2011-01-22

Esklerosi anizkoitza, hezueria eta psoriasia

Esklerosi anizkoitza
                    
Onuragarriak: Mediterraneoko dieta askotarikoa, astean gutxienez hiru aldiz arrain urdina janez. Koipe monoinsaturatuak: oliba olioa, ahuakatea, fruitu lehorrak (kakahueteak, intxaurrak, hurrak, almendra edo arbendolak eta abar). Nukleoproteinek azido urikoa ekar dezakete, baina asko hartzeak nerbioen mielina babes dezake; azido urikoak peroxinitritoa indargabetzen du, gorputzean sortzen den substantzia bat, toxikoa nerbio sistema zentralarentzat. Arrain urdinak, itsaskiak eta garagar legamiak nukkleoproteina asko dute. Gainera, arrain urdinak omega-3 koipeki antiinflamatorioak ditu, baina arrain handirik ez da jan behar (atuna, hegaluzea eta abar), merkurio asko baitute: pilatuz joaten den metal astun bat da, luzera begira toxikoa. Jogurta, esneki hartzituak eta beste probiotiko fresko batzuk. Substantzia antioxidatzaile askoko jangaiak: barazkiak, frutak, fruitu lehorrak, irin osoko ogiak, bihi osoko laboreak, lekaleak eta abar.
              
Kaltegarriak: Koipeki saturatuak: hirugiharra, hestebeteak, txerri gantza, esnegaina, gurina, gaztak, esneki osoak (gaingabetu gabeak), kokoa, palma olioa. Palma olioa asko erabiltzen dute ontziraturiko gozoak eta beste egiteko, eta etiketan ezkutaturik egoten dira, “landare olio” edo “landare koipe” gisa. Omega-6 koipeki poliinsaturatuak: hazi olioek horrelako asko dituzte; esaterako, ekilorearenak, artoarenak eta abarrek. Trans koipeak (margarina, gozo industrialak). Edari alkoholdunak.
                 
Beste jakingarri batzuk: Beta interferonak on egiten du, eta garrantzitsua da lehenbailehen hartzen hastea. Maiz ariketa fisiko neurritsua egiteak immunitate sistemako defentsak indartzen ditu, eta ahalegin nekagarriak egiteak, aldiz, ahuldu. Fisioterapia. Ez dira komenigarriak muturreko tenperaturak: ez hotz handia eta ez bero handia. Harvardeko Unibertsitateko talde batek egiaztatu du B hepatitisaren kontrako txertoak hiru halakotzen duela esklerosi anizkoitza izateko arriskua (Neurology, 2004ko iraila). Arrasto argi batzuen arabera, badirudi garbitasun gehiegizkoak eta asepsiak esklerosi anizkoitza izateko arriskua handitu dezakeela. Antibiotikorik ez da hartu behar, ezinbestekoa ez bada, behintzat. Eztainu trietilenoa toxikoa da nerbioen mielinarentzat.
                        
Esklerosi anizkoitza
              
Hezueria eta azido urikoa
               
Onuragarriak: Arrautza, esne eta barazkiz osaturiko dieta, zuntz ugarikoa, edo Mediterraneokoa, arrain gutxirekin. Ur asko edatea komeni da –egunean sei basokada- eta ur askoko jangaiak hartzea: frutak, barazkiak, jogurtak eta abar; horri esker, azido urikozko harririk ez da sortuko giltzurrunean.
                
Kaltegarriak: Edari alkoholdunak –baita otorduetan harturik ere-, purina askoko jangaiak (arrain urdinak, barrunbeak, haragi estraktuak, salda, muskuiluak, arrain arrabak, garagar eta torula legamia, haragiak eta arrainak). Omega-6 koipeki poliinsaturatuak, hazi olioetan ugari daudenak (ekilorea, soja, artoa, mahats haziz eginikoa eta abar). C bitamina duten osagarriak. Sodio gutxiko elikadura; ez egin gatzik gabeko dieta, bestela ezin kontrola daitekeen hipertentsioa izanez gero bakarrik.
            
Beste jakingarri batzuk: Egin ariketa fisikoa, maiz eta neurrian, eta kontrolatu pisua, tentsio arteriala eta odoleko kolesterola. Hauek hezueri krisiak ekar ditzakete: betekadak, mozkorraldiak, baraualdiak, traumatismoak, operazio kirurgikoak, ibilaldi luzeak, berun intoxikazioak, aspirina.
           
Eitb-ko Teknopolis saioan 2009.urteko urtarrilaren 14an Hezueriari buruz aritu ziren, bideo honetan ikus daitekeen moduan:
       
                  
                  
Psoriasia
                 
Onuragarriak: Arrain urdina (omega-3 koipekiak). Fruta eta entsaladak, hosto berdekoak. Azido foliko eta B12 bitamina askoko jangaiak (arrautzak, esneki gaingabetuak). Beste koipe osasungarri batzuk: oliba olioa eta fruitu lehorrak –neurrian jan gehiegizko pisua izanez gero-.
            
Kaltegarriak: Koipeki saturatuak (haragiak, hirugiharra, hestebeteak, gaztak eta koipea duten esnekiak, kokoa, gozo industrialak); trans koipeak (margarina eta gozokiak). Omega-6 koipekiak (hazi olioak).
              
Beste jakingarri batzuk: Pisua, estresa, tabakoa eta azaleko lesioak kontrolatu beharra dago. Eguzkiarekin, hobera egiten du, oro har, azal argiko zenbaitengan izan ezik: horiei okerrera egin diezaieke.
           
Eitb-ko Teknopolis saioan 2007.urteko azaroaren 25ean Psoriasiari buruz aritu ziren, bideo honetan ikus daitekeen moduan:
       
 
          

No hay comentarios:

Publicar un comentario