2011-01-24

Gaixotasunak sendatzeko herritar erak

Gaurkoan azalduko dizuedan informazioa nire amonaren bizipenetan oinarritutakoa da batik bat. Bere aipamenak gure herriko gaixotasunen sendabide eta sendabelarren erabileraren ohituren kontaketak dira. Organismoaren atal bakoitzari dagozkion sendatzeko moduak bildu ditut eta era ordenatuan egituratuta eskaintzen dizkizuet. Halaber, Jose Migel Barandiaran euskal antropologoaren gaixotasunei buruzko liburua erabili dut argibideak gehitzeko.

         
Arnas aparatua

Kukutxeztula
Arnas aparatuarekin zerikusia duten gaixotasunen artean lehenik tosferina da esanguratsuena. Kide batek tosferina (kukutxeztula -txakur-eztul-etik dator- edo kokutuxa) zuela antzematen zen azaleko granoak baldin bazituen. Gaixotasun hau identifikatzean gaixoari beroa ematen zitzaion ohean zegoelarik. Gaixoa egoera honetan mantentzen zen etxean egun batzuetan zehar, ezer berezirik hartu gabe. Jose Migel Barandiaranek bere liburuan azaltzen duen moduan, metodo ezberdinak erabil zitezkeen, karakolen baba edo zukua, gaixoari edateko emanez. Amabirjina belarra ere erabiltzen zen beste kasu batzuetan. Norbaitengan anginak agertuz gero, eztarria olioz garbitzen zen eta ondoren, trapu batez estaltzen zen lepoa. 
             
Katarroa ere maiz agertzen zen familiakoen artean eta horrelako kasuetan, ardo beroa oso sarri erabiltzen zen metodo ona zen eta bestela esne beroa pattarrarekin. Lepoan oihalezko poltsa bat ere jartzen zen barnean gari edo errauts beroa izanik. 
          
Beste batzuetan aldiz, plantio-belarraren infusioak ere hartzen zituzten, katarroa sendatzeko ona baita. Belar ale batzuk uretan irakiten ziren 3 bat minutuz. Enplastuak ere oso erabiliak ziren gaixotasun honetan. Oliba oliotan txikitutako eskukada bat berbena-landare jartzen zen padera batean, erre gabe, baina pixka bat berotuz. Ondoren, arrautzaren zuringoa botatzen zitzaion zartaginera eta bildu egiten zen, tortilla antzekoa eginez. Hori zapi baten gainean ipini, bildu eta minbera zen tokian jartzen zen, ahalik eta beroen. Gehienetan bularrean ipintzen zen edo sinusitisa zegoen lekuan. Jartzen zenean, egun bakoitiz egon behar zuen bertan, hau da, 1-3-5-7 egunez; eta astebete gehienez. Honelaxe kentzen zuten katarroa. Pasmo-belar, mostaza eta kamamilarekin ere sarri egiten zen, prozesu bera jarraituz.

          
Dermatologia

Azaleko gaixotasunen artean lehenik txarranpina (elgorria) dugu, granoak ziren bere sintoma nagusia eta sendabidea, beroa ematea zen, etxean egonez ezer hartu gabe. Beste gaixotasun dermatologiko arrunt bat barizela zen, “viruela loca” gisa ezaguna adinekoen artean. Kasu honetan eria zegoen logelako lanpara estali egiten zen gaixoa ilunpean mantenduz eta argi gorri batez soilik argiturik. Era honetan mina kentzen zela sinesten zen eta ohean bero mantentzeko aholkua egiten zen.
              
Norbaitengan kaliza agertzen zenean, azala baratxuriz igurzten zitzaion eta ondoren baratxuria ezkutatu egiten zuen beste pertsona batek. Beste batzuetan baratxuria erabili ordez txanpon bat maneatzen zen J.M. Barandiaranen arabera. Kaliza txanpon  batez igurtzi ohi zen eta ondoren gutun azal batean sartuta, bide gurutze batean uzten zen, era honetan bertatik pasatzen zen hurrengoak txanpona jasotzen bazuen kalizak sortuko zitzaizkion. Belar batzuez igurtzita ere konpon zitekeen arazoa, horien artean kalitzabelarra, erreka ondoan hazten dena.  
Azaleko zauri arruntentzako tipula erabiltzen zen, azal zaurituaren gainean kokatuz.

            
Ibileragile aparatua
                                                                                                                                    
Espartzua eta adreilua
Gorputzeko edozein tokitan mina zenean alpargata 
zola (espartzua) edo adreilua erabiltzen zen. 
Gehienetan lunbagoa izaten zenean egiten zen, 
bizkar edo alboetako mina sendatzeko hain zuzen 
ere, Barandiaranek idatzi moduan. Alpargata zola 
edo adreilua garbitu eta berotu ostean, zapi batean 
bilduta minberatua zen gorputz atalean kokatzen 
zen eta  bero mantentzen zuen zonalde hori.
         
            
Liseri aparatua

Atal honetako arazoen artean betekada oso arrunta zen. Horrelakoetan aiuta edo “lavativa” bat sartzen zen ipurtzulotik, hau da, ur epela eta olio tanta batzuk. Honek kaka egiteko gogoa eragiten zuen. 
Haizeak ere ohikoak ziren. Haurrak haizeak zituenean anis-aleak ematen zitzaizkion, helduek ordea kamamila hartzen zuten; gerezi-baxa, mertxika edo lizar hostoaz eginiko infusioa ere har zitekeen.
Zizareak izanez gero, kopeta eta eskugainak baratxuriaz igurztea zen sinesmena.

           
Odontologia

Ahoko zauriak sendatzeko iodo tintura deitutakoa erabiltzen zuten, substantzia hori urdina zen eta berari esker bi egun ingurutan desagertzen ziren aho eta ezpainetako zauriak.

         
Zauriak

Azaleko zauriak sendatzeko ohikoena plantaina erabiltzea zen, plantio-belarra, bortzaina edo ardi-mihi-belarra alegia. Landare honen hostoak osorik edo puska txikitan zatituta azaleko irekiduretan jartzen ziren, batez ere oineko behatz artean sortzen zirenetan. Beste batzuetan oin zolako atal minberatuetan  ere jartzen zen plantain hostoa bilduta eta horrela mantentzen zen bizpahiru egunetan, berriz ere normaltasunez ibiltzeko gai izan arte.   
Jose Migel Barandiaranen “Recetas y remedios en la tradición popular vasca” liburuak dio enplastua erabiltzen zela min gehienak kentzeko.
Tipula ere erabiltzen zen azalean sortutako zauriak ixteko.
                      
Zauria eta plantaina

            
Zentzubideak

Belarriko mina izaten zenean olio epelaz bustitako kotoia ipintzen zen belarrian. Ikusmenari dagokionez, “begiak ixten zirenean”  kamamila urez bustitzen ziren, begiek azkura eragiten baitzuten. 
Buruko min kasuetan ozpinez bustitako zapi heze bat ipintzen zen kopetan. Beste erremedio bat odolustua egitea zen, honela odola baretu egiten zen.

         
Zirkulazioa

Presio arteriala jaisteko pasmo-belarra erabiltzen zen.
Osin eta alpiste freskoa hartu eta irakiten zegoen uretan egosten ziren ere tentsioa jaisteko. Ondoren hiru egunez hartzen zen infusio hau eta azkenik, astean behin, tentsioa nolabait normaltzen zen arte.
              

5 comentarios:

  1. Hauek dira sendagairik onenak Beñat! :)

    ResponderEliminar
  2. Ez dakit onenak izango diren, baina nire aitonak erabiltzen zituen eta urte asko bizi izan zen! :)

    ResponderEliminar
  3. Oso interesgarria Beñat! Zenbat dakiten aiton-amonek... :)

    ResponderEliminar
  4. Aiton-amonen jakituria ikaragarria da benetan! =)

    ResponderEliminar
  5. Kaixo Beñat, aspaldikoa da artikulo hau, eta ez dakit galdera hau ikusiko dozun, baina jakin gure nauke, ia "santigituari" buruz zerbait dakizun. Nire amamak egiten zauen.
    Eskerrik asko

    ResponderEliminar