2010-12-30

Kolesterol gehiegizkoa, loditasuna eta haizeak

Kolesterol gehiegizkoa
                
Onuragarriak: Mediterraneoko dieta: irin osoko ogiak eta bihi osoko laboreak, batez ere oloa, eta lekale lehorrak; koipeki osasungarriak, gehienbat monoinsaturatuak (oliba olioa) eta omega-3 motakoak (arrain urdina: sardina, antxoa, izokina, txitxarroa eta abar). Elikagai antioxidatzaile askoko jangaiak (frutak, barazkiak, fruitu lehorrak) eta flabonoide ugari dutenak (tipula gorriak eta horiak, sagarrak, aza, tea, mahats beltza, muztio beltza, ardo beltza eta kakaoa). Niazina askokoak (B3 bitamina): arraina, kakahueteak, irin osoko ogiak eta bihi osoko laboreak, lekaleak, ahuakatea, esparrago edo zainzuriak eta abar.
             
Kaltegarriak: Koipeki saturatu asko duten jangaiak (gaztak, gurina, esnegaina, hirugiharra, hestebeteak, txerri gantza, mantekatuak, kokoa eta abar). Trans koipeak dituztenak (margarina, gozo industrialak).
          
Beste jakingarri batzuk: Erretzeari utzi behar zaio, eta maiz ariketa fisikoa egin. Bihotz-hodietako gaitzen beste arrisku faktore batzuk ere kontrolatu egin behar dira (diabetesa, loditasuna eta abar). Estresa eta larridura hobeto eramaten ikasi behar da.
                     
Mediterraneoko dietako elikagaiak
                
Loditasuna
           
Onuragarriak: Mediterraneoko elikadura askotariko eta gozoa edo antzekoa izatea (Atlantikokoa, Japoniakoa). Ez geratu lehen platera jan gabe, horixe baita Mediterraneoko dietaren oinarria. Kaloriak neurrian hartu, baina erabateko debekurik gabe. Jan arrain urdina astean hiru aldiz gutxienez, eta hartu kaltzio askoko jangaiak (esneki gaingabetuak edo erdigaingabetuak eta abar). Jan irin osoko ogia eta zuntz naturak askoko jangaiak. Karbohidratoak, gluzemia tasa apalekoak (lekaleak, pasta, fruta). Hobe da egunean lau edo bost otordu txiki egitea.
             
Kaltegarriak: Bizkor argaltzeko elikagai gutxiko dieta mirarizkoak. Orekarik gabeko dietak. Baraualdiak. Edari alkoholdunak, koipeki saturatuak, omega 6 koipeki poliinsaturatuak, trans koipeak. Gluzemia tasa handia duten karbohidrato askoko jangaiak (glukosa, eztia, berahala egiten diren patata pureak, azukrea, gozokiak, ogi zuria, irin zuriz eginiko produktuak eta abar).
            
Beste jakingarri batzuk: Loditasuna gaitz konplexu eta faktore askokoa izan liteke. Bihotz-hodietako gaitzak izateko beste arrisku faktore batzuk baldin badaude (tentsio altua, kolesterola eta abar), kontrolatu beharra dago. Urteetan pisua bat-batean hartzeak eta galtzeak arriskuan jartzen du bizia.
Helburua ez da pisua galtzea, baizik eta pisu egokian irautea, eta horretarako dietek ez dute balio: bizimodua aldatu behar da. Ahaztu gorputzaren perfekzioak eta horrelako obsesioez. Lehentasuna osasunari eman, ez zure irudiari.
Kontua, zer jaten den baino gehiago, zenbat mugitzen zaren da: egunero ariketa fisikoa egin behar da, 45 minutu eta ordubete bitartean arin ibili. Ez erabili ohituragatik autoa, igogailua, eskailera automatikoak eta abar. Larridura, estresa edo autoestimu apala baldin baduzu, egin zerbait.
                    
Loditasuna
              
Haizeak
             
Onuragarriak: Zenbaiten arabera, janaria baratxuriarekin eta jengibrearekin laguntzeak gutxitu egiten ditu haizeak. Tradizio fitoterapikoak dioenez, honako hauek belar karminatiboak dira, hau da, haizeak botatzen laguntzen dutenak: anisa, kuminoa, mihilua, menda –infusioan hartu-.
              
Kaltegarriak: Bitxia da, baina haize gehien sortzen duten jangai guztiak, gainerakoan, oso osasungarriak dira. Hona hemen lekale batzuk, hasi haize gehien sortzen dutenekin eta gutxien ematen dutenekin bukatu: babak, soja, garbantzu edo txitxirioak, babarrunak, dilistak. Hauek ere haizeak sortzen dituzte: gurutzedunak (azak, azaloreak, Bruselazak eta abar), tipulak, orburuak, ahuakateak eta piper berdeak. Laktosa ezin jasanez gero, esneak haize asko du. Hauek haize pixka bat dute: berenjena edo alberjiniak, meloia, sandia edo angurriak, azenarioak, sagar gordinak, bananak. Bikarbonatoak eta beste antiazido batzuek ere sortzen dituzte haizeak.
                  
Beste jakingarri batzuk: Normal-normala da haizeak izatea. Dietan hidratoak eta zuntza dagoen bitartean –eta hori oso osasungarria da-, eta hesteetan bakterio onuragarriak dauden bitartean –hobe dugu horrela segitu-, miraria izango da haizerik ez izatea. Haize gehien sortzen duten jangaiei erreparatzen badiegu, konturatuko gara denak osasungarriak direla. Arazoa mina denean sortzen da. Haize iturri handiena kanpotik datorren airea da; %60 jatean harturiko airea da, eta zenbat eta urduriago egon, orduan eta gehiago irensten dugu. Erretzeak, txiklea mastekatzeak, gozokiak miazkatzeak eta abarrek erraztu egiten dute airea irenstea. Komeni da larridura kontrolatzen ikastea. Haizeak botatzeko, ez da ona denbora asko ahoz gora etzanda egotea. Hona hemen lekaleekin haize gutxiago izateko metodo bat, Ameriketako Estatu Batuetako Nekazaritza Departamentuko Ikerketa Zentroko kimikari Alfred Olson-en arabera:
-Garbitu lekaleak.
-Sartu ur irakinetan, tapatzeko adina justu.
-Uretan eduki 4 eta 12 ordu bitarte, egostea zenbat kostatzen zaien, horren arabera.
-Kendu ura; gero, pasatu ur freskora eta jarri irakiten, eta atera ur gainean geratzen direnak.
                             
Tolosako babarrunak
                  

No hay comentarios:

Publicar un comentario