2011-01-10

Pasmo-belarra

Murajes (gaztelaniaz)
Mouron rouge (frantsesez)
                      
Ez da gorantz luzatzen den landare horietakoa, lurretik zabaltzen dena baizik, etzana, herrestaria.
Zurtoin lauangeluarra duen landare txikia da. Gehienez 15 bat zentimetroko altuera har dezake landare honek.
Hosto txiki batzuk izaten ditu, eta horiek bata bestearen pare-parean jaiotzen dira. Hosto horiek zuzenean daude zurtoinari lotuak, hau da, ez dute txortenik. Hostoak eliptikoak dira, eta puntu beltzak dituzte azpian.
Zurtoina eta hostoak jaiotzen diren toki beretik adartxo luze batzuk ateratzen dira, eta horien goiko aldean loreak.
Arrosa-laranja koloreko lore txiki batzuk izaten ditu.
Euskal Herrian oso ezaguna eta erabilia da. Beste zenbaitzuekin batera landarerik ezagunenetako bat da.
Fruitua kapsula biribil bat da.
Primulazeoen familiakoa da. 
                          
Pasmo-belarra
                    
ZERTARAKO ETA NOLA: Ez dugu gure kabuz nolanahi erabiliko, ez ditugu kantitateak gehituko, eta aditu edo sendagile baten agindupean hartu behar da beti, toxikotzat jotzen baita.
Izenak dioen moduan, bere ezaugarri nagusia pasmoa, infekzioa, eta horren ondoren sortutako zornea kentzeko lagungarria izatea da.
               
Oso ezaguna da aspaldidanik. Badirudi garai batean buruko arazoak sendatzeko erabiltzen zela, buruko nahasteak eta malenkonia, besteak beste, baina, toxikoa zela ikusita, debekatzea eta ez erabiltzea erabaki zuten.
                  
Eragin handiko belarra da. Ezin da nahi bezala erabili, ezta tratamendu luzeak egin edota kantitateak gure kabuz handitu. Infusioak hartzeko orduan hobe da jakitun edo sendagile baten aholkuei jarraitzea. Infusioak hartzeko ez dugu egunean bi gramo baino gehiago hartuko, ezta 8-9 egun baino gehiagotan ere. Enplastoetan, berriz, jarraian ez dugu 3 egunean baino gehiagotan jarriko, ezta egunean behin baino gehiagotan ere. Oso beharrezkoa bada, 3 egunean ipini eta astebetez atseden hartuko dugu, berriz jarri baino lehen. Ez dugu sekula haurrekin erabiliko.
               
Katarroa, bronkitisa, flemak eta abar ditugunean, lagungarria izan daiteke. Enplastua egin, eta bularrean jarriko dugu. Infusioak ere har daitezke, baina, esan bezala, jakitun baten agindupean egin behar da tratamendua.
               
Sinusitis kasuan, kopetan edota masailetan jarriko ditugu enplastuak. 3 egunean jar daiteke, eta egunean behin, betiere. Pasmo-belar ukendua egin eta masajeak eman daitezke, inguru guztia ondo igurtziz.
              
Zauri gaiztoturen bat eduki, edo haragian arantza, ezkarda edota bestelakorik sartu izanez gero, garbitzeko edo horiek ateratzeko enplastuak edo ukendua jarri eta bildu.
Eztarriko infekzioa badugu, infusio txiki bat prestatu eta gargarak egingo ditugu.
                     
NOIZ ETA NON BILDU: Zainak izan ezik dena erabiltzen da: loreak, zurtoina eta hostoak. Otsailetik aurrera loratzen da, eta, lekuaren arabera, uda guztian aurki genezake loretan. Urte guztian aurkituko ez dugunez, bildu, eta, ondo lehortu ondoren, ontzietan edo oihaletan jasotzea komeni da. Lehortzeko, zintzilik ipini.
Zelaiak, paretak, bide ertzak, lur landuak, baratzeak, lur maldatsuak eta abar ditu atsegin.
                    
OSAGAIAK: Ez dute gehiegi aztertu pasmo-belarra. Ez dugu liburu askotan aurkitu, ezta lehortua ere, edozein tokitan erosteko moduan. Bi glukosido mota, primaberasa fermentua, ziklamina, fitosterina, taninoak eta abar ditu.
                   
Arrosa-laranja koloredun lorea
                       
ZER EGIN: Infusioak, ukenduak, alkoholak, kataplasmak, tinduak, ardoak eta abar egin daitezke.
               
ALKOHOLA (zauriak garbitu eta behar bezala ixten laguntzeko): 90 graduko litro erdi alkoholetan 20 gramo hosto eta lore beratzen jarri, bi astez gutxi gorabehera. Egunero pixka bat mugitu, dena ondo nahas dadin. Bi asteak pasatutakoan, iragazi eta gorde.
           
ENPLASTUA: 10-15 gramo pasmo-belar landare oliba oliotan pixka bat berotu, erre gabe. Arrautzaren zuringoa bereizi eta hori soilik bota zartaginera. Dena bildu, hau da, tortilla egin eta oihal batean bildu. Behar den tokian jarri, eta hoztu arte utzi.
            
LANDARE HAUEKIN ERABIL DAITEKE: Berbena, pareta-belarra, zaingorria, bostorria.
                
BITXIKERIA MODUAN: Izena latineko anagallis-etik datorkio, eta horrek barre-algara esan nahi du, itxura denez. Animaliek asko dakitenez, ez dute jaten, hil baitaitezke; oiloei, ordea, asko gustatzen omen zaie eta bilatu egiten omen dute. Jaten dutenean, kantari hasten omen dira, hau da, kakaraka.
                

6 comentarios:

  1. Zeinen informazio bikaina. Pentsatzen det liburun batetik ateratakoa izango dela, honela bada esango al zenidake nondik?

    ResponderEliminar
  2. Informazio ederra benetan, ikustetik bakarrik zorabiatu egin naiz eta hobeto sentitzeko 4 zerbeza alkoholarekin edan ditut seginan.
    Orain hobeto nago

    ResponderEliminar
  3. haaaaaaa ba nik 8 zerbeza pringau

    ResponderEliminar
  4. haaaaaaa ba nik 8 zerbeza pringau

    ResponderEliminar
  5. Nekane Martiarenak egindako eta Berriak argitaratutako liburuan dago.

    ResponderEliminar