Aita Barandiaran: euskal antropologo eta etnologo ospetsua

Aita Barandiaran:    euskal antropologo eta etnologo ospetsua

2010-11-24

Herritar medikuntza zuen eskuragarri

Euskal Herriko herritar medikuntza antzinatik gaurdaino iraun duen usadio zaharretan oinarritutako eta aberastasunez jantziriko sendatze era gogoangarria dugu. Ohitura hauek belaunaldiz belaunaldi igarotako ezagutza, sinesmen eta bizipenak dira, mendez mende garatzen joan direnak eta egun, oraindik, gure lurralde txiki honetan bizirik dirautenak.
                       
Ezagutza horien kasu batzuetan sineskizunak daude oinarrian, beste hainbatean ordea, belaunaldi askoren ondorioz metatu den urrea baino baliagarriagoa den esperientzia. Testu anitzen bidez, horiek guztiak biltzen saiatuko naiz gune honetan, merezi duten garrantzia emanez.
                 
Julio Caro Baroja eta Aita Barandiaran
                      
Herritar medikuntzaren aztura eta ohituretan barrena murgiltzea lortuko duzue, erremedioz, sendabelarrez eta sinesmenez jositako pentsamendu herrikoian barneratuz. Informazio arrunt ezberdina izango duzue eskuragarri txoko honetan: gaixotasunak eta sendabelarrak, eritasunen  sendabide eta sendabelarren erabileraren hainbat ohituren kontaketa, antzinako usadioak, ukenduen osaera, sinesmen medikuntza eta enpirikoa, herri medikuntzaren osatzeko era ezberdinak … 
                           
Adinekoen testigantza batzuetan oinarrituz, gaixotasun ezberdinen aurrean zein modutan jokatzen zuten azalduko dizuet, hau da, horiei aurre egiteko zein metodo erabiltzen zituzten. Horrez gain, ohituretan eta herritar medikuntzaren arlo guztietan erlijioak zuen garrantzia ere ikusi ahal izango duzue eta naturaren fenomenoek eta urteko garai desberdinek erremedioak prestatzerako orduan zuten garrantzia ere.
                                             
Dioscorides-en liburua
Aita Barandiaranen “Recetas y remedios en la tradición popular vasca” liburua izango dut euskarri, gaixotasunei buruz idazterako orduan. Sendabelarrak ere sarri izango ditut hizpide, honetarako idazki batzuk ere aztertuz, besteak beste, Dioscorides mediku grekoaren  azterketetan oinarritutako Pio Font Quer-en “Plantas medicinales: El Dioscórides renovado” deritzona. Azkenik, adiskide batzuen laguntza ere edukiko dut, Euskal Herriko eskualde desberdinetako herritar medikuntza zuenganatzeko. 
                                                                                              
Hainbeste urtetan zehar bizirik mantendu den herritar medikuntzak ez du lekurik jada gure gizarte moderno honetan. Makina bat jakitunen ohitura, sinesmen zein misterio galtzen ari dira haizeak hegan eramango bailitu moduan. Testu hauetan murgildu baino lehen, ziurrenik, apenas jakingo duzue ezer herritar medikuntzaren sekretuei buruz, baina mundu honetan sakonki barneratu eta jarraipen hurbila egin ostean, hausnarketa luze bat egiteko balia dezakezue. 
Plantas medicinales: El Dioscórides renovado



                                                                    
Euskal Herrian eta mundu osoan zehazki, etxeko medikuntza, herritarra, erabat galtzen ari dela iruditzen zait eta hori zeharo tamalgarria dela. Gaur egun, gaixotasun oinarrizkoenak sendatzeko ere, ospitaleetara jotzen dugu segituan, lehen berriz, etxean burutzen ziren egin beharreko tratamenduak, produktu naturalak erabiliz eta ohitura eta sinesmenetan oinarritutako ekintzez gidaturik. Nire aburuz, izugarrizko galpena da herritar medikuntzaren desagerpena, tradizio txit interesgarria baztertzen ari garelako.  Oso ederra da, nire ustez, etxe inguruko sendabelar eta produktuekin gaixo bat sendatzea, sinesmen jakin batzuetan sostengaturik. 
                                                                                                                       
Herritar medikuntzaren desagerpenarekin batera, tratamenduak ere galtzen ari gara eta sendabelar naturalez senda ditzakegun gaixotasunak, jatorri ezezaguneko laborategian sintetizatzen diren hauts zuri batzuez ordezkatzen ditugu. Herritar medikuntzak eskaintzen dizkigun onura naturalak ezin lor ditzakegu laborategiko konprimitu batzuen bidez, beraz, tratamendu zehatz batzuetan, sendabelarrak baliagarri direnean noski, horiek erabiltzea komenigarri dela deritzot. Nire iritziz, kasu batzuetarako hobea zatekeen guk geuk geure kabuz lor ditzakegun sendabideak erabiltzea farmako enpresen produktu garestietara jotzea baino. 
                                             
Kamamila
                                                          
Herritar medikuntzak gaur egungo munduarekin zerikusirik ez duela konturatuko zaretela espero dut eta atal honek zuengan geroz eta interes handiagoa piztea. Honakoa xede izanik, herritar medikuntzaren sakonera murgiltzen lagunduko dizuet. Naturak eskaintzen dizkigun sendabelarren inguruko sekretu eta erremedioak erakusten saiatuko natzaizue, beren erabilgarritasuna frogatuz. Etxeko tratamendu herrikoiei buruzko informazio anitz ere erdietsiko duzue, gaur egungo mundu medikoarekin konparatzerainoko modukoa. Beraz, hauxe da nire nahia: alderdi herrikoia ondo ezagutzea, ulertzea eta bere erabilgarritasuna frogatzea, medikuntza zientifikoarekin alderatzeko eta herritar medikuntzak dauzkan onurak ezagutarazteko.
               

1 comentario:

  1. adiskideen informazioa oso interesgarria izango da seguru, blog-a bezala jaja

    ResponderEliminar