
Ortie (frantsesez)
                
Nahiz eta guri osin mota bakarra dagoela iruditu, mota asko daude. Sendabelar moduan ezagunenak Urtica dioica eta Urtica urens dira.
Biak propietate berdintsuak dituzte. Dioica urens baino handiagoa da; azken horrek metro bateko altuera ere har dezake eta, hala denean, zurtoin lodikote bat izaten du. Urtica urens-a txikiagoa da beti.
Urtica dioica arrak eta emeak izaten dira, Urtica urens-ak, aldiz, landare berean lore ar eta emeak izaten ditu.
Bai zurtoinean, bai eta hostoetan ere, iletxo batzuk izaten dituzte biek; horiek dira ukitzean erretzen digutenak.
Dioica maiatza-ekaina bitarte loratzen da, eta uda guztian izaten da loretan. Lore hauei esker bereizten da arrak edo emeak diren.
Gure herrian oso ezaguna da, aspaldidanik oso erabilia eta, gainera, erruz dugu. Hau ere sendabelarrik ezagunenetako bat izango dugu, segur aski, beste batzuekin batera.
Urtikazeoen familiakoak dira.
                  
Osina / Asuna
                      
ZERTARAKO ETA NOLA: Gure organismoa ongi mantentzea da bere lanik garrantzitsuena, bereziki, odola, sabela, hesteak, birikak eta giltzurrunak. Horrez gain, beste hainbat arazotan ere oso erabilgarria izan daiteke.
               
Odolaren zirkulazioa hobetzen eta bizkortzen laguntzen du. Odolarekin zerikusia duten arazoetan asko erabiltzen da: odoluzki odoltsuak, barneko eta kanpoko odoljarioak, odol askoko hilekoak… Hainbat gauza egin daitezke, baina kanpoko erabilerarako zukuak edota infusioarekin garbiketak egingo ditugu. Eskukada handi bat osin hartu eta motrailu batean txiki-txiki egin. Ondoren, oihaltxo batean eskuekin ahalik eta zuku gehien atera. Gasa batekin eta zuku horrekin garbiketak egin, eta sudurretik odola badugu sudur zuloan pixka bat sartu. Edateko denean, 40 bat gramo litro bat uretan 15 minutuz-edo egosi, eta edan.
         
Erremineralizantea da; hau da, anemia kasuetan lagungarria da osinak jatea edo infusioak hartzea.
            
Odoleko azukre kantitatea jaisteko gaitasuna duenez, diabetes kasuetan ere lagungarria izan daiteke. Goian aipatu bezala, litro bat uretan 40 bat gramo egosi eta edan. Nolanahi ere, horrelako arazoak edukiz gero (diabetesa, adibidez) hobe da aditu baten aholkuei jarraitzea.
            
Erreuma, okerdura, bihurritze, ziatika eta lunbago arazoak direnean: eskukada bat landare hartu eta ondoeza sumatzen den tokia ondo-ondo kolpatu edota igurtzi. Gero, dena benda, eskuoihal edo zerbaitekin ondo bildu. Berotasun horrek odola mugiarazten du.
               
Ilea ez erortzeko, eta zahia edo ile ahula denean: osinarekin edo erromeroarekin nahasitako xanpua egin daiteke; baita burua garbitzerakoan osin urarekin aklaratu ere.
                
Arnasbideko eta bronkitis arazoetan ere oso erabilgarria da: aurrez aipatutako dosietan har daiteke. Ausartenek bularra eta bizkarra igurzten dituzte. Nahi izanez gero, igurtzi ondoren ur hotza erabili, zertxobait freskatzeko.
               
Larruazalerako ere ona da, ekzema, herpesa, pikorrak eta abar sendatzeko. Infusio bat egin eta gasa batekin dena garbitu. Etxean egiten diren zenbait larruazaleko krematan aurkituko dugu osina.
              
NOIZ ETA NON BILDU: Hostoak dira erabilgarriak. Zelaietan, etxe inguruetan, bide ertzetan, lahar artean, lubakietan, mendian… gizona eta animaliak ibiltzen diren lekuan aurkituko dugu.
               
JAN: Osina jangarria da. Hainbat modutara jan daiteke; beste hainbat barazkirekin nahasita, ziazerba moduan gatza eta olioarekin, kroketa, zopa edo tortillan… Tortillan jan behar badugu, egosi egingo dugu aurrez minutu pare batez. Ura irakiten dagoenean bertara bota, eta eskaldatu ondoren atera. Hori egin eta gero tortilla arrunta egingo dugu. Jateko orduan kontuan hartu ahalik eta hosto goxo, gazte eta ederrenak hartzea.
                
ASUN ZOPA (lau pertsonarentzat): Tipula bat, 2 porru, 2 apio tira, 2 azenario, 100 gramo asun, 100 gramo aza.
Tipula, porruak, apioa, asuna eta aza txikitu, eta 5 minutuz oliba oliotan gorritu. Ondoren, azenario birrindua eta litro bat ur bota. Dena 15 minutuz egosi. Gatza bota.
Aukeran: Pertsona bakoitzaren plater edo katiluan koilarakada bat miso desegin.
             
BITAMINA ZOPA (zopa hau edonorentzat da ona, baina bereziki udaberrian bitaminak behar dituztenentzat, zirkulazio arazoak eta kaltzio falta dutenentzat…): Osin hosto eta muturrak (150 gramo pertsona bakoitzeko), tipula ertain bat, bi baratxuri ale, itsas gatza, oliba olioa, perrexila eta, nahi izanez gero, belar aromatikoren bat ere bota daiteke.
Kazola batean zopa egiteko adina urarekin egosi osinak. Egositakoan, likuatu zopa eginez eta beste belar horiekin aromatizatu. Zartagin batean tipula eta baratxuri txikituak berotu olioarekin, gatza bota eta hori dena zopa dagoen kazolan bota. Nahi izanez gero, platerean ogi xigortua jarri eta bertara zopa bero-beroa bota. Azkenik, perrexil txikitu eta oliba olio pixka batekin bukatu.
           
OSAGAIAK: A eta C bitaminak ditu, bai eta burdina eta fosforoa ere.
                                                       
Asun zopa
                         
ZER EGIN: Osinarekin infusioak, igurtziak, zopak, xanpuak eta abar egin daitezke.
              
INFUSIOAK: Ur litroko 40 gramo osin erabiliko ditugu, eta egunean baso pare bat edan daiteke.
              
OSIN KOLPEAK (erreuma, bihurritze, okerdura…): Osin sorta handi bat hartu eta beharrezkoa den inguru guztia gogotsu kolpatu. Gero, kolpatutako zati hori oihal batekin-edo bildu, bero-bero egon dadin. Hori bi egunetik behin egin, gutxi gorabehera.
               
BELAR HAUEKIN ERABIL DAITEKE: Astalikardoa, txikoria, kamamila, erromeroa, egur-belarra.
                

No hay comentarios:

Publicar un comentario