2011-01-30

Giltzadurak eta afonia

Giltzadurak sano eta minik gabe
                   
Giltzaduretan oinazea sor dezaketen aldagaien zerrenda luzea da. Edonola ere, badira jarraitu beharreko gomendio orokor batzuk, giltzadurak ahalik eta modu onenean zaintzeko.
Asko dira giltzaduretako mina sorraraz dezaketen arrazoiak: artikulazioetako gaitz zahar nahiz berriak, artrosia esaterako, edo baita eguraldi aldaketa bezain hutsalak diruditen baldintzak ere. Baina edozein dela ere minaren kausa, badira beti jarraitu beharreko gomendio orokor batzuk.
             
Min hauek ohikoak dira adineko pertsonetan eta, emakumeen kasuan, gehitu egiten dira menopausiarekin. Arruntagoak dira lan sedentarioak dituzten pertsonetan ere, ez baitaude ariketa fisikoak egitera ohituta. Azkenik, giltzadura berarekin behin eta berriz mugimendu errepikatuak egitera behartzen duten jarduerek ere —kirolek, ordenagailu bidezko lanek eta abar— areagotu egiten dute min artikularra jasateko arriskua.
        
Giltzaduretan molestiak sumatu bezain laster, aurreneko erreakzioa erasandako zona inmobilizatzea da. Neurri hori baliagarria izan daiteke minaren une kritikoan, baina behin mina apur bat arindu ondoren, giltzadura berriro martxan jartzea komeni da, tonu muskularra berreskuratzeko. Hori egin ezean, giharra atrofiatzeko arriskua dago, mina eta mugitu ezina areagotuz.
                
Gorputzeko atal ia guztietan gerta daiteke giltzaduren lesio bat
       
Ibiltzea, kirolik onena
          
Egunean 30 minutuz gutxienez ibiltzeak konta ezin ahala mesede ekarriko dizkigu. Muskuluak indartuz, odol-zirkulazioa bizkortuz eta giltzaduren mugikortasuna hobetuz, molestiak kontrolatzen lagunduko digu. Baina ondo egiteko, beharrezkoa da ibiltzean erritmo konstanteari eustea —erritmo hori moderatua edo gogorra izan daiteke, bakoitzaren sasoi fisikoaren arabera— eta jarrera edo postura egokia hartzea —burua tente eta bizkarra zuzen—. Besoak pausoen erritmoan kulunkatu behar dira, arnasketa kontrolatuz —airea sudurretik hartu eta ahotik bota—eta oinak modu egokian mugituz: aurrena orpoak zapaldu behar du, eta oinaren gainerako zatiek ondoren. Ibiltzeko lur irregularrak saihestea komeni da, horrelakoetan giltzaduren gainkargak etorri baitaitezke.
         
Kirolik egokienak
           
Ibiltzeaz gain beste kirolen bat egin nahi izanez gero, tentuz aukeratzea gomendatuko nizuke, izan ere kirol guztiak ez dira egokiak giltzaduretako minez dagoen pertsonarentzat. Zenbait kasutan, medikuari galdetu beharko diozu, hemen esandakoekin ondo konpontzen ez bazara.
Baina, oro har, uretan egiten diren kirolak dira egokienak, hasi igeriketatik eta aquagym edo uretan egiten den gimnastikaraino. Uretan gorputzaren pisua arindu egiten denez, mugikortasuna hobetu eta lesioen arriskua gutxitzen da. Luzatze ariketak ere oso gomendagarriak dira.
        
Dietaren garrantzia
          
Zenbait ikerketaren arabera, elikadurak eragin handia dauka gure artikulazioen osasunean. Janari azidoetan aberatsegia den jan neurriak giltzaduretako inflamazioa eta mina areagotzen ditu —azido uriko altuegia dutenek ondo dakite horren berri—.
      
Kontuz haragi eta esnekiekin. Janari proteiko guztiek —haragiek, hestebeteek, mariskoek, arrainek, arrautzek eta azukreak bereziki— okerrarazi egiten dute giltzaduretako mina. Horrexegatik, horien kontsumoan gehiegikeriarik ez egitea gomendatzen da. Gatza, alkohola, kafea eta frijituak ere kaltegarriak dira.
         
Fruta eta berdura gehiago. Kontraesana irudi lezake, agian, baina fruta azidoak —zitriko guztiak, esaterako— mesedegarriak egingo zaizkizu min artikularrak baldin badauzkazu, elikagai horiek azidoak neutralizatzen dituzte eta. Berdurak —apioa, perrexila, errefauak, tomatea, letxuga, aza eta azenarioak— ere oso komenigarriak izango zaizkizu mina arintzeko.
          
E bitaminaren laguntza. Ezinbesteko mantenugaia da hezurrak osasuntsu mantentzeko, giltzaduren malgutasuna hobetzen laguntzen duelako. Eta nora joan bitamina horren bila? Labore integraletara, lekale, fruitu lehor eta hosto berdeko berduretara batez ere.
            
        
Minaren kontrako erremedio bizkorrak
             
Krisi-uneetan, aholku hauek molestiak arintzen lagunduko dizute. Baina mina oso gogorra bada, edo mugitu ezinik bazaude, hobe duzu espezialista batengana joatea.
             
Hotza eta beroa, noiz bata eta noiz bestea? Ur oso beroarekin hartutako dutxa edo bainua erremedio ona da mindutako giltzadura bat arintzeko, erasandako atala erlaxatzen laguntzen duelako. Manta elektrikoa edo enplastu beroak ere erabil daitezke. Baina mina lesioren baten ondotik agertzen bada, hobe da hotza aplikatzea —izotz-puskez betetako poltsa bat, esaterako—, inflamazioa gutxitzen duelako.
                  
Masajeak. Erasandako ataleko zirkulazioa bizkortu eta artikulazioa lubrikatzen dute. Baina beti horretan aditua den pertsona baten eskutik.
          
Botikak. Medikuak aginduz gero, anti-inflamatorioak har daitezke, aldi berean mina eta hantura borrokatzeko. Edo horretarako egokia den krema edo pomadaren bat ere erabil daiteke.
          
Infusio lasaitzaileak. Jengibreak giltzaduretako hantura gutxitzen laguntzen du, eta te berdeak, berriz, kartilagoetako mina murrizten du, belauneko minez bazaude batez ere.
           
Minaren kontrako bainuak. Bainuko urari itsasoko gatz eskutada bat —edo gatz larria bestela— gehituz gero, mina nabarmen arinduko zaizu.
          
              
-------------------------------    
           
                
Nola zaindu afonia?
          
Pertsona bat ia ahotsik gabe geratzeko arrazoiak, edo ahotsa erabat erlastu eta zakartzeko arrazoiak asko eta oso diferenteak dira, baina horietan ohikoena ahotsaren erabilera desegokia da: bizkorregi hitz egitea, edo ozenegi bestela, edo hitz egiterakoan jarrera deserosoa, ez zuzena, mantentzea. Eta kausa horien ondorioz, ahots-kordak bortxatu eta gehiegi behartzen dira.
                                                                 
Afonia
                 
Aipatutako arrazoiez gain, estresak, katarro batek, laringitisak edo alergiak, edo bizi-ohitura ez oso osasungarriek ere afonia ekar dezakete, gaixotasunaren molestia guztiekin.
Arazoaren irtenbidea kaltea ekarri duen arrazoiari aurre egitea da, besterik gabe. Afonia puntuala baldin bada, ahotsa behartzeagatik gertatua alegia, aski izango da egun batzuetan gure eztarriari atseden ematearekin. Baina afonia behin eta berriz errepikatzen bada, arrazoia ahotsaren erabilera desegokia izango da seguruenik, eta kasu horietan, ahotsean espezializatua dagoen otorrinolaringologo edo foniatra batengana joatea gomendatzen da, ahotsa erabiltzeko teknika egokia irakats diezagun.
          
Aurreko neurri orokorrez gain, edari hotzak baztertzea komeni da, baita alkohola eta kafeina ere —deshidratatzaileak dira—, eta tabakoaren moduko ohitura desegokiak. Likido beroak edatea komeni da, eztiarekin nahastuta, eta giroa hezetzea. Sendabelarrak ere erabil daitezke —gargarak plantainarekin, kamamila-infusioak, edo ezkaia edabe eta infusio moduan, ahotsa arintzen duelako—.
             
              
Jabier Agirre
berria      
(2011-01-25)

2 comentarios:

  1. kontuten eukikotez giltzadurak jaboteko aholkuek, nire orkatilek nahi baino gehixauten emoteztiez sustotxuek eta...

    ResponderEliminar