Aita Barandiaran: euskal antropologo eta etnologo ospetsua

Aita Barandiaran:    euskal antropologo eta etnologo ospetsua

2010-12-07

Sendabelarrak

Gizakia gizaki denetik, bere bizimodua hobetzeko inguruan dagoenaz baliatu izan da. Hori dela eta, betidanik erabili izan ditu landareak; hasiera batean elikatzeko bazen ere, gerora, esperientzia bereganatu ahala, gaixotasunak sendatzeko eta gozatzeko ere erabili izan ditu.
                       
Oinazeak sendatzeko sendabelarrak erabiltzea aski zabalduta dagoen ohitura da. Euskal Herrian betidanik erabili izan dira eta, zorionez, belarrak bereizi eta horien ezaugarriak, erabilera eta eraginak ongi ezagutzen dituen jendea badago oraindik. Normalean, dakiten ia guztia gurasoengandik eta inguruko jendearengandik jaso izan dute, nahiz eta belarren ezaugarriak ongi ezagutzeko eskarmentua ere beharrezkotzat jotzen den. 
                  
Gure arbasoek berehala ikasi zuten landare-espezieak bereizten: jangarriak, toxikoak eta gorputzeko gaitzak sendatzeko onak zirenak. Ezagumendu hori ez zen egun batetik bestera lortu. Hasiera batean, landareen erabilera senezkoa izan zen eta ondorioz, esperientziak erakutsi zien sendabelar bakoitzaren eragina. Bestalde, animaliekiko zuten jakin-mina zela eta (jakin-min hori gerora elikagai gisa baliatzeko eta menperatze-nahi bihurtu zen), horiek zer eta zertarako jaten zuten behatu ohi zuten eta horien trebakuntza bereganatuz joan ziren. Beraz, hasierako senezko ezagutza hori, gerora, esperientzian eta behaketan oinarritutako jakinduria izatera pasatu zen, nahiz eta artean sendabelarren eragina azaltzen jakin ez.
                        
Sendabelarren inguruko ezagutza mendeetan zehar belaunaldiz belaunaldi transmititu izan da; hasiera batean ahoz (horrek dituen ondorioekin) eta gero idatziz. Ahozko komunikazioa zela eta, hainbat akats sortu ziren eta idazteak akatsak saihesten lagundu zuen. Beraz, idazkera asmatu zenean, landareen deskribapenak eta horiek erabiltzeko moduak idatziz agertu ziren eta horrela iraun dute gaur egun arte.             
                     
Hala ere, hasierako idazki horietan akats asko dago; garai haietan, belarrak sailkatzeko ezaugarri morfologikoak baino ez ziren kontuan hartzen, gaur egun ezagutzen den sistematika oraindik garatu gabe baitzegoen. Gainera, belar asko izen herrikoia erabiliz sailkatzen zen eta horrek, askotan lagungarri bazen ere, nahastea sortzen zuen. Adibidez, espezie berari bi izendapen eman izan zaizkio (Laurus nobilisari erramu eta ereinotz deitu izan zaio) edota izen bera bi espezie desberdin izendatzeko erabili izan da (adibidez, Digitalis purpurea eta Aquilejia vulgaris espezieei kukupraka deitu izan zaie). 
                 
Nolanahi ere, sendabelarren sailkapen eta erabilera askok gaur arte iraun dute eraginkorrak direlako, nahiz eta orduko metodoak, esan bezala, garatu gabekoak izan. Gaur egun ere, arazo franko dugu landareak sailkatzeko eta ezagutzen ez ditugun landare-espezieak ere asko dira oraindik.
                                                         
                       
Landareak sailkatu ondoren, kimikoki analizatu ziren, beren osagaiak eta konposatu aktiboak zeintzuk ziren jakiteko. Sendabelarren eragina ez dago hostoetan edo enborretan, landareak berak ekoiztutako konposatu kimikoetan baizik (hala nola, alkaloide, glukosido, saponina, terpeno, tanino, etab.etan). Gizakia, horretaz konturatu zenean, konposatu horien analogoak kimikoki ekoizten saiatu zen. 
                  
Hala ere, kontutan hartu behar dugu sendabelarretatik lortutako hainbat substantziak eta bere analogo sintetikoek efektu desberdinak izan ditzaketela. Gainera, landare bakoitzak sortutako osagai-kopurua oso zabala da eta, askotan, ezin dira kimikoki sintetizatu. 
                        
Landare batzuek zenbait gaixotasun sendatzen laguntzen duten osagaiak dituztela ukaezina da eta, kasu askotan, farmazia-industriako sendagaiek landareetatik ateratako osagai aktiboak dituzte. Izatez, gaur egun erabiltzen diren farmazia-produktuen erdiak iturri naturaletatik lortzen dira. Agian, adibide ezagunena aspirina da, jatorriz sahatsaren azalean eta hostoetan dagoen osagaia baita. Bayer farmazia-industriak aspirina merkaturatu aurretik, mina arintzeko eta sukarra jaisteko, sahatsaren zati horiek egosi eta belar-ur moduan hartzen ziren hainbat tokitan. Beste adibide bat kina zuhaitzetik lortzen den kinina da, gaur egun ere malariaren aurka herrialde askotan erabiltzen dena. Orain, HIESa, alzheimerra eta minbizia bezalako gaitz larri eta zabalduen aurkako borrokan, mundu osoko ikertzaileek iturri naturaletara jo dute, irtenbidea landareetan edo animalietan egon daitekeelako.
                         
Hala ere, hainbat sendagilerentzat landare bidezko sendabideak oso arriskutsuak dira eta farmazia-produktuak hobesten dituzte. Sendagile horiek diotenez, farmazia-produktuetako osagaien kontzentrazioak ondo neurtuta daude eta, horrela, gaixoari ematen zaion kantitatea zehatz-mehatz ezagutzen da. Bestetik, sendabelar gehienetan, osagai aktiboa besterik ez da identifikatu. Horregatik, litekeena da ezagutzen ez diren osagaien artean, batzuek osagai aktiboaren aurkako eragina izatea eta, beraz, sendatzeko prozesua eragoztea edo albo-ondorio kaltegarriak sortzea. Horretaz aparte, sarritan entzuten da gai naturalek ez dutela kalterik eragiten. Alabaina, hori gezurtatzen duten landare toxiko eta hilgarri asko daude. 
                       
Farmazia-produktuak egiteko behar dituzten osagai aktibo batzuk landareetatik ateratzen dituztenez eta beren biltze-sistema dela eta, kasu batzuetan hainbat landare desagertze bidean daude edota landare horien dibertsitate genetikoa urritu dute. Naturaren farmazia ez da agortezina. 
              
Naturak eskaintzen digun aukera miresgarri hau ez dezagun hondatzen utzi, gaitz asko landare-espezieak hobeto aztertuz eta ezagutuz senda baitaitezke.
                  

2010-12-04

Santiritu

Zaintiratuak sendatzeko teknika

Nahi gabeko okerdurak eta kolpeak maiztasun handiz gertatzen dira gorputzeko gune jakinetan, baita horren ondorioz sortutako lesioak ere. Holakoetan, zaintiratu edo bihurrituei buruz hitz egiten dugu. Okerdurak lotailu, tendoi edo muskulu batek, kolpe edo zapasalto baten ondorioz, berezkoa ez duen higidura egitean agertzen dira: lotailuak edo tendoiak bere ardatzarekiko biraketa egiten du eta lesioa gertatzen da. 
                                                
Orkatilako okerdurak bereziki sarriak izaten dira: erorketa baten ondorioz edo orkatilaren giltzadura bere posizio normaletik ateratzen duen indar baten eraginez ager daitezke. Orkatilako bihurrituak, normalean, kirola egitean, egokiak ez diren oinetakoak erabiltzean eta gune malkartsu batean korrika egitean agertzen dira. Zaintiratuak orkatilaren ahultasunaren ondorio bezala ere ager daitezke, pertsona batzuek jaiotzen diren unetik pairatzen duten egoera, hain zuzen. Aurretiaz orkatilan edo oinean izandako bihurrituek eta lesioek ere eragin handia izaten dute, orkatilaren ahultzea ekartzen baitute.

Okerdura hauek orkatilaren giltzaduran parte hartzen duten hezurrak elkartuta mantentzen dituzten lotailuetako lesioak izaten dira. Kasu horietan, lotailuek albo batetik besterako mugimenduak mugatzean giltzadurari eman ohi dioten oreka galdu egiten da. Zaintiratu bakoitzaren garrantzia lotailuaren lesioaren araberakoa da: lotailua luzatuta, partzialki apurtuta edo guztiz apurtuta egon daiteke. Kaltetutako lotailu kopuruak ere zeresana dauka zartaduran: askoz larriagoa da lotailu bat baino gehiago kaltetzean. 

Agertzen diren sintomen intentsitatea ere kaltearen araberakoa da. Sintoma horiek, orokorrean, honako hauek izaten dira: mina, hantura, hematoma, oinez ibiltzeko zailtasuna eta giltzaduraren gogortasuna. 

Gaur egun, bihurrituak osatzeko antzeko tratamenduetara jotzen dugu beti: hasiera bateko gelditasuna eta izotza jartzea, orkatila tinko mantenduko duen igeltsua ipintzea, mina gutxitzeko botikak hartzea (hanturaren aurkako antiinflamatorioak, adibidez)  eta errehabilitazioa, hots, mugimendua berreskuratzeko eta orkatila indartzeko balio duten ariketak egitea.

Okerdurak tratatzeko modu gehiago ere badaude, ordea. Urte askotan zehar irabazitako konfiantza eta ospeari esker, gaurdaino iraun duen eta oso ezaguna den teknika herrikoia da horren adibide, Santiritu, alegia.

Santiritu burutzeko pausuak desberdinak izan daitezke osagilearen arabera. Jarraian dagoen deskribapena Karmele izeneko Bermeoko petrikiloak kontatutakoan eta erakutsitakoan oinarrituta dago. Santiritu teknikaren oinarriak dituzue hauek.


Metodoaren nondik norakoak

Santiritu zaintiratuak sendatzeko erremedio herrikoia da. Sendatze-teknika honetarako belar batzuekin prestatutako olioa eta ardi artilezko galtzerdia behar dira. Halaber, sendabideak arrakasta izateko, osagai horiekin ez da nahikoa, dohaina ere beharrezkoa da, honetarako jaioa izatea alegia.
                        
Santiritu orkatilan, besoan edo sorbaldan egin daiteke, eta pertsona nagusi zein umeentzako tratamendua da. Bihurritua egindakoan, Santiritu ahalik eta arinen egitea komeni da, askoz arinago osatuko baita lesioa.                        
                                          
Belar-olioa eta ardi artilezko galtzerdia
                       
“ Hasi aurretik, aitagurea egin behar da hiru aldiz. Otoitz batzuk egin ostean, Ave Maria errezatzen da.
Ardi artilezko galtzerdia eskuetan hartu eta gorputzeko minberatutako aldean gurutzeak irudikatzen dira galtzerdiaren bidez. Herri batzuetan, artilea erabiltzea lesioa jostearekin parekatzen da, sinbolikoa den ekintza moduan. 
                                   
Galtzerdiaz gurutzea egin                                                        Eskuetan olioa eman
                              
Errezuekin eta bitartean egiten diren gurutzeekin amaitu ondoren, kaltetutako aldea (sarritan orkatila) igurtzi egiten da. Aldez aurretik belar batzuekin prestatutako olioa ematen da eskuetan eta tendoia bilatzeari ekiten zaio. Prozesua tendoia aurkitu arte burutzen da: gurutzeak egin eta igurtzi. 
                             
Galtzerdiaz igurtzi                                          Minberatutako tendoia aurkitu
                  
Tendoia aurkitutakoan, orkatilan kolpe bat ematen da, osagileak tendoia non dagoen dakienaren seinale.   
Amaitzeko, berriz ere gurutze batzuk egin eta azkenengo aldiz igurzten da orkatila. ”  
                                   
Normalean, Santiritu hiru aldiz egiten da. Burutzen den bakoitzean, atsedena eman behar zaio kaltetutako guneari (orkatila lotu daiteke). Kaltea nahiko handia bada, astebeteko atsedena hartu behar da eta orduan berriz ere hiru aldiz egin eta atseden hartu. Kaltearen arabera, tratamendua behin eta berriz errepikatzen da.
                   



                
Eskerrik asko Mikel Etxebarria, Leire Gonzalez eta Janire Ibarguengoitia
                 

2010-12-01

Mikel Laboa Manzisidor

Euskal kantari eta musikagile gipuzkoarra 
(Donostia, 1934-2008).
                            
Mikel Laboa 1934ko ekainaren 15ean jaio zen Donostiako Alde Zaharrean. Aditu askoren ustez XX.mendeko euskal abeslari esperimentatzaile, ezagun eta eraginkorrenetarikoa izan zen, bere oihartzuna gure mugetatik kanpora ere zabaldu zuena.
                                                         
Mikel Laboa
                                               
Haurra zela, Gerra Zibila hasi orduko, familiak alde egin behar izan zuen: aitak, udaleko zinegotzia zenak, Frantzia aldera jo zuen; ama eta zazpi seme-alabak, berriz, Lekeitiora eta han egin zituzten urte batzuk. Herri horretatik ikusi zituen Mikelek Gernika bonbardatzera abiadan zetozen abioi alemanak. Urte askoren buruan, oroitzapen horiekin “Gernika” kanta osatuko zuen. Donostiara itzuli eta batxilergoa amaituta medikuntza ikastea erabaki zuen. 1953an ekin zien ikasketei. Madril, Iruñea eta Zaragozan ibili ostean, haur-neuropsikiatrian espezializatu zen Bartzelonan.
                                                    
Medikua ofizioz, betidanik izan zuen musikarako zaletasuna. Jendaurreko lehen saioa 1958an egin zuen Iruñeko Gaiarre antzokian: gaztelaniazko eta frantsesezko kantagile ospetsuen kantak abestu zituen. Hala ere, Mikel Laboak euskal kantari bezala egindako ibilbidearen hasiera 1962an koka daiteke Zaragozan, hara joan baitzen medikuntza ikasketak bukatzera 1962-63 bitartean, Donostian bere familiaren etxean bi urtez gaixoturik egon eta gero. Hiri hartako Argensola Antzokian eman zuen lehen kantaldia euskaraz, ikasle euskaldunek antolatutako jaialdi batean, eta euskal herri-kanta zaharrez osatu zuen errepertorioa (O Pello, Pello; Bereterretxen kanthoria …), Euskal Herriko toki gehienetan artean ezezagunak baziren ere.
                                       
Ez Dok Amairu taldea
                                               
1962an medikuntza ikasketak amaitu zituen Zaragozan, handik Bartzelonara joan zen espezialitatea egitera eta hantxe ezagutu zuen Nova Canço deritzon musika mugimendua. Urte horietan Iparraldeko herri musikak interes handia sortu zion eta bere gustukoak zituen Atahualpa, Violeta Parra eta Hego Amerikako beste hainbat kantari entzuten zituen zentsurari iruzur eginez; horiekin batera Iparraldeko Michel Labeguerieren kantak ere bai. 1964an grabatu zuen lehen disko txikia. Nova Cançok liluratuta, Euskal Herrira itzuli zen antzeko zerbait eratzeko asmoarekin. Horrela sortu zen “Ez Dok Amairu” taldea (1965-72) Mikel Laboa eta beste hainbat euskal kantari, musikari eta artistari esker, euskal musika tradizionala aztertu eta gaurkotzeko asmoz.
                                         
“Ez Dok Amairu” desegin zenean, Artze anaiak eta Jose Mari Zabalarekin jarraitu zuen Mikelek eta Artze anaiekin batera Baga-Biga-Higa ikuskizuna (1969-70), Ikimilikiliklik (1974) eta antzeko ikuskizunak eratu zituen. Gero Bertolt Brecht musikatzen hasi zen. 1966an 2.disko txikia grabatu zuen (herri-kantak eta Gabriel Arestiren poemak) eta 3.a (B. Brecht-en poemak) eta 4.a (Haika mutil) 1969an. Geroztik musika eta kanta berrizale eta esperimentalak landu zituen, hitz- eta hots-jokoetan oinarriturik, baina herri-kantei loturik betiere. Kanta esperimental hauek disko askotan tartekatu zituen “Lekeitio” izenaz. Herri kanta eta bertso zaharrak ere landu zituen eta poeta garaikideen testuak musikatu maiz, Xabier Lete, Bernardo Atxaga eta Joseba Sarrionaindiarenak batez ere. 
                           
Lekeitioak
                                                          
1974an argitaratu zuen lehen disko luzea eta bikoitza, Bat-Hiru, jada euskal ereserki bihurtu diren hainbat kantekin (bereziki Txoria txori), eta ondoren Parisen eta Londresen jo zuen, besteak beste. Ondoren, aldaketak egin zituen bere musikan eta jazz musikaz lan egin zuen Iñaki Salvador pianista eta jazz-musikariarekin 1984az geroztik, grabazio, moldaketa eta kantaldietan bere laguntza izanik. 1980an bigarren disko bikoitza, Lau-Bost, kaleratu zuen, eta bost urte geroago Sei izenekoa. Herri kantak (Bentara noa, Gaztetasuna eta zahartasuna), atzerriko zein euskal olerkarien poema musikatuak (Ihesa zilegi balitz, Lizardi, Sorterriko koblak) eta kantu esperimentalak (Itsasoa eta lehorra), hiru arlo horiek jorratu zituen Laboak, hiruretan maisu-lana burutuz.
                                                
Euskal kantaririk enblematikoena den hau Donostiako San Miguel patronatuko Haurrentzako Neuropsikiatria Unitatean mediku lanean ibili zen ia 20 urtez, eta kantagintzan aldi berean. Donostiako Orfeoiarekin disko bat ere argitaratu zuen. Haren lanetan, bada bitxikeria bat: disko guztiak zenbatuak daude, 1etik 17raino, baina 13rik gabe, “Ez Dok Amairu” taldearen omenez.
                                      
      
                            
Euskal kantaririk maitatuena, kuttunena eta miretsiena izan zen beharbada, xarma berezia baitzerion pertsona zein musikari gisa. Aurreko belaunaldikoek izugarri preziatzen zuten, eta musika egiten duten belaunaldi berriek (rock taldeek barne), eragin gisa aitortu izan dute. Euskal Herrian ez ezik, kanpoan ere prestigioa eta errespetua bereganatu zituen Laboak. 
                                                                  
Bob Dylan estatubatuarrak Zurriola hondartzan 2006ko uztailean emandako kontzertuaren aurretik aritu zen Mikel Laboa publiko aurrean kantari azkeneko aldiz. Azkenik, gaixotasun luze baten ostean, osasunez makal luzaro ibili ondoren, 2008ko abenduaren 1ean hil zen 74 urte zituela, Donostian, Gipuzkoako Foru Aldundiak Gipuzkoako Urrezko Domina eman behar zion urte berean. Donostiako udalak, bere aldetik, hiriko urrezko domina eman dio.